i.21. Aditz-izenaren osagarria genitiboan: ogiaren erostera (v ogia erostera)
Egilea: Irati Huarte
Nola aipatu: Huarte, Irati. (2022). Aditz-izenaren osagarria genitiboan: ogiaren erostera (v ogia erostera). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=1&e=57&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
i. Kasu eta komunztadura
Deskribapena

Euskara batuan eta euskalki gehienetan, aditz-izen iragankorraren osagarriari absolutibo kasu-marka ezartzen zaio aditz jokatuetako osagarriarekin egiten den bezala:

(1) Ogia erostera joan da
ogia.ABS eros.NMLZ.ALL joan.PTCP 3ABS.izan

Iparraldeko hizkera batzuetan, ordea, TOGen izenarekin ezagututako fenomenoa gertatzen da, aditz-izenaren osagarriari (TO) genitiboa (Gen) ezartzen zaio absolutiboaren ordez:

(2) Ogiaren erostera joan da
ogia.GEN eros.NMLZ.ALL joan.PTCP 3ABS.izan
Banaketa dialektala

Gaur egun, fenomeno hau ipar-ekialdeko euskalkietan gertatzen da, hain zuzen, lapurteraz, behe-nafarreraz eta zubereraz (Heath 1972: 48). Epeldek (2004b: 674), adibidez, Larresoroko euskaldun baten lekukotasuna biltzen du:

(3) Ez ginuen dretxoik atxikitzeko bei oien
‘Ez genuen eskubiderik behi horiek edukitzeko’

Hona hemen nik jasotako Baigorriko emakume baten lekukotasuna ere:

(4) Mendian eta… hunen egiterat
‘Mendian eta... hau egitera’

Zuazok (2014: 244) azaltzen duenez, genitiboaren erabilera hori lehen Euskal Herri osoko ezaugarria zen baina denborarekin mendebalean eta erdialdean absolutiboa nagusitu da. Azken urteetan, gainera, absolutiboa gehiago zabaldu da Hego Euskal Herrian zehar (Zuazo 2014: 244). Baztanen, erraterako, antzina aditz-izenaren osagarria genitiboz markatzen zen arren, egun absolutiboa erabiltzen da batez ere (Zuazo 2014: 244).

Datu-basearen emaitzak

Datu-baseko emaitzei dagokienez, ez dute bete-betean bat egiten Zuazok (2014: 244) dioenarekin. Izan ere, Nafarroan, eta zehatzago, Baztanen, bai lekukotzen da fenomeno hau Arizkungo herrian. Baztanez gain, Nafarroako bertze eskualde batzuetan ere lekukotzen da, Mezkiritz eta Orbaizeta herrietan, erraterako. Dena den, Zuazorekin (2014: 244) bat eginez, inkestatuetako bertze nafar guztiek absolutiboa erabiltzen dute genitiboaren ordez: Goizuetan, Arbizun eta Urdiainen.

Horrez gain, nafar-lapurteraz hitz egiten duten herrietan lekukotzen da, Oragarre eta Ziburun, baita Zuberoako Urdiñarbe herrian ere. Azkenik, espero genuen bezala, erdialdeko eta mendebaleko inkestatu guztiek absolutiboa darabilte.

Eztabaida teorikoa

Fenomeno hau ez da aditz-izen iragankorrak dauden kasu guztietan gertatzen. Adibidez, Artiagoitiak (2003: 678) azaltzen du aditz-izena -tzen egitura baten barnean dagoenean ez dela beti TOGena ematen. Ikus ditzagun adibideak:

(5) Peio artoa / artoaren jorratzen ari da.

Kasu honetan, -tzen egitura ari izan aditzaren osagarria da eta TOGen fenomenoa gerta daiteke. Hurrengo adibidean, ordea, -tzen egitura aditz laguntzaile baten osagarria denean, absolutiboa da aukera bakarra:

(6) Peiok artoa /* artoaren jorratzen du.

Horrez gain, nafar-lapurteraz eta zubereraz fenomeno honen erabileran desberdintasunak daude. Nafar-lapurteraz, erraterako, aditz-izena -an lokatiboarekin edo -arekin komitatiboarekin batera agertzen bada osagarria ezin da genitiboan egon (Heath 1972: 59). Lafitteren (1944 [1979]) lanean adibide hauek ikus ditzakegu:

(7a) hura ikhustean
(7b) hura ikhustearekin

Zubereraren kasuan, aldiz, Heathek (1972: 64) Haritschelharren (1970, apud Heath 1972) eta Gèzen (1875, apud Heath 1972) TOGenaren lekukotasunak biltzen ditu:

(8a) haren ikhoustian
(8b) haren ikhoustiareki

Fenomenoaren sorreraren inguruan ere iritzi kontrajarriak daude. Batetik, Zuazok (2014: 244) dio antzina Euskal Herri osoan lekukotzen zela eta gerora TOGenaren erabileraren eremua murrituz joan dela egun arte. Bertzetik, Heathek (1972: 66) uste du Euskal Herriko arkaismoa baino Iparraldeko berrikuntza izan daitekeela.

Aipamenak

Artiagoitia, Xabier. 2003. «Complementation (noun clauses)». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 634-711.

Epelde, Irantzu. 2004b. Larresoroko azterketa. Dialektologia azterketa. Ph.D. Diss., UPV/EHU.

Heath, Jeffrey, 1972. «Genitivization in northern Basque complement clauses». International Journal of Basque Lingustics and Philology (ASJU) VI, 46-66.

Lafitte, Pierre. 1944. Grammaire Basque (Navarro-Labourdin Littèraire). Baiona: Librairie Le Livre. [Reprinted in 1979. Donostia: Elkar]

Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.