i.5. Numero komunztadura: -it egitura ditrantsitiboetan (v -zki) 
Egilea: Ane Odria
Nola aipatu: Odria, Ane. (2022). Numero komunztadura: -it egitura ditrantsitiboetan (v -zki) . In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=1&e=11&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
i. Kasu eta komunztadura
Deskribapena

Euskal argumentuek numero komunztadura eragiten dute. Forma irangakorretan, osagarri absolutiboaren pluralgiilea -it- da. Osagarri plurala duten forma ditrantsitiboak, ordea, dizkiogu erakoak dira, -zki- pluralgiledunak, alegia.

(1a) Zuk liburuak ekarri dituzu
zu.erg liburuak.abs ekar.ptcp (3abs).pl.edun.2sg.erg
(1b) Zuk Joni liburuak ekarri dizkiozu
zu.erg Jon.dat liburuak.abs ekar.ptcp (3abs).edun.pl.appl.3sg.dat.2sg.erg

Hainbat euskal hizkeratan, ordea, -it- pluralgilea erabiltzen da adizki iragankorretan ez ezik ditrantsitiboetan ere (Zuazo 2014: 54, 61, 64, 118).

(2) Zuk Joni liburuak ekarri ditiozu
zu.erg Jon.dat liburuak.abs ekar.ptcp (3abs).edun.pl.appl.3sg.dat.2sg.erg
Banaketa dialektala

Euskal Herriko erdigunean nagusitzen den -zki- pluralgilearen ordez, adizki ditrantsiboetan -it- pluralgilea erabiltzen da euskara nafarrean zein erdialdeko euskararen sortaldeko azpi-euskalkian. Zuazok (2014: 61, 118) dioenez, euskara nafarraren eremu zabalean erabiltzen da -it- pluralgilea adizki ditrantsitiboetan; ditit ‘dizkit’, ditio ‘dizkio’ edota nition ‘nizkion’ bezalako adizkiak entzuten dira bertan. Nafarroako Araitz-Betelun, Larraun ibarreko mendebalean, Basaburu Txikiko mendebalean, Etxarri-Aranatzen eta Ergoienan, berriz, -zki- pluralgilea erabiltzen da. Bortzirietan eta Burundan ere -zki- erabiltzen da, baina ez adizki guztietan (Zuazo 2014: 118) –ikus baita Apalauza (2008: 91)–.

Erdialdeko euskalkiaren sortaldeko azpi-euskalkiari dagokionez, Larraungo ekialdea, Basaburua eta Imotzen lekukotzen da fenomenoa. Nafarroaz gain, Gipuzkoako ipar-ekialdean ere entzun daitezke era honetako adizkiak, nahiz eta azken urteotan desagertzen ari den. Gaur egun, Hondarribian bakarrik dago indarrean fenomenoa (Zuazo 2014: 54, 61). Hona hemen Sagarzazuk (2005: 76) Hondarribiko euskaran jasotako bi adibide:

(3a) ekárri nitijón ‘ekarri nizkion’
(3b) emán ttjót ‘eman dizkiot’

Sagarzazuk dioenez, Irunen ere lekukotzen da -it- pluralgilea adizki ditrantsitiboetan, baina -zki- morfema gailentzen ari da.

Datu-basearen emaitzak

Datubasean ikus daitekeenez, egitura ditrantsitiboetan -it- pluralgilearen erabilera euskara nafarraren ezaugarria da bereziki, nahiz eta erdialdeko euskaran ere aurkitu dugun halakorik. Euskara nafarrari dagokionez, Arizkun (Baztan), Goizueta eta Mezkiritzen (Erroibar) aurki ditzakegu -it- pluralgiledun adizki ditrantsitiboak. Erdialdeko euskaran, berriz, Etxalekun (Imotz). Horrez gain, Azpeitian (Gipuzkoan) ere gertatzen da fenomeno hau.

Eztabaida teorikoa

Egitura ditrantsitiboetan -it- pluralgilearen erabilera ez da oso aspaldiko berrikuntza eta euskara nafarraren erdialde eta mendebal gehienean zabaldu da, Imotzen, Basaburuan, Basaburu Txiki iparraldean eta Larraungo ekialdean. Ez, ordea, Burundan, Ergoienan eta Etxarri Aranatzen. Baztanen ere ez da oso fenomeno indartsua. Gipuzkoako ipar-ekialdean ere entzun daiteke, nahiz eta azkenaldian galtzen ari den fenomenoa izan. Eremu honetan, Hondarribian iraun du fenomenoak (Zuazo 2013: 73).

Aipamenak

Apalauza, Amaia. 2008. «Nafarroako ipar-mendebaleko euskara: Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu». FLV 107. 63-104.

Sagarzazu, Txomin. 2005. Hondarribiko eta Irungo euskara. Irun: Alberdania

Zuazo, Koldo. 2013. The dialects of Basque. Reno: University of Nevada.

Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.