i.1. Numero komunztadura: -z non-nahi
i. Kasu eta komunztadura
Deskribapena

Euskaraz, ergatibo, absolutibo eta datiboz markatutako argumentuek numero komunztadura eragiten dute. 3. pertsonako argumentu absolutiboen kasuan, gainera, pluralgilea da argumentuak aditz inflexioan eragiten duen ageriko komunztadura marka bakarra.

Euskarak hainbat pluralgile ditu absolutibo argumentuen numero plurala markatzeko: -z (doa/doaz), -z- (daukagu/dauzkagu), -zki- (diogu/dizkiogu), -tza (dabil/dabiltza), -it- (dugu/ditugu), edota -de (dago/daude) (Hualde 2003b, 2016). Eredu orokor honen adierazle dira, beraz, honako aditz formak:

(1a) daude
(3ABS).egon.PL
(1b) dakartza
(3ABS).ekar.PL.3ERG
(1c) etorri zaizkio
etor.PTCP (3ABS).izan.PL.APPL.3SG.DAT
(1d) eman dizkio
eman.PTCP (3ABS).edun.PL.APPL.3SG.DAT.3ERG

Zenbait euskal hizkeratan, ordea, pluralgile aukera zabal hori erabili beharrean, -z pluralgilea agertzen da non-nahi. Hala, goiko daude (1a), dakartza (1b), etorri zaizkio (1c) edota eman dizkio (1d) adizkien partez, dagoz (2a), dakarz (2b), etorri jakoz (2c) edota emon deutsoz (2d) bezalakoak erabiltzen dira.

(2a) dagoz
(3ABS).egon.PL
(2b) dakarz
(3ABS).ekar.PL.3ERG
(2c) etorri jakoz
etor.PTCP (3ABS).izan.APPL.3SG.DAT.PL
(2d) emon deutsoz
eman.ptcp (3ABS).edutsi.APPL.3SG.DAT.3ERg.PL

Horrez gain, hizkera batzuetan forma iragankorretako *edun aditz laguntzailearekin ere azaltzen da -z pluralgilea. Hizkera hauetan, ikusi ditut edo ikusi ditu beharrean ikusi dodaz (3a) edota ikusi dauz (3b) bezalakoak erabiltzen dira. Hona hemen zenbait adibide:

(3a) ikusi dodaz
ikus.PTCP (3ABS).edun.1SG.ERG.PL
(3b) ikusi dauz
ikus.PTCP (3ABS).edun.3ERG.PL

(4a) ikusi ditut
ikus.PTCP (3ABS).PL.edun.1SG.ERG
(4b) ikusi ditu
ikus.PTCP (3ABS).PL.edun.3ERG
Banaketa dialektala

tEuskara batuan -z pluralgilea 3. pertsonako absolutibo argumentuaren pluraltasuna adierazteko erabiltzen da. Datibodun adizkietan (ditrantsitibo zein iragangaitzetan) -ki- morfemaren –aplikatibo edo aurredatibo deitu izan zaiona (Hualde 2003b: 211)–  aurretik agertzen da -zki- forma sortuz: dizkigu, zaizkigu. Pluralgile hau ergatiboa 3. pertsonako plurala denean agertzen da besteak beste (dituzte).

Mendebaleko euskaran, ordea, -z pluralgilea euskara batuan baino testuinguru gehiagotan agertzen da, orokortu eta gainerako pluralgileen lekua hartuaz (Hualde 2003b, 2016; Zuazo 2006, 2014, 2017). (5) adibide-multzoan ikus daitekeenez, hizkera hauetan -z pluralgileak lapurterazko -tza- edo gipuzkerazko -zki- pluralgileen lekua hartzen du (Hualde 2003b: 240–241):

(5a) dakarzkit (G) / dakartzat (L) / dakardaz (B)
(3ABS).ekar.PL.1SG.ERG / (3ABS).ekar.PL.1SG.ERG / (3ABS).ekar.PL.1SG.ERG
(5b) daramazkit (G) / daramatzat (L) / daroadaz (B)
(3ABS).eraman.PL.1SG.ERG / (3ABS).ekar.PL.1SG.ERG / (3ABS).ekar.PL.1SG.ERG
(5c) dakizkit (G) / dakitzat (L) / dakidaz (B)
(3ABS).jakin.PL.1SG.ERG / (3ABS).jakin.PL.1SG.ERG / (3ABS).jakin.PL.1SG.ERG

Zuazok (2014, 2017) dioenez, -z pluralgilearen hedapena mendebaleko euskararen aspaldiko ­berrikuntza da, Araba osora hedatu zena, eta denborarekin gero eta indartsuagoa egin  dena. Ez dira gutxi pluralgile honekin osatzen diren adizkiak (Zuazo 2017: 136). (2), (3) eta (5)-ko adibideekin batera aurki ditzakegu baita dostez ‘dizkit’, jakoz ’zaizkio’, doguz ‘ditugu’, dagoz ‘daude’, dekoz ‘dauzka’ edo leikez ‘daitezke’ ere (Zuazo 2014: 94). Horrez gain, hizkera batzuetan izan-en adizkiek ere -z hartzen dute berez pluralgilerik  behar ez denean ere (Zuazo 2017: 30). Horren adibide dira (6)-ko aditz formak:

