i.2. Numero komunztadura: -(t)z- egitura datibodunetan (v -zki-)
i. Kasu eta komunztadura
Deskribapena

Euskara batuan, egitura iragangaitz zein iragankor datibodunetako absolutibo argumentuaren pluralgilea -zki- da:

(1) Loreak gustatu zaizkio
lore.ABS.PL gusta.PTCP (3ABS).PL.edun.3SG.DAT

Euskara zuberotarrean, berriz, -zki- beharrean -(t)z- da sail horietako pluralgilea:

(2) Loreak gustatu zaitzo
lore.ABS.PL gusta.PTCP (3ABS).PL.edun.3SG.DAT
Banaketa dialektala

Fenomenoaren eremu dialektala Zuberoara mugatzen da (Zuazo 2014: 85). Zuazok (2014: 85) dioenez, egitura datibodunetan –iragangaitz zein ditrantsitiboetan– Zuberoan -(t)z- plural marka erabiltzen da erdialdeko euskalkiko -zki- pluralgilearen lekuan. Datibodun iragangaitzen artean, záitzat (eta záizt) ‘zaizkit’, záitzak/záitzan ‘zaizkik/aizkin’, záitzo ‘zaizkio’, záitzkiü ‘zaizkigu’ eta záitzü ‘zaizkizu’ jasotzen ditu Zuazok. Adizki ditrantsitiboen artean, ostera, deizt ‘dizkit’, deizkü ‘dizkigu’ eta deitzót ‘dizkiot’. Pluralgile honek indarra hartu du gazteen hizketan eta bestelako adizkiekin ere erabiltzen da. Hona hemen Zuazok (2014: 85) berak jasotako adibide bat:

(3) Fenoméno berík tützak eta ene hipotesíen abéa analizátü diátzat
‘Fenomeno berriak dituk eta ene hipotesien arabera analizatu ditiat'
Datu-basearen emaitzak

Zuazok (2014) esandakoarekin bat eginez, Urdiñarben (Zuberoa) bakarrik lekukotzen da -(t)z- pluralgilea datu-basean.

Aipamenak

Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.