Euskaraz egitura iragangaitz datibodunetan zit- morfema daukagu lehenaldian.
| (1) | bururatu | zitzaidan |
| burura.PTCP | (3ABS).(izan).APPL.1SG.DAT.PST |
Mendebaleko euskaran eta ekialdeko zenbait hizkeratan, ordea, zit- morfema galdu egiten da (Hualde 2003: 220, 2016; Zuazo 2006: 84-85, 2014: 85, 94, 199, 2017: 29).
| (2a) | bururatu | jatan |
| burura.PTCP | (3ABS).(izan).APPL.1SG.DAT.PST |
| (2b) | bururatu | zeitan |
| burura.PTCP | (3ABS).(izan).APPL.1SG.DAT.PST |
Adizki iragangaitz datibodunetan lehenaldian zit- morfema ez agertzea mendebaleko euskararen eta euskara zuberotarraren ezaugarria da besteak beste (Zuazo 2014: 119). Jatan eta jakun bezalakoak erabiltzen dira mendebalean eta zeitan eta zeikin gisakoak Zuberoan. Datu-baseak erakusten duenez, badira, hala ere, era honetako aditz formak erabiltzen dituzten beste hizkera batzuk ere.
Mendebaleko euskalkiari dagokionez, Zuazok (2014: 94) aipatzen du datibodun inakusatiboetan lehenaldiko adizkietan ez dela zit- morfema erabiltzen. Euskalki honetan, lehenaldiko formak sortzeko orainaldiko adizkiei -(e)n morfema gaineratzen zaie: yatan ‘zitzaidan’, jakon ‘zitzaion’, jakun ‘zitzaigun’. Arabako Lazarragak berak ere zit- gabeko formak erabili zituela gaineratzen du Zuazok (2017: 29).
Ezaugarri morfo-sintaktiko honek mendebaleko eta erdialdeko euskalkiak bereizten dituenez, Deba Ibarreko hizkeretan aurkitzen dugu fenomenoaren muga dialektala. Zuazok (2006: 84-85, 148) dioenez, Deba Ibar gehienak mendebaleko ezaugarriari eusten dio, lehenaldiko formak orainaldikoei -(e)n gehituta osatzen baitira: jata > jatan ‘zitzaidan’, jako > jakon ‘zitzaion’. Oraingo honetan ere Debabarrena da salbuespena, Mendaro eta Deba batez ere. Erdialdeko euskalkian bezala, hizkera hauetan zit- morfema erabiltzen da, Ø-rekin alternantzian beti ere –Deba erdialdeko euskalkian kokatzen da, Mendarokoa, berriz, mendebaleko eta erdialdeko euskalkien tarteko hizkera da–. Halaber, mendebaleko eta erdialdeko euskalkien tarteko hizkera izanik, Mutrikun bai zit- eta bai Ø- aurki ditzakegu, lehendabizikoa adinekoen artean entzuten da batez ere, bigarrena, berriz, gazteenen artean. Zuazoren hitzetan (2006: 85), “badirudi, beraz, alderantzizko bidea ibiltzen hasi direla gazteak berriro, eta “zaharrak berri” gertatu direla”, zit- morfemaren erabilera erdialdeko euskalkiaren berrikuntzatzat har baitaiteke (Zuazo 2006: 84). Mutrikukoa bezala, tarteko hizkera da Elgoibarkoa ere, eta Makazagak (2009: 166) dioenez, zit- gabeko jatan, jakon eta jakun bezalako formekin batera agertzen dira zitzatan, zitzakon eta zitzakun bezalakoak erdialdeko hizkeren eraginez. Laburbilduz, fenomenoaren muga dialektalaren isla da Debabarrenean aurkitzen dugun aldakortasuna: mendebaleko euskalkian sartzen den Eibarko hizkeran jatan erabiltzen da, erdialdeko euskalkiko Debako hizkeran zitzaten, eta tarteko hizkeratzat hartzen diren Mendaro, Mutriku eta Elgoibarren biak: zitzatan Mendaron, jatan eta zitzatan Elgoibarren eta, gorago esan bezala, zaten eta zitzaten Mutrikun (Makazaga 2009: 475).
Esan bezala, mendebaleko euskararekin batera euskara zuberotarrean ere ez da zit- morfema erabiltzen iragangaitz datibodunetako lehenaldiko aditz formak osatzeko; orainaldikoei -(e)n gehitzen zaie hemen ere, zéitan ‘zitzaidan’ eta zeión ‘zitzaion’ bezalako adizkiak sortuz (Zuazo 2014: 85).
Mendebaleko eta Zuberoako euskaraz gain, euskara nafarrean ere aipatu izan da zit- gabeko lehenaldiko formen erabilera datibodun iragangaitzetan. Baztango hizkeraz ari direla, Salaburu eta Lakarrek (2005: 97), esaterako, eskualde honetan biak agertzen direla aipatzen dute, zit-dun (zitzaiten/zitzaizkiten, zitzaion/zitzaizkion) formak zein zit- gabekoak (zaiten, zaion). Halaber, Goierri eta Tolosalde hegoaldean iragangaitz datibodunen iraganaldia zit- morfemarekin osatzen bada ere, Zegamako hizkeran zit- gabekoak ere jaso izan dira: zitan ‘zitzaidan’, zikon ‘zitzaion’, zikun ‘zitzaigun’, ziten ‘zitzaien’ (Hurtado 2001: 93).
Mendebaleko hizkeretan baino ez da aurkitzen jatan ‘zitzaidan’ (2a) aditz forma. Honako hauetan, hain zuzen ere: Aramaio, Artea, Bergara, Elgoibar, Gernika, Getxo, Lekeitio, Loiu, Mungia eta Otxandion.
Euskara zuberotarrari lotu izan zaion zeitan (2b) aditz-forma, berriz, euskara nafarrean (Arbizun, Urdiainen eta Arizkunen (Baztan)), nafar-lapurtarrean (Oragarren) eta zuberotarrean (Urdiñarben) lekukotzen da.
Hualde, José Ignacio. 2016. «On Basque dialects». In Beatriz Fernández and Jon Ortiz de Urbina (eds.), Microparameters in the grammar of Basque. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 15-36.
Hurtado, Irene. 2001. Goierriko eta Tolosalde hegoaldeko hizkerak. Lazkao: IX. Gerriko Ikerlan Sariketa.
Makazaga, Jesus Mari. 2009. Elgoibarko euskara. Ph.D. diss., UPV/EHU.
Salaburu, Pello and Maite Lakar. 2005. Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia. Iruñea: Nafarroako Gobernua & Euskaltzaindia.
Zuazo, Koldo. 2006. Deba ibarreko euskara. Dialektologia eta tokiko batua. Badihardugu Euskara Elkartea.
Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.
Zuazo. Koldo. 2017. Mendebaleko euskara. Donostia: Elkar.