(6a) dires ‘dira’
(3ABS).izan.PL.PL
(6b) gintzesan / giñasen ‘ginen’
1PL.ABS.izan.PL.PST / 1PL.ABS.izan.PL.PST
(6c) sintzesan/siñasen ‘zinen’
2ABS.izan.PL.PST / 2ABS.izan.PL.PST

Halaber, aipatzekoak dira adizki iragankorretan -z pluralgilea gehituta sortutako pluralgile bikoitzeko egiturak ere. (7)-ko aditz formak, adibidez, (3a) eta (3b)-koen kideko izango lirateke. Batean zein bestean -z pluralgilea erabiltzen da, baina (3)-ko adibideetan -z da adizkiak erakusten duen pluralgile bakarra, eta (7)-koetan -z eta -it-, bi pluralgile agertzen dira aditz forma berean. Horrenbestez, hizkera hauetan -it- pluralgilearen balioa galdu egin dela esan dezakegu, berau agertzen denean ere -z pluralgilea gehitzearen beharra ikusten baitute hiztunek.

(7a) ditudas ‘ditut’
(3ABS).pl.edun.1sg.ERG.PL
(7b) ditus ‘ditu’
(3ABS).PL.edun.(3SG.ERG).PL

Antzeko zerbait gertatzen da -tza pluralgilearekin ere, izan aditzaz gain baita ibili-rekin ere. Zuazok (2017: 30) dioenez, Uribe Kostan, Txorierri gehienean –Leioa eta Zamudio artean–, Mungialdeko hizkera batzuetan –Mungia, Meñaka, Bakio, Gamiz-Fika–, Nerbioi ibarrean eta itsasbazterreko beste herri batzuetan (Bermeo, Lekeitio) geratzen da. Ikus, esate baterako, (8)-ko adibideak:

(8a) gabiltzes ‘gabiltza’
1Pl.ABS.ibil.PL
(8b) sabiltzes ‘zabiltza’
2ABS.ibil.PL

Esan bezala, -z pluralgilearen nagusitasuna mendebaleko euskalkiaren ezaugarria da, Bizkaiko eta Deba Ibarreko hizkerez gain, Arabako lekukoetan ere aurkitzen dena (Zuazo 2017: 31). Halaxe jaso izan dute euskarari zein euskal dialektologiari buruzko lan orokorrek ez ezik (Hualde 2003b, 2016; Zuazo 2006, 2014, 2017), baita herri hizkeren gaineko deskribapenek ere –ikus, besteak beste, Hualde, Elordieta eta Elordieta (1994) Lekeitioko euskararako, Sarasua, Agirrebeña eta Zenarruzabeitia (2005) Eibarkorako eta Makazaga (2009) Elgoibarkorako–.

Hala, mendebaleko euskalkia gainerako euskalkietatik bereizten duen ezaugarria izanik, fenomenoaren muga mendebaleko eta erdialdeko euskalkien arteko tarteko hizkeretan aurkitzen da, Debabarreneko Mutrikun, Mendaron, eta bereziki, Elgoibarren (Zuazo 2006; Makazaga 2009). Muga horren adierazle da Debabarreneko hizkerek pluralgileen erabilerari dagokionez erakusten duten aldakortasuna. Makazagak (2009: 473) azaltzen duenez, Debabarreneko hizkera batzuek mendebaleko euskalkiari eusten badiote ere, beste batzuek erdialdeko euskalkirantz jotzen dute. Eibarko, Elgoibarko, Mendaroko eta hein batean Mutrikuko hizkerak dira -z pluralgilea erabiltzeko joera erakusten dutenak. Debako hizkerak, berriz, alderdi honetan ere erdialdeko euskalkiarekin egiten du bat. Horrez gain, mendebaleko euskalkian kokatzen den Eibarko hizkerak pluralgile aukera txikiagoa erakusten du Elgoibarko, Mendaroko, Mutrikuko eta Debako hizkeren aldean. Makazagak (2009: 468) dioenez, beraz, tarteko hizkeratzat hartu ohi den Elgoibarko hizkerak mugatzen du pluralgileen auzia. Elgoibarren mendebalean baino pluralgile aukera zabalagoa dago, -z plural markarekin batera, -it- mendebaleko hizkeretan baino gehiago erabiltzen baita, baita daude/daure ere. Bestalde, kilometro gutxira egon arren, Eibarren -z da erabiltzen den pluralgile ia bakarra. Dena dela, mendebalerago kokatzen diren beste hizkera batzuekin alderatuz, Eibarren -z pluralgiledun dozuz edota doguz bezalako adizkiekin batera agertzen dira -it- pluralgiledun dittuzu edota dittugu ere (Sarasua, Agirrebeña eta Zenarruzabeitia 2005: 233–234). Horrez gain, Elgoibarren bezala, Eibarren ere badira -it- eta -z pluralgileak batzen dituzten forma pleonastikoak: dittuzuz, nittuazen, nittukez, jittuaraz, giñazen, diraz, garaz... (Zuazo 2006: 85). Hona hemen Sarasua eta bestek (2005: 235) jasotako bi adibide. (9a) adibidean plural bikoizketa ikus dezakegu, -it- eta -z, biak agertzen dira nittuazen adizkian. (9b) adibidean, berriz, -z pluralgilea dagoeneko pluralekoa den 1. pertsonako absolutibozko g- morfemari gehitzen zaio.

