i.20. Pluraleko datibo marka: -er, -eri (v -ei)
Egilea: Irati Huarte
Nola aipatu: Huarte, Irati. (2022). Pluraleko datibo marka: -er, -eri (v -ei). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=1&e=47&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
i. Kasu eta komunztadura
Gako-hitzak
Deskribapena

Euskara estandarrean, datibo kasua pluraleko formei gaineratzen zaienean, -ei forma agertzen da (Hualde eta Ortiz de Urbina 2003: 181).

(1) Lagunei eman diet
lagun.PL.DAT eman.PTCP (3ABS).(edun).3PL.DAT.1SG.ERG

Hizkera anitzetan, ordea, datibo plurala -eri formarekin egiten da.

(2) Laguneri eman diet
lagun.PL.DAT eman.PTCP (3ABS).(edun).3PL.DAT.1SG.ERG

Horrez gain, badago datibo plurala egiteko hirugarren modu bat: ekialdeko -er (Zuazo 2014: 250).

(3) Laguner eman diet
lagun.PL.DAT eman.PTCP (3ABS).(edun).3PL.DAT.1SG.ERG
Banaketa dialektala

Hasteko, -er datibo pluraleko forma Iparraldeko hizkera ugaritan lekukotzen da. Ekialdeko hizkerekin hasiz, -er aldaera ekialderen dauden eskualdetan entzun dezakegu, Zuazok (2014: 136) dioenez, Zuberoatik Hazparnera (Lapurdi) bitartean erabiltzen da, nahiz eta Hazparnen eta Larresoron (Camino 2004: 467) -eri ere erraten duten. Zuberoatik hegoalderago -er aurkitzen dugu, adibidez, Behe-Nafarroa osoan (Camino 2004: 467). Caminok (2020: 112) Ortzaizeko 1985eko lekukotasun bat biltzen du:

(4) Amikuzen to ta no aitamer

Hala ere, aipatu beharra dago Behe-Nafarroako mendebaldean -eri aldera ere lekukotzen dela, Baigorrin, Irrisarrin etab. (Camino 2004: 467). Lapurdirekin jarraituz, -eri erabiltzeaz gain, datibo plurala egiteko -er morfema lekukotzen da, Hazparnen, Larresoron eta Uztaritzen, erraterako (Epelde 2004b: 85). Dena den, Arrangoitzen, Senperen eta Ainhoan -ei ere lekukotzen da (Epelde 2004a: 666, 2004b: 283). Ekialderago, ordea, Itsasutik aitzin -er da aldaera nagusia (Epelde 2004a: 666).

Hegoaldean, -er/eri/ei formez gain bertze aldaera batzuk entzuten dira, izan ere, nafarrerak hainbat azpi-euskalki ditu. Erraterako, Sakana eskualdean hitz egiten den hego-sartaldeko (Zuazo 2014: 112) hiztunek datibo pluralean -airi/-eiri darabilte (Zuazo 2010: 78):

(5) herriko txikienairi ‘herriko txikieneei’
(6) Lagilieiri eztiai sueldoik eman ‘langileei ez diete soldatarik eman’

Nafarroako eta Gipuzkoako mugan ere, Bortzirietan, Irunen eta Hondarribian, datibo plurala egiteko bertze bi forma erabiltzen dira, -aki eta -akeri (Sagarzazu 2005: 69; Zuazo 2014: 101). Kontuan hartu behar dugu -(a)k- morfema hori postposizio batzuekin ere erabiltzen dela (Zuazo 2014: 101), beraz, erran dezakegu hizkera hauetan ere -(ak)eri forma dagoela. Nafarroarekin bukatuz, Iruñerri inguruko Txulapain, Oltza, Arakil eta Ezkabarte herrietan -ai da datibo pluraleko morfema (Camino 1999: 72).

Erdialdeko euskalkira begiratuz, Beasainen, adibidez, plurala nagusiki -ai eta -eirekin egiten da (Agirrebeña, Alberdi, Mendiguren eta Sarasua 2007: 40). Zaldibia inguruan ere -ai plurala aurkitzen dugu, baina kasu hauetan, singularra eta plurala bereizteko azentua erabiltzen da: neskái singularra eta néskai plurala (Etxabe eta Garmendia 2003: 62). Honekin batera, Gipuzkoan ere baina mendebaleko euskararen barnean, Deba Ibarreko herri batzuetan -eri da datibo pluralaren forma, adibidez, Elgoibarren (Makazaga 2009: 79) eta Eibarren (Sarasua, Agirrebeña and Zenarruzabeitia 2005: 128).

