Egitura arazleetan, hots, (1) bezalakoetan, arazi deritzogu mendeko predikatuaren subjektuari. Egitura hauetan, perpaus nagusiko subjektuak, arazle deritzonak, mendeko predikatuak adierazten duen ekintza eginarazten dio araziari.
(1) | Zu | etorrarazi/etorri eragin | zaituzte |
zu.ABS | etor.CAUS.PTCP | 2ABS.edun.3PL.ERG |
(1) adibidean, hirugarren pertsonako arazle inplizitu bat dago, aditz laguntzailearekin hirugarren pertsona pluraleko ergatibo komunztadura erakusten duena, alegia. Bestalde, arazia bigarren pertsona singularreko zu izenordaina da eta mendeko predikatua, aldiz, etorri. Hala, adibide hauetan, hirugarren pertsonako arazle inplizitu batek arazia etortzea eragiten du.
Kapitulu honetan, mendeko predikatu inakusatiboa (hala nola etorri) duten egitura arazleei erreparatuko diegu; zehazki, egitura hauetako arazien kasu markaketak erakusten duen aldakortasun dialektalari.
(1)eko adibideak erakusten duenez, eredu orokorrean, arazi inakusatiboak absolutiboarekin markatzen dira. Hain zuzen, bigarren pertsonako izenordainak absolutibo kasu marka erakusten du. Aldiz, hizkera batzuek arazi inakusatiboen datibo markatzea lehenesten dute (2) (Deustuko Hizkuntzalaritza Mintegia 1989: 99-107; Ortiz de Urbina 2003b: 596–8; Fernández eta Ortiz de Urbina 2010: 22, 29; Odria 2017: 84):
(2) | Zuri | etorrarazi/etorri eragin | dizute |
zu.DAT | etor.CAUS.PTCP | edun.2DAT.3PL.ERG |
(1) eta (2)ko egituren banaketa dialektala Ortiz de Urbinak (2003b: 596) aipatzen du, baita Odriak (2017: 84) ere. Oro har, ekialdeko hizkeretan absolutiboz markatzen dira arazi inakusatiboak, eredu orokorrarekin bat etorriz (1). Mendebaleko hizkeretan, berriz, arazia datiboz markatu ohi da egitura hauetan (2), bizkaieraz bereziki.
Datu-basean jasotako emaitzak aurreko atalean aipatutako banaketa dialektalarekin bat datoz. Absolutiboz markatutako araziak (1) ekialdean aurki ditzakegu, hala nola Iparraldeko hizkera guztietan (Ziburu, Larresoro, Oragarre eta Urdiñarbe). Horrez gain, Nafarroa ekialdeko (Orbaizeta), erdialdeko (Imotz) zein hego-mendebaleko (Arbizu) aldaeretan ere (1)eko egiturak ageri dira.
Aldiz, Ortiz de Urbinak (2003b) aipatu bezalaxe, datiboz markatutako araziak (2) mendebaleko hizkeretan aurki daitezke, Bizkaia osoko hizkeretan eta Gipuzkoa eta Nafarroako mendebaleko aldaeretan, hain zuzen. (2)ko eredua are ekialderago ere lekukotu da, zehazki Nafarroako iparraldeko eta ekialdeko hizkera batzuetan, Goizueta, Baztan eta Erroibarren, kasu.
Gipuzkoako ipar-ekialdean, bi egiturak bata bestearengandik hurbil aurki daitezke: Irunen eta Hernanin arazi absolutiboa lekukotu da; Errenterian, aldiz, datiboz markatutakoa.
Deustuko Hizkuntzalaritza Mintegia. 1989. «Inkorporazioa perpaus kausatiboetan». In Pello Salaburu (eds.), Sintaxi teoria eta euskara. VII. Udako Ikastaroak. Donostia: UPV/EHU. 87-119.
Fernández, Beatriz and Jon Ortiz de Urbina. 2010. Datiboa hiztegian. Bilbo: UPV/EHU.
Odria, Ane. 2017. Differential Object Marking and datives in Basque syntax. Ph.D. diss., UPV/EHU.
Ortiz de Urbina, Jon. 2003b. «Causatives». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 592-607.