i.19. Ergatibo/absolutibo sinkretismoa pluralean: ­-ak (v -ek)
i. Kasu eta komunztadura
Gako-hitzak
Deskribapena

Inguruko hizkuntza erromantzeak ez bezala, euskara hizkuntza ergatiboa da. Predikatu iragankorretako subjektuak ergatibo markapena darama; predikatu iragankorretako osagarriak eta predikatu iragangaitzetako subjektuak, aldiz, absolutiboa. -k da euskararen ergatibo marka, eta artikulu singularra -a izanik, ergatibo singularrak -ak forma hartzen du (1a). Ergatibo pluralak, berriz, -ek, artikulu plurala -ak baita (-ak + -k > -ek) (1b).

(1a) Neskak irabazi du
neska.ERG irabazi.PTCP (3ABS).edun.3SG.ERG
(1b) Neskek irabazi dute
neskak.ERG irabaz.PTCP (3ABS).edun.3PL.ERG

Absolutiboaren marka -Ø da euskaraz, eta beraz, ez singularrak (2a) eta ez pluralak (2b) ez dute ageriko markapen morfologikorik. Artikulu singular (-a) eta pluralak (-ak) bereizten ditu bata eta bestea.

(2a) Neska etorri da
neska.ABS etorri.PTCP izan.3SG.ABS
(2b) Neskak etorri dira
neskak.ABS etorri.PTCP izan.3PL.ABS

Ikus daitekeenez, beraz, euskarak -ak absolutibo plurala (2b) eta -ek ergatibo plurala (1b) bereizten ditu, baita -ak ergatibo singularra (1a) eta -ek ergatibo plurala (1b) ere. Halaxe gertatzen da euskara batuan ez ezik ekialdeko eta iparraldeko euskalkietan (Hualde 2003: 186-187, 2016; de Rijk 2008: 198; Zuazo 2014: 134). Mendebaleko eta erdialdeko euskalkietan, ordea, ergatibo singularrerako zein pluralerako marka berbera erabiltzen da, -ak (>*-aga-k) (3).

(3) Neskak irabazi dute
neskak.ERG irabaz.PTCP (3ABS).edun.3PL.ERG

Ergatibo singular eta pluralaren arteko bereizketa morfologikorik egiten ez denez, hizkera askotan azentuaren bidez desberdintzen dira bata zein bestea (Hualde 2003, 2016). Hualdek (2003: 187) dioenez, esaterako, Gernikako hizkeran (mendebaleko euskara) gixonak erabiltzen da ergatibo singularrerako eta gixónak azentuduna absolutibo zein ergatibo pluralerako. Halaber, Gipuzkoako zenbait hizkeratan ere azentuak bereizten ditu ergatibo singularra eta absolutibo zein ergatibo plurala; gizónak erabiltzen da ergatibo singularrerako eta gízonak absolutibo zein ergatibo pluralerako.

Banaketa dialektala

Zuazok (2014: 134) Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako ekialdeko ezaugarritzat jotzen du ergatibo singularra (-ak) eta plurala (-ek) bereiztea. (4) bezalakoak esan ohi dira eremu honetan (Zuazo 2014: 134). Zuazok dioenez, Ipar Euskal Herriaz gain, Baztan ibarrean, Urdazubin eta Zugarramurdin ere bereizten dira ergatibo singular eta pluraleko formak.

(4a) Gizonak erran du
(4b) Gizonek erran dute

Hego Euskal Herriko mendebaleko, erdialdeko eta sartaldeko euskara nafarrean, berriz, -ak erabili izan da bai singularrean eta bai pluralean, nahiz eta euskara batuaren eraginez gaur egun hizkera hauetan ere gero eta gehiago bereizten diren bata eta bestea. Hona hemen Zuazok (2014: 134) emandako adibideak:

(5a) Gizonak esan du
(5b) Gizonak esan due

Euskalkiez gaindiko bereizketa dakar, beraz, fenomeno honek. Ekialdeko euskalkiek era batera jokatzen dute, eta mendebaleko eta erdialdekoek bestera.

Datu-basearen emaitzak

Datu-basean jasotako erantzunek oro har fenomenoari egotzi izan zaion banaketa dialektala islatzen dute.

Mendebaleko hizkera guztietan lekukotzen da -ak marka ergatibo pluralerako (Aramaio, Artea, Bergara, Elgoibar, Gernika, Getxo, Lekeitio, Loiu, Mungia eta Otxandio). Erdialdekoen artean, Beizaman, Goizuetan eta Hernanin ere -ak erabiltzen da ergatibo singularrerako zein pluralerako. Azkenik, euskara nafarrean Mezkiritzen eta Urdiainen ere -ak morfema erabiltzen da bai ergatibo singular eta bai pluralerako. Hizkera hauetan ez da, beraz, ergatibo singular eta pluralaren arteko bereizketarik egiten.

Aitzitik, euskara nafarreko Arbizun eta euskara nafar eta nafar-lapurtarraren tarteko hizkera duen Arizkunen (Baztan) ergatibo singularra eta plurala bereizten dira. Gauza bera gertatzen da Aezkoako Orbaizetan ere, euskara nafarraren, nafar-lapurtarraren eta ekialdeko nafarraren tarteko hizkera duen horretan. Euskara nafar-lapurtarra duten Ziburun eta Oragarren ere bereizten dira bi formak, baita Urdiñarben (euskara zuberotarra) ere. Horrenbestez, argi ikusten da, fenomenoa aipatu duten lanetan jaso izan den bezala, ekialdeko eta iparraldeko hizkeren ezaugarria dela ergatibo singular eta plurala bereiztea.

Aipamenak

de Rijk, Rudolf P.G.. 2008. Standard Basque: A progressive grammar. Cambridge (Mass.): MIT Press.

Hualde, José Ignacio. 2016. «On Basque dialects». In Beatriz Fernández and Jon Ortiz de Urbina (eds.), Microparameters in the grammar of Basque. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 15-36.

Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.