Euskara batuan, 2. pertsona ergatiboko pluralgilea -e da aditz jokatuan:
(1) | Zuek | saria | lortu | duzue |
zuek.ERG | saria.ABS | lor.PTCP | (3ABS).edun.2PL.ERG |
Erdialdeko zenbait hizkeratan, berriz, -te da pluralgilea (Zuazo 2014: 57, 117-118; Hualde 2016):
(2) | Zuek | saria | lortu | duzute |
zuek.ERG | saria.ABS | lor.PTCP | (3ABS).edun.2PL.ERG |
Gipuzkoan Donostia-Hernani lerroan hasi eta Irun bitarte, eta Nafarroan Goizuetan Basaburu Nagusian eta Imotzen erabiltzen da -te pluralgilea ergatiboko 2. pertsonarako (Zuazo 2014: 57, 118).
Goiko (2) adibideko duzute aditz formaz gain, diozute (3a) edota nauzute (3b) bezalakoak erabiltzen dira hizkera hauetan (Zuazo 2014: 117).
(3a) | diozute | ‘diozue’ |
(3b) | nazute | ‘nauzue’ |
Halaber, aipatzekoa da hizkera hauetan ergatiboaz eta absolutiboaz gain, datiboak ere erakusten duela -te pluralgilea. (4) adibidean, esaterako, datiboarekin ere erabiltzen da 2. Pertsonarentzat -te plural marka (Zuazo 2014: 57):
(4) | zaizute | ‘zaizue’ |
Fenomeno hau Donostia-Hernani lerroan hasi eta Irun bitartean gertatzen da, baita Nafarroan Goizuetan, Basaburua Nagusian eta Imotzen ere (Zuazo 2014: 57, 118). Gipuzkoa eta Nafarroa arteko erdialdeko euskararen hizkera batzuetako ezaugarria da, beraz, -te pluralgilea erabiltzea ergatiboko 2. pertsonarako ez ezik baita 3. pertsonarako ere. Ertzetako euskalkietan, ostera, mendebaleko euskaran eta euskara zuberotarrean -e forma zabarra nagusitzen da (Hualde 2016).
Datubaseak erakusten duen irudiak bat egiten du fenomenoari egotzi izan zaion banaketa dialektalarekin. Gipuzkoako ipar-ekialdeko hizkeretan agertzen da, Errenteria, Oiartzun eta Hernanin, baita Nafarroako Goizuetan ere.
Zuazok (2014: 117) azaltzen duenez, ergatiboko 2. pertsona pluralerako -te morfema erabiltzea erdialdeko hizkeretan absolutiboko 2. pertsonarako erabiltzen den -te plural marka zabaltzetik dator. Zuazok berak dioen bezala, fenomeno honen eremu dialektala txikiagoa da ergatiboko 2. pertsonako -te plural markarena baino, eta egitura berriagoa dela erakusten du horrek. Horixe bera iradokitzen dute Hurtadok (2001: 100-103) Goierrin eta Tolosalde hegoaldean bildutako datuek ere. Hizkera hauetan 2. pertsona ergatiborako -te pluralgilea erabiltzea 3. pertsona ergatiborako -te erabiltzea baino fenomeno berriagoa da. XVIII. mendearen amaieran, esaterako, Larramendiren arabera Donostiatik Tolosaraino -te pluralgilea zegoen ergatiboko 3. Pertsonarako (baita -e ere, jakina), baina ez ergatiboko 2. pertsonarako. Hurtadok berak ere Tolosan eta Ibarran 2. Pertsona ergatiborako -e pluralgilea bildu zuen Tolosan eta Ibarran, baina tarteka -te ere bai.
Hualde, José Ignacio. 2016. «On Basque dialects». In Beatriz Fernández and Jon Ortiz de Urbina (eds.), Microparameters in the grammar of Basque. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 15-36.
Hurtado, Irene. 2001. Goierriko eta Tolosalde hegoaldeko hizkerak. Lazkao: IX. Gerriko Ikerlan Sariketa.
Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.