Eredu orokorrean, aditz iragankorretako osagarri zuzenak absolutibo kasuarekin markatzen dira eta absolutibo komunztadura erakusten dute aditz jokatuan.
Zenbait hizkera eredutan, aldiz, aditz iragankor batzuen osagarriak, –bizidunak (1a) nahiz bizigabeak (1b)–, datibo kasuarekin markatzen dira eta datibo komunztadura erakusten dute aditz jokatuan.
(1a) | (Zuri) | itxaron | dizute |
zu.DAT | itxaron.PTCP | (3ABS).edun.APPL.2DAT.3PL.ERG |
(1b) | Trenari | itxaron | diote |
trena.DAT | itxaron.PTCP | (3ABS).edun.APPL.3SG.DAT.3PL.ERG |
Beraz, aditz batzuen osagarriek absolutibo/datibo alternantzia erakusten dute. Kasu batzuetan muga dialektalak ezartzen du absolutibo eta datiboaren arteko hautua. Hala denean, osagarriak absolutibo kasu eta komunztadura erakusteko joera du ipar-ekialdeko hizkeretan, osagarri kanonikoen modura; hego-mendebaleko hizkeretan, aldiz, osagarria datibo kasuaz markatzeko joera dago.
Dena den, badirudi banaketa dialektala ez dela absolutibo/datibo hautaketan eragiten duen faktore bakarra. Izan ere, hizkera bakoitzean desberdinak izan daitezke osagarria datiboz markatzeko aukerak, osagarriaren biziduntasunaren eta erreferentzialtasunaren arabera (Mounole 2012), baita aditzak hartzen duen adieraren arabera ere (Etxepare 2003; Fernández eta Ortiz de Urbina 2010, 2012).
Biziduntasunari dagokionez, ohikoa da hurrengo banaketa aurkitzea: osagarri bizigabeak absolutiboz markatzen dira eta bizidunak, berriz, datiboz (Fernández eta Ortiz de Urbina 2012). Adibidez, OEHk honako banaketa aipatzen du itxaron aditzarekin, adibidez: osagarri bizidunak datiboz markatu ohi dira (1a); bizigabeak, aldiz, absolutibo zein datiboz (1b) ageri daitezke.
Alternantzia honen adibide dugu itxaron aditza (1), baita deitu, entzun, eskertu, lagundu eta segitu ere, besteren artean (Fernández eta Ortiz de Urbina 2010). Aditz hauek iragankorrak dira, bi argumentu baitituzte: subjektua eta osagarria. Ohiko egitura iragankorretan bezalaxe, subjektuak ergatibo kasu eta komunztadura ageri du; nahiz eta (1)eko adibideetan subjektua isilpean egon, ergatibo komunztadura ageri da aditz laguntzailean. Osagarriak, berriz, absolutibo edo datibo kasu eta komunztadura erakutsi dezake, goian aipatutako faktoreen arabera. Osagarria datiboz markatzen den kasuetan, subjektu ergatibo bat eta osagarri datibo bat ageri dira, (1)ean bezala. Horregatik, inergatibo datibodunak esaten zaie (Fernández eta Ortiz de Urbina 2010); ingelesez, bivalent unergatives deitura erabili izan da (Fernández eta Ortiz de Urbina 2012).
Bi argumentu eduki arren, inergatibo datibodunek aditz laguntzaile ditrantsitiboa dute, hots, ergatibo, absolutibo eta datibo komunztadura dituena (Etxepare 2003). Ergatiboa, ohiko egitura iragankor eta ditrantsitiboetan bezala, subjektuari dagokio; datiboa, aipatu bezala, inergatibo datibodunetan osagarriak erakusten duen komunztadura da. Komunztadura absolutiboa, ostera, ez dagokio inolako ageriko argumenturi, aditza iragankorra baita, hots, bi argumentu baino ez dituena. Auzi honetara “Eztabaida” atalean itzuliko gara.
