i.17. Zenbait aditz inergatibotako subjektu absolutiboak: borrokatu naiz (v dut )
Egilea: Ane Berro
Nola aipatu: Berro, Ane. (2022). Zenbait aditz inergatibotako subjektu absolutiboak: borrokatu naiz (v dut ). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=1&e=1&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
i. Kasu eta komunztadura
Deskribapena

Euskara hizkuntza ergatiboa da morfologikoki (Levin 1983; Ortiz de Urbina 1989). Hala, subjektuak mi multzotan bereizten dira kasu eta komunztadura markapenaren arabera; perpaus iragankorren subjektuek ergatibo kasua erakusten dute eta ergatibo komunztadura aditz laguntzailean (1); perpaus iragangaitzen subjektuek, aldiz, ergatibo ala absolutibo kasu markak erakuts ditzakete perpauseko aditzaren arabera (2) (3), Ergatibo markapena jasotzen dutenean, *edun aditz laguntzailea hautatzen da (3); absolutibo markapena jasotzen dutenenan, berriz, izan aditz laguntzailea (2).

(1) Nik liburua erosi dut
ni.ERG liburu.ABS erosi.PTCP edun.1ERG
(2) Ni etorri naiz
ni.ABS etorri.PTCP izan.1ABS

Eredu orokorrean eta, nagusiki, mendebaleko eta erdialdeko euskalkietan, aditz inergatiboen subjektuak ergatiboz markatzen dira eta, aldiz, subjektu inakusatiboak absolutiboz.

(3) Nik borrokatu / borroka egin dut
ni.ERG borroka.PTCP / borroka egin.PTCP (3ABS).edun.1SG.ERG

Zenbait euskalkitan, ordea, esanahiaren aldetik aditz inergatibo gisa sailkatu litezkeen aditz batzuek absolutibo kasua erakusten dute subjektuan eta absolutibo komunztadura izan aditz laguntzailean (Oihartzabal 1992; Fernández 1997; Aldai 2006, 2009; Albizu 2009; Berro 2010, 2012; Berro eta Etxepare 2017; Pineda eta Berro 2020).

(4) Ni borrokatu naiz
ni.ABS borrokatu.PTCP izan.1SG.ABS

Inakusatiboak alde batera, konfigurazio hori –absolutibo markapena eta izan aditz laguntzailearen hautaketa– bakarrik gertatzen da hitz bakarreko aditz inergatiboetan (ez dago, beraz, izen + egin itxurako inergatiboetan), eta nagusiki borondatezko ekintzak adierazten dituzten aditzetan aurkitzen dugu, hala nola, otordu aditzetan (bazkaldu), komunikazio aditzetan (mintzatu), eta bizidunen jarduerak (jostatu) eta mugitzeko moduak (dantzatu) adierazten dituzten aditzetan. Bestelako aditz iragangaitz batzuk, esate baterako estimulu isurtze aditzak (dirdiratu), bizigabeen mugitzeko modua (kurritu) eta iraupena (berandu) adierazten duten aditzak, ergatibo subjektuarekin eta *edun aditz laguntzailearekin batera agertzen dira, mendebaleko eta erdialdeko aldaeretan bezala (Berro 2010, 2012; Berro eta Etxepare 2017).

Banaketa dialektala

Aldakortasun horren berri hainbat dialektologia lanetan jaso da, batez ere otordu aditzei erreferentzia eginez. Esate baterako, Zuazok (2008: 161) ekialdeko berrikuntzen ezaugarrien artean zerrendatu du afaldu, bazkaldu eta askaldu otordu aditzak absolutibo subjektuaz jokatzea. Bere esanetan, horrela egiten da Zuberoa eta Uztaritzeko eskualdea bitartean; bestalde, Lapurdiko hego-mendebalean ergatibo subjektua daraman konfigurazioa da nagusi haren arabera. Bestetik, EHHAk afaldu zira adibidea jaso du Zuberoan, Behe Nafarro gehienean eta Lapurdiko ekialdean. Zehatzago, Caminok (2016: 368) Amiküzen ematen du erabilera horren berri, eta nafar-lapurtarraren bi azpieuskalkien tarteko hizkera batean, Larresoron, otordu aditzak bi modutara erabil daitezkeela adierazi du Epeldek (2004: 178).

Datu-basearen emaitzak

Euskara Bariazioan (BiV) datu-basean borrokatu aditzaren aldakortasuna jaso da. Oro har, absolutibo subjektua eta izan aditz laguntzailea (4) daraman konfigurazioa ohikoagoa da ipar-ekialdeko hizkeretan: Oragarren, Larresoron, Ziburun, Orbaitzetan eta Baztanen. Nolanahi ere, erdialdeko hizkera zenbaitetan ere baiezko erantzuna jaso da (Errenterian eta Beizaman), baita tarteko hizkera batean ere (Imotzen).

Aipamenak

Albizu, Pablo. 2009. «Euskararen kasu-sistema ergatiboa ala ergatiboak? Ergatibotasunaren azterketa dialektologiko baterako lehen urratsak». Lapurdum 13: 7-29.

Aldai, Gontzal. 2006. «Is Basque morphologically ergative? The semantic split-intransitive case marking system of Western Basque». In Beatriz Fernandez and Itziar Laka (eds.), Andolin Gogoan. Essays in honour of Professor Eguzkitza. Leioa: UPV/EHU. 117-138.

Aldai, Gontzal. 2009. «Euskararen kasu markaketaren aldakortasun dialektala». In Beatriz Fernández, Pablo Albizu and Ricardo Etxepare (eds.), Euskara eta euskarak: aldakortasun sintaktikoa aztergai. [Supplements of the International Journal of Basque Linguistics and Philology (ASJU), LII]. Donostia: UPV/EHU and Gipuzkoako Foru Aldundia. 5-19.

Berro, Ane and Ricardo Etxepare. 2017. «Ergativity in Basque». In Jessica Coon, Lisa M.Travis and Diane Massam (eds.), The Oxford Handbook of Ergativity. New York: Oxford University Press.

Berro, Ane. 2010. Unergative Predicates in Basque Varieties: Consequences for the Ergative Case Assignment. DEA research work, UPV/EHU. [Available in the Internet: http://www.ehu.eus/seg/ media/morf/5/12/2/1/sak/aneberrotesia.pdf]

Berro, Ane. 2012. «Three Levels of Root Insertion in Basque Intransitive Verbs». In Ernestina Carrilho and Beatriz Fernández (eds.), Journal of Portuguese Linguistics. Special Issue, 11-1. Lisboa: Ediçoes Colibrí-Universidade de Lisboa. 7-22.

Camino, Iñaki. 2016. Amiküze eskualdeko heskuara. Iruña / Bilbo: Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia.

Fernández, Beatriz. 1997. Egiturazko kasuaren erkaketa euskaraz. Bilbo: UPV/EHU.

Ortiz de Urbina, Jon. 1989. Parameters in the grammar of Basque. Dordrecht: Foris.

Oyharçabal, Beñat. 1992. «Structural case and inherent case marking: Ergaccusativity in Basque». Supplements of the International Journal of Basque Linguistics and Philology (ASJU), XXVII. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. 309-342.

Pineda, Anna and Ane Berro. 2020. «Hybrid intransitives in Basque». Glossa: a journal of general linguistics, 5(1), 22.

Zuazo, Koldo. 2008. Euskalkiak, euskararen dialektoak. Donostia: Elkar.