(9a) Eibarrera bueltau nitzanian ez nittuazen
Eibar.ALL buelta.PTCP 1SG.ABS.izan.PST.COMP ez 1SG.ERG.PL.edun.PL.PST
kaliak ezautzen
kaleak.ABS ezagutu.IPFV
(9b) Gu han refujiauak giñazen
gu.ABS han errefuxiatuak.ABS 1PL.ABS.izan.PL.PST

Aipatzekoa da, orobat, mugako hizkerak izanik, Eibarren eta Elgoibarren adizki bakarrean ikus daitezkeela mendebaleko eta erdialdeko euskalkien ezaugarriak. Mendebaleko hizkera gehientsuenetan ez bezala, hizkera hauetan erdialdean nagusitzen den  -i- erroa erabiltzen da forma ditrantsitiboetan erroa, ez mendebaleko -ts-. Hala ere, erdialdean ez bezala adizki ditrantsitiboei -z pluralgilea eransten zaie dioz ‘dizkio’, diazuz ‘dizkidazu’ edota niozen ‘nizkion’ bezalako formak sortuz. Debabarreneko bereizgarri dira aditz forma hauek (Zuazo 2006: 86).

Zuazok (2006: 136–137) berak ere aipatzen du Debabarrenean ez dela mendebalean bezainbestekoa -z pluralgilearen nagusitasuna. Hizkera hauetan egon-en adizkietako -de (>-r: gare ‘gaude’, dare ‘daude’) oso zabalduta dagoela azaltzen du Zuazok. Horrez gain, Deba Ibarraz ari dela, Bergara eta Antzuolako hizkerak -z pluralgilea nagusitzen den eremutik kanpo daudela azaltzen du (Zuazo 2006: 136).

Datu-basearen emaitzak

Datu-baseak argi erakusten du -z pluralgilearen orokortzea mendebaleko euskalkiaren ezaugarria dela eta Debabarrenean dagoela, hain zuzen ere, fenomenoaren muga. (2a) eta (2c) formak, adibidez, Bergaratik eta Azpeititik (biak barne) ekialdera ez dira lekukotzen –bai, ordea, Elgoibarren–. (2b) eta (2d) berriz, Bergaratik eta Elgoibartik (biak barne) ekialdera ere ez –(2d)-ren lekuan Elgoibarren dioz erabiltzen da (Makazaga 2009: 475). Zuazok (2006) eta Makazagak (2009) esandakoarekin bat egiten du, beraz, datu-baseak. Horrez gain, Zuazok (2006: 136) dioen bezala, mendebaleko euskalkian kokatzen den arren, Bergarako –eta Antzuolako– hizkerak alderdi honetan erdialdeko hizkerek bezala jokatzen duela ikus daiteke datu-basean jasotako erantzunetan.

Bestalde, azpi-hizkera eredua oraindik eta mendebalekoagoa dela erakusten du BiV datu-baseak. Kasu honetan, (3a) Aramaiotik, Bergaratik eta Elgoibartik (hirurak barne) ekialdera ez da jasotzen, eta (3b) Aramaiotik eta Mallabitik (biak barne) ekialdera ere ez. Hortaz, BiVn jasotako erantzunak bat datoz herri hizkeren deskribapenek eta dialektologia lan orokorragoek erakutsi izan dutenarekin.

Aipamenak

Hualde, José Ignacio, Gorka Elordieta and Arantzazu Elordieta. 1994. The Basque dialect of Lekeitio. Bilbo and Donostia: PV/EHU and Gipuzkoako Foru Aldundia. Supplements of the International Journal of Basque Philology ASJU 34.

Hualde, José Ignacio. 2003b. «Non-finite Forms». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 196-246.

Hualde, José Ignacio. 2016. «On Basque dialects». In Beatriz Fernández and Jon Ortiz de Urbina (eds.), Microparameters in the grammar of Basque. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 15-36.

Makazaga, Jesus Mari. 2009. Elgoibarko euskara. Ph.D. diss., UPV/EHU.

Sarasua, Asier, Aintzane Agirrebeña and Leire Zenarruzabeitia. 2005. Eibarko euskara. Gure hizketaren doinu eta berbak. Eibar: Eibarko Udala.

Zuazo, Koldo. 2006. Deba ibarreko euskara. Dialektologia eta tokiko batua. Badihardugu Euskara Elkartea.

Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.

Zuazo. Koldo. 2017. Mendebaleko euskara. Donostia: Elkar.