i.9. Osagarrien markapen bereizgarria: ikusi nizun (v ikusi zintudan)
Egilea: Endika Legarra
Nola aipatu: Legarra, Endika. (2022). Osagarrien markapen bereizgarria: ikusi nizun (v ikusi zintudan). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=1&e=2&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
i. Kasu eta komunztadura
Deskribapena

Euskaraz, eredu orokorraren arabera (1), perpaus iragankorretan, subjektuari eta osagarriari ergatibo eta absolutibo kasuak eta komunztadura markak egozten zaizkie, hurrenez hurren. Osagarri zuzena absolutiboz markatzen da, alegia.

(1a) Nik zu ikusi zaitut
ni.ERG zu.ABS ikus.PTCP 2ABS.edun.1SG.ERG
(1b) Nik zu ikusi zintudan
ni.ERG zu.ABS ikus.PTCP 2ABS.edun.1SG.ERG.PST

Zenbait hizkeratan, aldiz, osagarria absolutiboz markatu beharrean, datiboz markatzen da bai kasuari bai komunztadurari dagokienez. Fenomeno honi osagarrien markapen bereizgarria (OMB) (ingelesez differential object marking) deritzo, eta baliokideak ditu munduko hainbat hizkuntzatan, besteak beste gaztelaniaz edo hindi-urdueraz (Fernández eta Rezac 2016). Euskaraz bestelako deiturak ere eman zaizkio, hala nola,  euskal leismoa (Rezac 2006) edo datibo osagarri bitxiak (Fernández eta Rezac 2010).

Fenomeno honek, ordea, berezko mugak ditu, hots, ez da edozein perpaus iragankorretan erabiltzen. Izan ere, beste zenbait hizkuntzatan bezala, euskaraz ere osagarri jakin batzuk baino ez ditu onartzen, biziduntasuna, pertsona eta zehaztasuna kontuan hartuta.

Biziduntasunari dagokionez, biziduntasunaren hierarkian goren dauden osagarriek baino ezin dute OMB jarraitu, hots, gizakiek. Hau derrigorra edo hautazkoa izan daiteke hizkeraren arabera. Lekeition eta Elgoibarren, esaterako, hautazkoa da.

Pertsonak ere eragina du. Oro har, osagarriaren datibo markatzea ohikoagoa da 1. eta 2. pertsonetan, 3.ean baino. Dena den, hemen ere aldakortasuna topatzen dugu hizkeratik hizkerara. Lekeition hautazkoa da pertsona edozein dela ere. Arratian, aldiz, 1. eta 2. pertsonetan beharrezkoa da; 3.ean, aldiz, ez da lekukotzen.

Azkenik, espezifikotasuna edo zehaztasuna ere hartu behar da kontuan. OMB gehiago lekukotzen da osagarri zehaztuekin zehaztugabeekin baino. Ez da ohikoa asko bezalako determinatzaileekin edo inor bezalako izenordainekin, ezta elkarkari eta bihurkariekin ere (Mounole 2012).

Horretaz gain, literaturan lekukotzen denez, aditz-denborak, ere eragina dauka ezaugarriaren banaketan. Hori da, hain zuzen ere, hizkera eredua (2) eta azpi-hizkera eredua (3) bereizten dituena. Hizkera-ereduan lehenaldian osagarria datiboz markatzen da. Azpi-hizkera ereduan orainaldian ere bai. Denboraren araberako bereizketa hau ez da batere ohikoa beste hizkuntza batzuetan.

(2) Nik zuri ikusi nizun
ni.ERG zu.DAT ikus.PTCP 1SG.ERG.edun.APPL.2DAT.PST

(3) Nik zuri ikusi dizut
ni.ERG zu.DAT ikus.PTCP (3ABS).edun.APPL.2DAT.1SG.ERG
Banaketa dialektala

OMBren banaketa dialektala ez da zurruna, osagarria datiboz markatzen duten hizkeren artean absolutiboz markatzen dutenak ere tartekatzen baitira (adibidez, Otxandio edo Beizama). Halaber, lehenago ere esan dugun bezala, hizkera batzuetan beste batzuetan baino esparru handiagoa hartzen du. Edonola ere, esan daiteke, ekialdean salbu, Hego Euskal Herri osoan lekukotzen den fenomeno bati buruz ari garela.

Datu-basearen emaitzak

Hizkera batzuetan lehenaldian baino ez da lekukotzen, Orbaizetan besteak beste. Dena dela, lekukotzen den hizkera gehienetan orainaldian eta lehenaldian lekukotzen da. Maiztasuna, ordea, ez da bera (Odria 2017). Batzuetan, esaterako Lekeition, bietan neurri berean agertzen da. Beste batzuetan, aldiz, lehenaldian nahitaezkoa baina orainaldian hautazkoa da, adibidez Araitz Betelun. Hortaz, oro har, ohikoagoa da lehenaldian orainaldian baino.

Aipamenak

Fernández, Beatriz and Milan Rezac. 2010. «Datibo osagarri bitxiak eta Datiboaren Lekualdatzea: ari nai diyot eta kanta egin nazu bidegurutzean». In Beatriz Fernandez, Pablo Albizu and Ricardo Etxepare (eds.), Euskara eta euskarak: aldakortasun sintaktikoa aztergai. Supplements of the International Journal of Basque Linguistics and Philology (ASJU), LII. UPV/EHU. 113-149.

Fernández, Beatriz and Milan Rezac. 2016. «Differential object marking in Basque varieties». In Beatriz Fernández and Jon Ortiz de Urbina (eds.), Microparameters in the grammar of Basque. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 93-137.

Mounole, Céline. 2012. «Evolution of the transitive verbs in Basque and apparition of datively marked patients». In Gilles Authier and Katharina Haude (eds.), Ergativity and Voice. Berlin / New York: Mouton de Gruyter. 355-379.

Odria, Ane. 2017. Differential Object Marking and datives in Basque syntax. Ph.D. diss., UPV/EHU.

Rezac, Milan. 2006. «Agreement displacement in Basque». manuscript, UPV/EHU. [Available in the Internet: http://www.umr7023.cnrs.fr/spip.php?article675]