Absolutibo/datibo alternantziadun aditzetan, osagarria absolutiboz markatzeko joera dago Iparraldean, baita batzuetan Nafarroa Garaian ere; mendebalean, berriz, datiboaz markatu ohi dira aditz hauen osagarriak (Fernández eta Ortiz de Urbina 2010).
Datu-basean inergatibo datibodunez galdetu dugu: batetik, osagarri datibo biziduna duten egiturez (1a); bestetik, osagarri datibo bizigabea dutenez (1b). Hizkera gutxi batzuk gorabehera, datiboz markatutako osagarriek banaketa antzekoa erakutsi dute, bai bizidunek bai bizigabeek. Oro har, datiboz markatutako osagarriak hego-mendebaleko hizkeretan lekukotu dira; absolutiboz markatutakoak, aldiz, ipar-ekialdean, “Banaketa dialektala” atalean deskribatutakoarekin bat eginez.
Hala ere, goian deskribatutako banaketa dialektalarekin alderatuz gero, badirudi datu-basearen emaitzek datiboaren hedadura zabalagoa erakusten dutela. Hegoaldeko hizkera guztietan lekukotu da osagarri datiboa, baina baita Nafarroa Garaian ere, eta are Iparraldeko Oragarreko aldaeran ere. Guzti hauetan, (1)eko adibideak ontzat eman dira, osagarriaren biziduntasuna gorabehera. Aldiz, osagarri bizidunetan absolutiboa erakusten duten bi hizkera bakarrak Iparraldeko aldaerak dira (Ziburu eta Larresoro), banaketa dialektalarekin bat eginez.
Osagarri bizigabeekin (1b) banaketa antzekoa den arren, beste bi hizkeratan ageri zaigu absolutiboz markatutako osagarrien erabilera: Baztan eta Lekeitio. Beraz, bi hizkera hauek literaturan esan izan dena jarraitzen dute biziduntasunari dagokionez: bizidunekin datiboa hautatzen da, bizigabeekin, aldiz, absolutiboa. Hortaz, Larresoro eta Ziburun osagarri guztiak absolutiboz markatzen diren bitartean, Baztanen eta Lekeition absolutibo/datibo alternantzia hizkera beraren baitan ageri zaigu, biziduntasuna zein den. Baztango hizkeraren kasuan, ekialdeko hizkera izanik eta Iparraldeko hizkeretatik hurbil egonik, ez da harritzekoa absolutiboz markatutako osagarriak agertzea. Lekeitiori dagokionez, datu-baseko emaitzek bat egiten dute Hualde, Elordieta eta Elordietak (1994) deskribatutakoarekin: hizkera honetan hirugarren pertsonako osagarri bizigabeak absolutiboz soilik marka daitezke, eta ez datiboz. Beraz, Lekeitiokoa eta Baztanekoa bezalako hizkeretan, badirudi biziduntasuna murriztapena dela osagarriari datibo kasua ezartzerakoan.
“Deskribapena” atalean esan bezala, inergatibo datibodunetan aditz laguntzaileak hiru komunztadura erakusten ditu, ergatiboa, absolutiboa eta datiboa, argumentu bi baino ez izan arren. Hala, absolutibo komunztadura ageri da aditzean, nahiz eta absolutiboz markatutako argumenturik ez egon agerian. Aditz laguntzailearen aldetik, beraz, inergatibo datibodunak ditrantsitiboen forma berekoak dira, eta halakotzat hartu izan dira euskal gramatiketan, ditrantsitiboek bi osagarri eduki arren, inergatibo datibodunek ez bezala (Fernández eta Ortiz de Urbina 2010).
Fernández eta Ortiz de Urbinak (2010) iradokitzen dute aditz hauetako askok osagarri inplizitu bat izan dezaketela, hots, ezkutuko gaia. Adibidez, barkatu, erregutu edo obeditu aditzak mota horretakoak lirateke. Hala, ageriko osagarriaren datibo markaketa azalduko litzateke, ageriko osagarria zehar osagarria izango litzatekeelako, hau da, helburu argumentu bat, eta zehar osagarri prototipikoen kasu bera jasoko lukeelako, datiboa alegia.
