i.16. Ergatiboaren lekualdatzearen neutralizazioa: emon dostezun (v zeunstan, zenidan)  
Egilea: Endika Legarra
Nola aipatu: Legarra, Endika. (2022). Ergatiboaren lekualdatzearen neutralizazioa: emon dostezun (v zeunstan, zenidan)  . In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHU. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=1&e=6&h=eu].
i. Kasu eta komunztadura
Deskribapena

Euskal aditz inflexioak absolutibo, ergatibo eta datibo klitikoak (edo komunztadura markak) biltzen ditu. Absolutibo klitikoak, aurrizkiak diren heinean, erroaren aurretik (edo ezkerretara) kokatzen dira, aditz laguntzaile jokatuaren edo adizki sintetikoaren lehen posizioan. Datibo eta ergatibo klitikoak, aldiz, atzizkiak direnez, erroaren atzean (edo eskuinetara) kokatzen dira. Aurrizkiek eta atzizkiek forma ezberdinak hartzen dituzte. Adibidez, 1. pertsona singularraren absolutiboko klitikoa n- da; ergatibo eta datibokoa, berriz, -da/-t.

Alabaina, sistema honek salbuespenak ditu. Izan ere, ergatiboa 1. edo 2. pertsona eta absolutiboa 3. pertsona direnean, orainaldikoak ez diren forma iragankor zein ditrantsitiboetan, Ergatiboaren Lekualdatzea (EL) gertatzen da (Laka 1988, 1993a): ergatibo argumentuak absolutiboko klitikoen (aurrizkien) bidez egiten du komunztadura. Hau, esan bezala, orainaldikoak ez diren formetan gertatzen da, hots, iraganeko eta alegiazkoetan. Eredu orokorra jarraitzen duten hizkerek sistema hau dute (1a,b):

(1a) egin dut
egin.PTCP (3ABS).edun.1SG.ERG
(1b) egin nuen
egin.PTCP 1SG.ABSERG.edun.PST (EL)

Mendebaldeko hizkera batzuetan, ordea, EL-ren neutralizazioa gertatzen da, Hualdek (2000, 2002) EL-ren galera dakarrena nolabait. 1. hizkera eredua (2) jarraitzen duten hizkeretan EL-ren neutralizazioa gertatzen da forma ditrantsitibo guztietan. Hortaz, ergatibo argumentuei ergatibo klitikoak egozten zaizkie, ez absolutibokoak, edo bestela esanda, ez dira lekualdatzen.

(2) emon dostezun
eman.PTCP (3ABS).have.1SG.DAT.2ERG.PST (EL-ren neutralizazioa)

Halaber, hizkera hauetako batzuetan, EL-ren neutralizazioa forma iragankorretara ere hedatzen da. Hortaz, EL erabat galduta dute, forma guztietan. Hizkera hauek 1. azpi-hizkera ereduan sartu ditugu (3).

(3) egin doten
egin.PTCP (3ABS).edun.1SG.ERG.PST (EL-ren neutralizazioa)

Neutralizazio honetaz gain, beste hizkera batzuek EL-ren Neutralizazio Partziala (Hualde 2002) daukate. Hizkera hauek EL-dunak dira, baina fenomenoa gertatu beharko litzatekeen zenbait testuingurutan neutralizatu egiten da, hots, ergatibo argumentuak ergatibo klitikoa darama. Hau 2. pertsonako ergatibo argumentuekin gertatzen da batez ere; 1. pertsonakoek EL zaintzen dute.

(4) eman zidazun
eman.PTCP (3ABS).1SG.DAT.edun.2ERG.PST (EL-ren neutralizazio partziala)
Datu-basearen emaitzak

Eredu hau (2) jarraitzen duten hizkerak Arteakoa, Bergarakoa, Gernikakoa, Loiukoa eta Mungiakoa dira, baita Hualdek deskribatzen duen Bermeokoa ere.

Eredu hau (3) Lekeition eta Mungian jarraitzen dute, baita Bermeon ere (Hualde 2000).

EL-ren Neutralizazio Partziala 2. hizkera ereduari (4) dagokio eta, mendebaldeko hizkerez gain (Mallabia edota Aramaio), erdialdeko zenbait hizkerak ere jarraitzen dute (Azpeitia, Errenteria eta Hernani), baita Nafarroako Erroibarrek ere.

Eztabaida teorikoa

Hualderen iritziz, (2), (3) eta (4) adibideetako neutralizazioa orainaldiko formen analogiaren ondorioz sortzen da (dostezu > dostezun, dot > doten, didazu > zidazun). EL-ren galera, maiztasun txikieneko formetan da ugariena. Maiztasun handieneko formetan, berriz, zailagoa da neutralizazioa gertatzea. Hualdek (2000, 2002) hurrenkera hau proposatzen du (5), neutralizazio handiena jasaten duten formetatik gutxien jasaten dutenetara.

(5) ABS-DAT-ERG (1PL/2) >> ABS-DAT-ERG (1SG) >> ABS-ERG (1PL/2) >> ABS-ERG (1SG)

Beraz, zenidan > zidazun motakoak izango lirateke neutralizatzen lehenengoak eta neban > doten motakoak azkenak.

Aipamenak

Hualde, José Ignacio. 2000. «Bizkaiko kostaldeko hizkerak gaur eta bihar». In Koldo Zuazo (eds.), Dialektologia gaiak. Vitoria-Gasteiz: Arabako Foru Aldundia. 16-25.

Hualde, José Ignacio. 2002. «On the loss of Ergative Displacement in Basque and the role of analogy in the development of morphological paradigms». Lincom Europa 1, 219-230.

Laka, Itziar. 1988. «Configurational heads in Inflectional Morphology: The structure of the inflected forms in Basque». International Journal of Basque Linguistics and Philology (ASJU) XXII-2. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. 343-366.

Laka, Itziar. 1993a. «The Structure of Inflection: a Case Study in X° Syntax». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), Generative Studies in Basque Linguistics. Current Issues in Linguistic Theory. John Benjamins Publishing Company. 21-70.