Mendebaleko euskalkiarekin jarraitzen badugu, -eri Bizkaian ere topa dezakegu, erraterako, Basaurin (Arretxe 1994: 88) edo Gernikan (Hualde eta Ortiz de Urbina 2003: 181). Gernikakoa da Hualdek eta Ortiz de Urbinak (2003: 181) ematen duten lekukotasun hau:

(7) Lau gixoneri

Horrez gain, nabarmentzekoa da Lekeition datibo plurala singularra bezala egiten dela: -ari (Arregi eta Nevins 2012: 27). Hain zuzen, singularra eta plurala desberdintzeko azentua erabiltzen dute bertako hiztunek: gixonari singularra eta gixonári plurala (Hualde, Elordieta eta Elordieta 1994: 88).

Datu-basearen emaitzak

Datu-baseari dagokionez, askotariko emaitzak lortu ditugu laguneri eman diet erantzunarekin. Mendebaleko elkarrizketatuek, hain zuzen, Arteakoek, Elgoibarkoek, Gernikakoek eta Loiukoek erraterako, bai erabiltzen dute aldaera hau, orain arte aipatutakoarekin bat eginez. Dena den, badira mendebaleko hiztun batzuk -ei erabiltzen dutenak: Aramaion, Bergaran eta Otxandion. Bertzalde, erdialdean, elkarrizketatu bakar batek ere ez du -eri morfema erabiltzen datibo plurala egiteko. Adibidez, Beizaman, Hernanin eta Itsasondon.

Nafarroarekin jarraituz, mendebaleko euskalkiaren antzeko egoera lortu dugu, batzuek -eri darabilten arren (Goizuetan eta Urdiainen), Baztan inguruan, Arbizun eta Erroibar eskualdean ez. Aldaera honekin bukatzeko, nafar-lapurteraz aritzen diren inkestatu guztiek -eri erabiltzen dute: Oragarren eta Ziburun. Bertze formari dagokionez, orain arte aipatutakoa kontuan hartuz, laguner eman diet soilik Zuberoan lekukotzen da, Urdiñarben, hain zuzen ere.

Aipamenak

Agirrebeña, Aintzane, Itziar Alberdi, Xabier Mendiguren and Asier Sarasua. 2007. Beasaingo euskara. Herrizko hizkeraren azterketa eta ahozko ondarearen bilketa. Beasain: Beasaingo Udala

Arregi, Karlos and Andrew Nevins. 2012. Morphotactics: Basque auxiliaries and the structure of Spellout. Dordrecht: Springer.

Arretxe, Jon. 1994. Basauriko euskara. Basauri: Basauriko Udala.

Camino, Iñaki. 1999. «Goñerriko hizkera I». ASJU 33:1, 5-78.

Camino, Iñaki. 2004b. «Nafarroa Behereko euskara». FLV 36: 97, 445-486.

Camino, Iñaki. 2020. Aztergaiak Ipar Euskal Herriko euskararen berrikuntzez. Leioa: UPV/EHU.

Epelde, Irantzu. 2004a. «Lapurdiko hego-ekialdeko euskararen kokapenerantz». FLV, 36, 96. 271-304.

Epelde, Irantzu. 2004b. Larresoroko azterketa. Dialektologia azterketa. Ph.D. Diss., UPV/EHU.

Etxabe, Karmele and Larraitz Garmendia. 2003. Zaldibiako euskara. Zaldibia: Zaldibiako Udala.

Hualde, José Ignacio and Jon Ortiz de Urbina (eds.). 2003. A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter.

Hualde, José Ignacio, Gorka Elordieta and Arantzazu Elordieta. 1994. The Basque dialect of Lekeitio. Bilbo and Donostia: PV/EHU and Gipuzkoako Foru Aldundia. Supplements of the International Journal of Basque Philology ASJU 34.

Makazaga, Jesus Mari. 2009. Elgoibarko euskara. Ph.D. diss., UPV/EHU.

Sagarzazu, Txomin. 2005. Hondarribiko eta Irungo euskara. Irun: Alberdania

Sarasua, Asier, Aintzane Agirrebeña and Leire Zenarruzabeitia. 2005. Eibarko euskara. Gure hizketaren doinu eta berbak. Eibar: Eibarko Udala.

Zuazo, Koldo. 2010. Sakanako euskara. Burundako hizkera. Iruña: Nafarroako Gobernua; Bilbo: Euskaltzaindia.

Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.