i.18. Eduki eta jakin-en adizki sintetiko datibodunak: dekotzu, dakitzu
Egilea: Itziar Mendizabal
Nola aipatu: Mendizabal, Itziar. (2022). Eduki eta jakin-en adizki sintetiko datibodunak: dekotzu, dakitzu. In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=1&e=15&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
i. Kasu eta komunztadura
Deskribapena

Euskarazko aditz batzuek adizki sintetikoak dituzte (Euskaltzaindia 1979, 1997, 2021; Holmer eta Abrahamson 1968; Hualde et al. 2003; de Rijk 2008). Iragangaitzen artean izan, etorri, ibili edota egon aipa genitzake; eta iragankorren artean, berriz, eduki, *edun, egin, ikusi edota eraman. Aditz horien adizkietan absolutibo komunztadura marka egoten da (1), baita ergatiboarena ere aditz iragankorren kasuan –(1c) eta (1d)–. Komunztadura marka horiez gain, datibo komunztadura ere gehitu daiteke, -(k)i- atzizkiaren eta horren ondoren txertatzen den komunztadura datiboaren markapenaren bidez (Hualde et al. 2003), aditz iragangaitz (1b) zein iragankorretan (1d). Oro har, euskara batuan eta euskalki askotan, eduki eta jakin salbuespena dira horri dagokionez, ez baitute datibo komunztadura erakusten (Euskaltzaindia 1997; Holmer eta Abrahamson 1968; Hualde et al. 2003).

(1a) Laguna etxera dator
laguna.ABS etxe.ALL (3ABS).etorri
(1b) Laguna etxera datorkit
laguna.ABS etxe.ALL (3ABS).etorri.APPL.1DAT
(1c) Nik liburua daramat
ni.ERG liburu.ABS (3ABS).eraman.1SG.ERG
(1d) Nik liburua daramakizut
ni.ERG liburu.ABS (3ABS).eraman.APPL.2DAT.1SG.ERG.

Adizki sintetikoak dituztenen artean eduki eta jakin aditz iragankorrek -(k)i morfema erakusten dute haien partizipioetan (i.e. edu-ki, ja-ki-n). Nolanahi ere den, -(k)i duten beste aditz batzuen kasuan ez bezala, e.g. atxiki edo jarraiki (2a), eduki eta jakin partizipioen -(k)i morfemak beharbada ez du zerikusirik datibo komunztadurarekin harremanetan dagoen -(k)i morfema sintaktikoarekin, eduki eta jakin-ek ez baitute datibo argumenturik hautatzen eredu orokorrean, (2b) adibidean ikus daitekeen bezala. Ondorioz, -(k)i izuna dutela esan liteke (Fernández 2013).

(2a) Sinesmenari baino gehiago maitasunari datxekio fede mota hori
(Fernández 2013: 6)
sinesmen.DAT baino gehiago maitasun.DAT (3ABS).atxiki.APPL.3DAT fede mota hori.ABS
(2b) Zer maila dauka musikak arteetan? (Fernández 2013: 7)
zer maila.ABS (3ABS).eduki.3SG.ERG musika.ERG arte.PL.INE

Beraz, esan genezake oro har jakin eta eduki-ren adizki sintetikoek ez dutela datibo komunztadurarik izaten. Nolanahi ere, mendebaleko hizkera batzuetan, bi aditzok datibo komunztadurarekin batera ikus ditzakegu forma sintetikoan (3):

(3a) Belarriko mine dekotzu, Mari (Lezama, Gaminde 2006)
belarriko mina.ABS (3ABS).eduki.APPL.2DAT.3ERG Mari
(3b) Erresue ba ta, nik dakitzut (Mungia, Gaminde 2006)
errezua ba eta ni.ERG (3ABS).jakin.APPL.2DAT.1SG.ERG
(3c) Nik entzute dekotzet, e, gurean amari te, ui! (Derio, Gaminde et al. 2005)
ni.ERG entzun.RES (3ABS).eduki.APPL.3PL.DAT.3SG.ERG eh gure.INE ama.DAT eta ui

Datibo komunztaduraren erabilera hori mintzakidearekiko begirunea edo hurbiltasuna adierazteko erabiltzen da (Fernández 2013; Gaminde 2007); baita sarritasuna adierazteko ere (Gaminde 2007). Hualde et al.-en (2003) hitzetan, berriz, datiboak alderdi interesdunari (interested party ingelesez) egin diezaioke erreferentzia.

Banaketa dialektala

Oro har, mendebaleko hizkeraren ezaugarritzat hartzen da aipatutako datibo komunztaduraren erabilera hori (Azkue 1925; Gaminde 2007; Zuazo 1988) baina Zuazok (1988) ez du uste edun eta jakin-en adizki sintetiko datibodunak mendebaldeko ezaugarri bereizgarria direnik. Azken finean, euskara nafarrean ere jaso izan da bereizgarri hori (Azkue 1925; Gaminde 2007; Zuazo 1988); zehazki, hego-sartaldeko azpieuskalkian eta Burundako eta Basaburuako tarteko hizkeretan (Zuazo 2014).

