Baiezko perpaus enfatikoetan, absolutiboa hartu ohi dute izen sintagmek, adjektiboa eraman (1a) zein ez (1b).
(1a) | Baditugu | sagar | onak |
BA.(3ABS).PL.edun.1PL.ERG | sagar | on.PL.ABS |
(1b) | Baditugu | sagarrak |
BA.(3ABS).PL.edun.1PL.ERG | sagar.PL.ABS |
Zenbait hizkeratan, baiezko perpausetako izen sintagmak partitiboaz marka daitezke enfasia adierazteko (Euskaltzaindia 1985 [1991]: 277). Perpaus hauek irakurketa existentziala dute, aditzaren absolutibo komunztadura singularrak erakusten duen bezala (Trask 2003: 125). Badirudi bereziki izen sintagmak adjektiboa hartzen duenean dela posible baiezko perpausetako izen sintagmak partitiboz markatzea (de Rijk 1972: 166-167; Trask 2003: 125).
(2) | Badugu | sagar | onik |
BA.(3ABS).edun.1PL.ERG | sagar | on.PRTV |
De Rijkek (1972: 166) dioenez, baiezko perpaus existentzialetan partitiboa agertzea Iparraldeko hizkeren ezaugarria da, hots, nafar-lapurteraz eta zubereraz aurki daitekeena. Hain zuzen ere, Lafittek (1944 [1979]) nafar-lapurteraren gramatikan ezaugarri honen berri ematen du.
Aldiz, de Rijkek (1972: 166) Gipuzkoako eta Bizkaiko hizkeretan ez dela (2)-koa bezalakorik aipatzen du; Nafarroako hizkerez, aldiz, ez duela datu nahikorik ondoriorik ateratzeko.
Hala ere, herri hizkeren gramatiketara joz gero, Eibarko euskaran Sarasua, Agirrebeña eta Zenarruzabeitiak (2005: 132) jaso dituzte partitibodun baiezko perpausak, balio enfatikoarekin. Beraz, badirudi Hegoaldeko hizkera batzuetan ere badela ezaugarri honen berri. Are gehiago, adjektiborik gabeko izen sintagmak dira jaso dituzten bi adibideak (ikus "Eztabaida teorikoa" atala):
(3a) | Gero, gaiñera, baekan hor senitartekorik Kuban |
(3b) | Sekula holako umerik! |
Datu-basean (2)-ko perpausaz galdetu ostean jaso ditugun emaitzak ez datoz bat oro har aurreko atalean deskribatzen den banaketa dialektalarekin.
Hasteko, de Rijkek (1972) Iparraldeko hizkeren ezaugarritzat hartzen du aztergai dugun ezaugarria. Datu-baseko emaitzetan, Zuberoako Urdiñarbeko hizkeran lekukotu da (2)-ko hizkera eredua. Aldiz, ez da lekukotu nafar-lapurteraz (Oragarre), Lafittek (1944 [1979]) nafar-lapurteraren ezaugarritzat jaso arren. Nafarroako hizkeretan ere ez da lekukotu, Goizuetan izan ezik, hots, Gipuzkoarekin mugan.
Aldiz, de Rijkek (1972) aurreikusitakoaren aurka, mendebaleko eta erdialdeko hainbat hizkeratan jaso da hizkera eredu hau. Horren adibide dira Getxo, Loiu, Gernika-Lumo, Artea eta Aramaio mendebalean; Itsasondo, Beizama eta Hernani erdialdeko euskalkian.
Dena den, mendebaleko euskalki batzuetan ez da ezaugarri hau jaso, hala nola Mungia, Lekeitio, Elgoibar eta Bergaran. Beraz, azken bi hizkera hauek Deba ibarrekoak izanda ere, Eibarko euskara bezala, Elgoibarren eta Bergaran ez da Sarasua, Agirrebeña eta Zenarruzabeitiak (2005) jasotako adibideak bezalakorik lekukotu (3).
Erdialdeko hizkeren artean Errenteriako euskara da ezaugarri hau lekukotzen ez duen bakarra. Hain zuzen ere, de Rijkek (1972) Mitxelenaren Errenteriako euskara adibide bezala dakar, hizkera honetan ez baita baiezko perpausetan adjektibo hutsa partitiboarekin erabiltzen. Alabaina, badirudi Mitxelenaren hizkeran onargarriak direla beste mota bateko egiturak (ikus "Eztabaida teorikoa" atala, (5) eta (6) adibideak).
Gorago aipatu bezala, partitiboa izen sintagmak adjektiboa hartzen duen perpaus existentzialetan agertu ohi da (2). Esate baterako, Lafitten (1944 [1979]: 74) eta de Rijken (1972: 166-167) arabera, lapurteraz adjektibodun izen sintagmak soilik marka daitezke partitiboz (4); adjektibo gabeak absolutiboz baino ez dira onargarri (1b):
(4) | *Badugu | sagarrik |
BA.(3ABS).edun.1PL.ERG | sagar.PRTV |
Alabaina, lehen aipatu dugu Eibarko euskaran adjektibo gabeko izen sintagmekin jaso direla partitibodun adibideak (Sarasua, Agirrebeña eta Zenarruzabeitia 2005: 132). Traskek (2003: 126) ere adjektibo gabeko izen sintagma partitibo bat dakar, Errenteriako hiztuna zen Mitxelenarena:
(5) | Baluke | merezimendurik | liburu | honen | egileak | (Trask 2003: 126) |
BA.(3ABS).edun.3ERG | merezimendu.PRTV | liburu | hau.GEN | egile.ERG |
Bestalde, adjektiboak -ago konparaziozko markagailua (Vela-Plo 2020) hartzen duenean ere partitiboz marka daiteke izen sintagma hainbat hizkeratan (de Rijk 1972: 167). De Rijken (1972) arabera, hizkera batzuetan ez dira posible (2)-koa bezalako perpausak, non adjektibo hutsak jasotzen duen partitibo marka, bai ordea (6) bezalakoak, -ago markagailudunak alegia. De Rijkek (1972) dioenez, hizkera horiek Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugakoak dira. Zehazki, (6)-eko adibidea Mitxelena errenteriarrarena da (de Rijk 1972: 167):
(6) | Erabaki gogorragorik hartu beharrean aurkitu ziren bai Cesar Rubicon ibaia igarotzerakoan eta bai Cortés ontziak zulatu aurrean |
de Rijk, Rudolf P.G. 1972. «Partitive assignment in Basque». International Journal of Basque Philology (ASJU), VI: 130-73.
Euskaltzaindia. 1985. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak I. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1991]
Lafitte, Pierre. 1944. Grammaire Basque (Navarro-Labourdin Littèraire). Baiona: Librairie Le Livre. [Reprinted in 1979. Donostia: Elkar]
Sarasua, Asier, Aintzane Agirrebeña and Leire Zenarruzabeitia. 2005. Eibarko euskara. Gure hizketaren doinu eta berbak. Eibar: Eibarko Udala.
Trask, Larry. 2003. «The Noun Phrase: nouns, determiners and modifiers; pronouns and names» In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 113-167.
Vela-Plo, Laura. 2020. Drawing comparisons: A syntactic and semantic approach to Basque, Spanish and English inequality comparative structures. Ph.D. Diss., UPV/EHU.