Euskaraz lehenaldiko aditz jokatuetan z- morfema azaltzen da absolutiboa 3. pertsonakoa denean. Inakusatiboetako subjektuekin (1a) eta osagarri zuzenekin (1b, 2a, 2b) gertatzen da hau, bata zein bestea markatzen baitira absolutiboz.
(1a) | Jon | hondartzan | zegoen |
Jon.ABS | hondartza.INE | (3ABS).egon.PST |
(1b) | Jonek | surf-ohola | zekarren |
Jon.ERG | surf-ohola.ABS | (3ABS).ekar.(3ERG).PST |
(2a) | Jonek | surf-ohola | ekarri | zuen |
Jon.ERG | surf-ohola.ABS | ekar.PTCP | (3ABS).edun.(3ERG).PST |
(2b) | Jonek | surf-ohola | ekarri | zidan |
Jon.ERG | surf-ohola.ABS | ekar.PTCP | (3ABS).(edun).APPL.1SG.DAT.(3ERG).PST |
Mendebaleko hizkeretan, aldiz, 3. pertsonako absolultibodun adizkietan Ø- dago, eta ez z- (Zuazo 2014: 94, 2017: 30; Hualde 2016).
(3a) | Jon | hondartzan | egoan |
Jon.ABS | hondartza.INE | (3ABS).egon.PST |
(3b) | Jonek | surf-ohola | ekarern |
Jon.ERG | surf-ohola.ABS | (3ABS).ekar.(3ERG).PST |
(4a) | Jonek | surf-ohola | ekarri | eban |
Jon.ERG | surf-ohola.ABS | ekar.PTCP | (3ABS).edun.(3ERG).PST |
(4b) | Jonek | surf-ohola | ekarri | eustan |
Jon.ERG | surf-ohola.ABS | ekar.PTCP | (3ABS).(edun).APPL.1SG.DAT.(3ERG).PST |
Erdialdeko eta ekialdeko hizkeretan ez bezala, mendebaleko hizkeretan oro har absolutiboa 3. pertsonakoa denean Ø- agertzen da iraganaldiko adizki gehienetan, ez z- orokorra: eban ‘zuen’, otsun ‘zizun’, euken ‘zeukan/zeukaten’, ekien ‘zekien/zekiten’, etorren ‘zetorren’, etozen ‘zetozen’... (Zuazo 2014: 94).
Mendebaleko euskararen beste hainbat ezaugarrirekin gertatzen den bezala, Arabako lekuko batzuetan ere agertzen da iraganaldiko adizkietan Ø- absolutiboa 3. pertsonakoa denean, baita z- ere. Morfema biak agertzen dira Deba Ibarrean ere (Zuazo 2006: 85). Deba Ibarreko Debabarrenean, Bergaran eta Antzuolan, esaterako, z- dago 3. pertsonako absolutibodun iraganaldiko adizkietan, erdialdeko euskalkian bezala. Dena dela, Zuazok (2017: 30) azaltzen duenez, leku guztietan ez da betikoa z- morfemaren erabilera. Antzuolan, esate baterako, gaur egun z- nagusitzen bada ere, XVII. mendearen amaieran Ø- erabiltzen zen: eban ‘zuen’, ebeen ‘zuten’, euskun ‘zigun’, eukan ‘zeukan’... XIX. mendearen erdialderako, ordea, z- gailendu zela adierazten du Zuazok. Bergara ere mendebaleko eta erdialdeko hizkeren artean kokatzen da, Ø-rekin batera z- ere erabiltzen baita (Badihardugu 2006): eban/zeban, etorren/zetorren, otsan/zotsan... Adineko hiztunen artean Ø- oso arrunta bada ere, z-dun formak nagusitzen ari dira gaur egun. Dena dela, aditz forma batzuk beti entzun dira z-rekin: zan, zittuan, ziharduan... Deba Ibarreko gainerako alderdietan ere z-/Ø- lehia ageri da; adinez nagusienek Ø- darabilte eta gazteenek z- (Zuazo 2006: 85). Ermuan, Elgetan eta Bergarako zenbait auzotan eutsi zaio ondoen mendebaleko ezaugarriari, baina herri hauetan ere z- zabaldu da hiztun gazteenen artean.