Datu-basearen emaitzak

Datu-basean (3a) adibidea Artean, Gernikan, Getxon, Lekeition, Loiun eta Mungian lekukotzen da, eta (3c)-koa aurretik aipatutako herrietan ez ezik, Otxandion ere bai. (3b), berriz, Gernika, Loiu, Mungia eta Errenterian jaso da. Bizkaiko lekukotzak bat datoz beste autore batzuek (Azkue 1925; Gaminde 2007; Zuazo 1988) jaso dituzten datuekin, baina Errenteriakoa jasotzea espero den eremutik kanpo dago. Errenterian ipar-sortaldeko tarteko hizkera darabiltenez (Zuazo 2014), pentsa liteke ezaugarri hau euskara nafarretik hedatu dela Errenteriara, baina herri bakarreko lekukotza ez da nahikoa ondorio horretara heltzeko; are gutxiago Nafarroa inguruan ere ez bada (3b) adibidea jaso.

Eztabaida teorikoa

Datibo komunztadura duten jakin eta eduki-ren adizki sintetikoen (3a) eta (3b) adibideetan ez da ageriko argumentu datiborik ageri. Halako adibideei azalpena eman nahian, de Rijkek (2008) dio euskarak ez duela datibo argumentua adierazteko beharrik, aditzeko komunztadura marka nahikoa baita hiztuna haren presentziaz jabetu dadin. Nolanahi ere, Fernándezek (2013) bestela uste du: haren hitzetan, (3a) eta (3b) adibideetako eduki eta jakin-en adizki sintetikoen datibo markek ez diete erreferentzia egiten argumentu izaera duten datibo determinatzaile sintagmei, datibo horiek ez baitute aditzak adierazitako gertaeran parte hartzen. Haren ustez, datibo komunztaduraz adierazten direnak datibo etikoak dira, eta izaera horrekin lotuta egongo litzateke datiboa determinatzaile sintagma gisa agertzeko ezintasuna.

Bestelakoa da (3c) adibidea. Kasu horretan, datibo determinatzaile sintagma (amari) agerikoa da. Fernándezen (2013) arabera, adibide horretan bi perpaus daude. Perpaus nagusiaren aditza eduki da, ergatibo argumentua (nik) subjektutzat eta partizipiozko egitura (amari entzunda) osagarritzat dituena. Menpeko partizipiozko perpaus horretan du jatorria, hain zuzen, datibo determinatzaile sintagmak (amari). Mendeko egituratik perpaus nagusira igotzen denean hartzen du aditz nagusiak datibo komunztadura. Gertaera hori hizkuntza erromantzeetako klitikoaren igoera-ren parekoa izango litzateke (Fernández 2013).

Eduki eta jakin aditzen forma sintetikoek datibo komunztadura izatea ez da gramatika edo lan askotan jasotzen; ez da aipatzen edo halakorik gertatzen ez dela adierazten da, Holmer eta Abrahamson (1968) edo Hualde eta Ortiz de Urbinaren (2003) lanetan esate baterako. EGLU II-n (Euskaltzaindia 1997) ere ez dira eduki eta jakin aditzen forma iragankor datibodunak aipatzen, nahiz eta urte batzuk lehenago Euskal Aditz Batua-n (Euskaltzaindia 1979) tradiziozko formak direla onartu. Ezaugarri hori gramatiketan jasotzea edo ez jasotzea formak urriak izatearekin lotuta egon daiteke, edo herri hizkeren ezaugarria izanik, testigantza idatzi gutxi izatearekin (Fernández 2013).

Aipamenak

Euskaltzaindia. 1979. Euskal Aditz Batua. Donostia: Euskaltzaindia.

Holmer, Nils M. eta Vania Abrahamson de Holmer. 1968. «Apuntes vizcaínos: Primera parte». Anuario Del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", 2, 87-141. Bilbo: UPV/EHU.

Zuazo, Koldo. 1988. «Bizkaieraren ezaugarriez gehiago». Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", 22(2), 367-377. Bilbo: UPV/EHU.

Hualde, Jose Ignacio, Beñat Oyharçabal eta Jon Ortiz de Urbina. 2003. «Synthetic verbs». In Jose Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Berlin/New York: De Gruyter, 233-242.

Arretxe, Jon. 1994. Basauriko euskara. Basauri: Basauriko Udala.

Azkue, Resurrección Maria. 1925. Morfología Vasca. Bilbao: Euskaltzaindia. [Berrargitalpena 1969, Bilbao: LGEV, 3 ale].

de Rijk, Rudolf P.G.. 2008. Standard Basque: A progressive grammar. Cambridge (Mass.): MIT Press.

Euskaltzaindia. 1987. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak II. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1997]

Euskaltzaindia. 2021. Euskararen gramatika. Bilbo: Euskaltzaindia.

Fernández, Beatriz. 2013. «-(K)i hiztegian, eta hiztegiaz harantzago». International Journal of Basque Linguistics and Philology (ASJU), 47-2. Bilbo: UPV/EHU. 1-26.

Gaminde, Iñaki, A. Goikoetxea, Z. Sanz, O. Astobieta, E. Elgoibar and J. Gaminde. 2005. Derioztarren euskara. Derio: Derioko Udala.

Gaminde, Iñaki. 2006. Lezama Berbarik berba. Lezama: Zorrizketan Kultura Alkartea.

Gaminde, Iñaki. 2007. «Datibodun adizkiak jakin eta eduki aditzekin Bizkaian». Euskalingua 10. Mendebalde Kultura Alkartea. 53-64.

Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.