Badirudi, gainera, hipotesi honen aldeko argudio diakronikoak daudela. Mounolek (2012) azaltzen duenez, aditz hauetako batzuek euren lehen lekukotasun historikoetatik ergatiboz markatutako argumentu bat, datiboz markatutako beste bat eta aditz laguntzaile ditrantsitiboa erakusten dute. Kasu batzuetan, markaketa ezohiko hau azalpen historikoek argi dezakete. Esaterako, (1)eko adibideetan daukagun itxaron aditz elkartua izan bide zen aspaldi, izena + aditza (hitz+*edun > itxaron) egiturakoa, hain zuzen. Beraz, gaur egun agerian inolako gai argumenturik eduki ez arren, jatorrian gaia izan zezakeen, eta horrek ageriko argumentua helburua delako hipotesiaren alde egiten du.
Dena den, ez dirudi horren argi dagoenik inergatibo datibodun guztietan helburu argumentu bat dagoela. Hain zuzen ere, aditz batzuen kasuan ez dirudi osagarri inpliziturik dagoenik, eta ondorioz, ezin baieztatu daiteke ageriko osagarri datiboa helburua denik (Fernández eta Ortiz de Urbina 2010). Horien artean daude, esaterako, begiratu, deitu, esetsi, itxaron eta jarraiki, besteak beste.
Analisi sintaktikoari dagokionez, Fernández eta Ortiz de Urbinak (2012) proposatu dute behe aplikatibo burua dela euskarazko inergatibo datibodunetan datibo kasua ezartzen duena. Halaber, Pinedak (2015) katalanezko eta beste hizkuntza erromantze batzuetako datibo/akusatibo alternantzia aztertu du eta, euskara konparagai izanik, ildo beretik doan analisia proposatu du.
Azkenik, biziduntasunari dagokionez, ohikoa da hurrengo banaketa aurkitzea: osagarri bizigabeak absolutiboz markatzen dira eta bizidunak, berriz, datiboz (Fernández eta Ortiz de Urbina 2012). Autore hauen (2012: 11) arabera, Osagarriaren Markapen Bereizgarriak (OMB, ikus 9. kapitulua) duen estigmatizazioak –gaztelaniarekiko ukipenari lotu izan zaiolako– eragina izan dezake auzi honetan: hiperzuzenketaren ondorioz, OMBren antzeko egitura duten inergatibo datibodunak ekidin dira beharbada, absolutiboz markatutako osagarrien mesedetan. Ondorioz, datiboz markatutako osagarriak baztertu egin izan dira euskal gramatika tradizionaletan, bereziki euskara batuaren agerpenetik hona.
Etxepare, Ricardo. 2003. «Valency and argument structure in the Basque Verb». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 363-425.
Fernández, Beatriz and Jon Ortiz de Urbina. 2012. «Dative first complements in Basque». In Ernestina Carrilho and Beatriz Fernández (eds.), Syntactic microvariation in Westmost European Languages. Journal of Portuguese Linguistics (Special Issue), 11-1. Lisboa: Ediçoes Colibrí-Universidade de Lisboa. 83-98.
Fernández, Beatriz and Jon Ortiz de Urbina. 2010. Datiboa hiztegian. Bilbo: UPV/EHU.
Hualde, José Ignacio, Gorka Elordieta and Arantzazu Elordieta. 1994. The Basque dialect of Lekeitio. Bilbo and Donostia: PV/EHU and Gipuzkoako Foru Aldundia. Supplements of the International Journal of Basque Philology ASJU 34.
Mitxelena, Koldo and Ibon Sarasola. 1989-2005. Diccionario General Vasco / Orotariko Euskal Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia.
Mounole, Céline. 2012. «Evolution of the transitive verbs in Basque and apparition of datively marked patients». In Gilles Authier and Katharina Haude (eds.), Ergativity and Voice. Berlin / New York: Mouton de Gruyter. 355-379.
Pineda, Anna. 2015. Les fronteres de la (in)transitivitat. Estudi dels aplicatius en llengües romàniques i basc. Ph.D. Diss., UAB.