Euskara batuan pluraleko 3. pertsona ergatiboko komunztadura marka -te da:
| (1) | Haiek | dute |
| haiek | (3ABS).edun.3PL.ERG |
Mendebalean eta Zuberoan, ordea, -e erabiltzen da -te beharrean (Hualde 2016)
| (2) | Hareek | dabe | (< daue) |
| haiek | (3ABS).edun.3PL.ERG |
Horrez gain, beste zenbait hizkeratan forma iragankorretan -de > -re pluralgile zaharra ageri da *edun aditz laguntzailearekin.
| (3) | Hareek | deure |
| haiek | (3ABS).edun.3PL.ERG |
Zuazok (2014: 118) dioenez, 3. pertsona pluralerako -te aldaera erabiltzen da Lapurdin, Nafarroa Beherean, Nafarroako erdiguneko eremu zabalean eta Gipuzkoako ipar-ekialdean, Donostia-Hernani lerroan hasi eta Irun bitartean. Nafarroako Zaraitzu eta Erronkari ekialdean, Araitz-Betelu, Larraun, Basaburu Txiki gehienean eta Sakana mendebalean, berriz, -e aldaera erabiltzen da gehienbat: due/die. Gaur egun ordea, eremu horietan ere euskara batuaren eraginagatik asko zabaldu da -te.
Mendebaleko euskaran ere -e/-de/-dea/-die izan ohi da ergatiboko 3. pertsonaren plrualgilea (Zuazo 2017: 31) (4).
| (4a) | dakie |
| (3ABS).jakin.3PL.ERG |
| (4b) | dakarre |
| (3ABS).ekarri.3PL.ERG |
| (4c) | dauke/dekie/dekoie |
| (3ABS).eduki.3PL.ERG |
Horrez gain, Arabako lekuko batzuetan -e agertzen da (Lazarraga eta Betolazaren idatzietan, hain zuzen). Baina -te ere bada Lazarraga eta Gamizenetan.
Mendebaleko euskalkiari dagokionez, azpieuskalkiaren arabera -e eta –de aldaerak erabiltzen direla azaltzen du Zuazok (2017: 46). Sortaldekoak dira -e/-ie (5). Sartaldekoak, berriz, -de/-dea/-die/-rie (6).
| (5) | dabe/dabie |
| (3ABS).edun.3PL.ERG |
| (6) | daude/daudea/daudie/deurie |
| (3ABS).edun.3PL.ERG |
Sartaldearekin egiten du bat Otxandio aldeak eta Busturialdeko eremu txiki batek, Bermeoko baserri auzoek, Morgak eta Zornotza gehienak. Hala ere, Zuazok azaltzen duenez, -de hori ez da adizki guztietan agertzen. Getxon, esate baterako, euen/auden ‘zuten’, eusen/audesen ‘zituzten’, daraude ‘daramate’ eta diñaude ‘diote’ esaten dira, baina baita lauke, dakarre, dauke eta dakie ere.
Mendebaleko ezaugarria izanik, erdialdeko euskalkiaren sartaldeko azpieuskalkian ere lekukotzen da –e pluralgilea 3. pertsona ergatiborako. Goierriko Beasaingo euskaran, adibidez, (Agirrebeña, Alberdi, Mendiguren eta Sarasua 2007: 48): due ‘dute’, zuen/zoen ‘zuten’, dakie ‘dakite’, dauke(e) ‘daukate’... Hurtadok (2001: 103) ere Goierri eta Tolosalde gehienean -e (eta -a) dagoela dio: daikie ‘dezakete’, daukie ‘daukate’, lukee ‘lukete’, digue ‘digute’, dizue ‘dizute’...
Datu-basean ikus daitekeenez, erdialdetik mendebalera zein Zuberoan (Urdiñarben) agertzen da -e morfema. Erdialdetik mendebalera -e morfema erabiltzen duten hizkerak honako hauek dira: erdialdeko euskaran Azpeitia, Beizama eta Itsasondo; mendebaleko euskaran Aramaio, Artea, Bergara, Elgoibar, Gernika, Getxo, Lekeitio, Loiu, Mallabia, Mungia eta Otxandio; eta euskara nafarrean Urdiain. Erdialdeko euskaran sartaldeko azpieuskalkian (Azpeitia eta Itsasondo) eta sartaldeko eta erdiguneko azpieuskalkien artean (Beizama) lekukotzen da, beraz, fenomenoa. Nafarroan ere hego-sartaldeko azpieuskalkian bakarrik jasotzen da, erdialdeko eta euskara nafarraren eraginaz gain, mendebalekoaren eragina ere erakusten duen Burundako hizkeran, Urdiainen, hain zuzen ere.
-de > -re pluralgilea, berriz, mendebaleko ezaugarria da guztiz. Artean, Getxon, Loiun, Mungian eta Otxandion lekukotzen da, Zuazok (2014) esan bezala, mendebaleko sartaldeko azpieuskalkian, hain zuzen ere.
Zuazok (2014: 117) dioenez, absolutibozko formetatik abiatuta sortu da ergatiboko 3. pertsonako –te aldaera. Halaber, Hualdek (2016) bai –e eta bai –te *de formatik eratorriko zirela proposatzen du.
Agirrebeña, Aintzane, Itziar Alberdi, Xabier Mendiguren and Asier Sarasua. 2007. Beasaingo euskara. Herrizko hizkeraren azterketa eta ahozko ondarearen bilketa. Beasain: Beasaingo Udala
Hualde, José Ignacio. 2016. «On Basque dialects». In Beatriz Fernández and Jon Ortiz de Urbina (eds.), Microparameters in the grammar of Basque. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 15-36.
Hurtado, Irene. 2001. Goierriko eta Tolosalde hegoaldeko hizkerak. Lazkao: IX. Gerriko Ikerlan Sariketa.
Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.
Zuazo. Koldo. 2017. Mendebaleko euskara. Donostia: Elkar.