Mendebaleko eta erdialdeko euskalkien artean kokatzen denez, Debabarrenean aurkitzen dugu oraingoan ere fenomenoaren muga dialektala, Eibar eta Elgoibar artean hain zuzen ere –Eibar mendebaleko euskalkian kokatzen da; Elgoibarren, ostera, mendebaleko eta erdialdeko euskalkien tarteko hizkera erabiltzen da–. Makazagak (2009: 151) dioenez, Elgoibarren z- erabiltzen da beti. Eibartik mendebalera, ostera, Ø-. Hona hemen Makazagak (2009: 151) ematen dituen zenbait adibide:
(5a) | eguan (Eibartik mendebalera) | vs. | zauan (Elgoibar) |
(5b) | eban (Eibartik mendebalera) | vs. | zaban/zauan (Elgoibar) |
(5c) | ekarren (Eibartik mendebalera) | vs. | zekarren/zakarren (Elgoibar) |
(5d) | esan etsan (Eibartik mendebalera) | vs. | esan zion (Elgoibar) |
Aipatzekoa da, halaber, Bizkaiko hizkera batzuetan ere z- erabiltzen dela *edun-en absolutiboa 3. pertsonako singularra denean ere: seuen/sauen ‘zuen’, seurien/saurien ‘zuten’. Gehienbat Busturialdeko, Mungialdeko eta Txorierriko alderdi batzuetan eta Galdakaon entzuten dira halakoak, hiztun gazteen artean batez ere (Zuazo 2017: 30).
Azkenik, kontuan hartzekoa da mendebalean Ø- morfemaren erabilera ez dela iraganaldiko *edun erroaren adizki guztietara hedatzen. 3. pertsonako osagarri absolutiboa plurala denean, adibidez, z- agertu ohi da: zittuan, zittun... Era berean, izan aditzaren lehenaldiko formetan ere z- agertzen da, Ø- morfemarekin alternantziarik egin gabe. Zuazok (2006: 85) gaineratzen duenez, beste aditz batzuen lehenaldiko formetan ere mantentzen da z- mendebaleko euskaran: izan (zan ‘zen’, zinan ‘zinen’), jardun (ziharduan ‘ziharduen’, ziharduen ‘ziharduten’), iruditu (zirudixan ‘zirudien’, zirudixen ‘ziruditen’),..
Datu-basean ikus daitekeenez, lehenaldiko aditz jokatuko 3. pertsonako absolutiboa Ø- izatea mendebaleko ezaugarria da argi eta garbi. Mendebaleko hizkera guztietan lekukotzen da fenomenoa: Aramaio, Artea, Bergara, Gernika, Getxo, Lekeitio, Loiu, Mallabia, Mungia, Otxandio.
Espero izatekoa den moduan, fenomenoa ez da lekukotzen erdialdeko euskaran (Azpeitia, Beizama, Errenteria, Etxaleku (Imotz), Hernani, Irun, Itsasondo), euskara nafarrean (Arbizu, Arizkun (Baztan), Goizueta, Mezkiritz (Erroibar), Orbaizeta, Urdiain), nafar-lapurtarrean (Larresoro, Oragarre, Ziburu) eta zuberotarrean (Urdiñarbe).
Badihardugu Deba Ibarreko Euskara Elkartea. 2006. Deba Ibarreko aditz taulak (3). Bergara, Debaerdikoa. Eibar: Badihardugu.
Hualde, José Ignacio. 2016. «On Basque dialects». In Beatriz Fernández and Jon Ortiz de Urbina (eds.), Microparameters in the grammar of Basque. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 15-36.
Makazaga, Jesus Mari. 2009. Elgoibarko euskara. Ph.D. diss., UPV/EHU.
Zuazo, Koldo. 2006. Deba ibarreko euskara. Dialektologia eta tokiko batua. Badihardugu Euskara Elkartea.
Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.
Zuazo. Koldo. 2017. Mendebaleko euskara. Donostia: Elkar.