Eredu orokorra. Zenbait hizkeratan, eta eredu estandarrean, forma alokutiboak perpaus nagusietan agertzen dira, ez aldiz menpeko perpausetan. Bestalde, perpaus nagusien artean, adierazpen perpausetan azaltzen dira, (1) adibidean bezala:
| (1) | Eguraldi | ona | egingo | duela |
| eguraldi | ona | egingo | (3ABS).izan.ELA | |
| pentsatzen | dinat / | diat | ||
| pentsa.IPFV | (3ABS).edun.APPL.ALLO.F.1SG.ERG | (3ABS).edun.APPL.ALLO.M.1SG.ERG |
Hizkera eredua 1. Hainbat hizkeratan, ordea, alokutiboa galdera perpausetan ere ager daiteke, (2) adibidean ikus daitekeenez:
| (2) | Zenbat | joan | ditun/k | elkar | ikusi | gabe? | (Gure Jerusalem galdua, Aingeru Epalza) |
| zenbat | joan | (3ABS).edun.APPL.ALLO.F/M | elkar | ikusi | gabe |
Hizkera eredua 2. Bestalde, hizkera batzuetan, alokutiboa aditz nagusitik kanpo ere azal daiteke, bi kasu hauetan esaterako:
Azpi-hizkera eredua 1. Hizkera batzuetan, baldintzetako protasian ager daiteke forma alokutiboa.
| (3) | Konfliktoa | ezinbestekoa | duk, | ||
| konfliktoa | ezinbestekoa | (3ABS).edun.ALLO.M | |||
| tramak | aurrera | egingo | badik | ((Euskal) literaturaren alde (eta kontra), Iban Zaldua) | |
| tramak | aurrera | egingo | ba.(3ABS).edun.APPL.ALLO.M |
Azpi-hizkera eredua 2. Zenbait hizkeratan, menpeko perpausetan ager daitezke forma alokutiboak.
| (4) | Eguraldi | ona | egingo | di(n)ala |
| eguraldi | ona | egingo | (3ABS).edun.APPL.ALLO.F.ELA | |
| pentsatzen | di(n)at | |||
| pentsa.IPFV | (3ABS).edun.APPL.ALLO.F.1SG.ERG |
Alberdik (1996: 284) egindako galdeketaren emaitzek erakusten dute galderetako alokutiboaren erabilera oso zabaldua dagoela. Bere datuen arabera, ekialdeko behe-nafarreraz eta zubereraz izan ezik, beste hizkeretako hiztunek erraz onartzen dute erabilera hau. Hain zuzen, gure datu-baseko erantzunek ere antzeko emaitza ematen dute.
Menpeko perpausetan, ostera, alokutiboa erabiltzeko debekua errespetatu egiten dela agertzen dute Alberdiren datuek. Berak ohartarazten duenez, joera honetatik desbideratzen diren hiztunak mendebaleko hiztun gazteak izan ohi dira. Hala ere, baldintzazko protasietan, zabalduago dago alokutiboa erabiltzeko joera eta ekialdeko hizkeretan izan ezik, beste hizkeretan lekukotzen du Alberdik (1996: 286).
Alberdiren lanaz geroztik egindako hizkeraz hizkerako deskribapenei begiratuz gero, joera hauek mantendu egin direla ikusten dugu: Aranberrik (1996: 76-77) Ermuako hizkeran, hiketako alokutiboa galderazko perpausetan ere erabiltzen dela ohartarazten du. Menpeko perpausei dagokienez, baldintzetako protasian ere aurkitzen du, ez ordea, bestelako menpeko perpausetan. Elgoibarren ere ohikoa da galderetan (Makazaga 2009: 139) eta baldintzazko perpausetan ere hitanoa erabiltzen da Eibarren (Sarasua et al. 2005: 247-248) zein Elgoibarren, batzuetan bederen (Makazaga 2009: 139). Baztaneko hizkera deskribatzerakoan, Salaburu eta Lakarrek (2005: 90) ohartarazten dute zaharrek ez dutela, oro har, hiketa erabiltzen menpeko perpausetan, baina gazteek bai. Galderazko perpausetan, aitzitik, ohikoa da alokutiboa entzutea zaharrengan ere.
Aurreko kapituluan (ikus 23. kapitulua) azaldu dugunez, hiketako tratamendu alokutiboa euskararen lurralde osoan aurkitzen dugu adierazpen perpausetan. Gure datu-baseko erantzunei begira, antzeko zerbait esan dezakegu galdera-perpausei dagokienez, izan ere, baiezko erantzuna jaso dugu (2) eredurako hizkera guztietan, batean izan ezik. Ezezkoa Urdiñarben aurkitzen dugu, zuberotarrez beraz.
Menpeko perpausetako erabilera alokutiboari dagokionez, hau ere oso zabaldua dagoela ageri da datu-base honetako datuetan. Baldintzazko protasietan alokutiboa erabiltzeaz ari bagara, (3) eredukoa bezalako egituren berri eman dute datu-base honetako hizkera gehienetan, bitan izan ezik: Orbaizetakoan eta Urdiñarbekoan. Hala, ematen du ekialderen dauden hizkeretan ez dela eredu hau onartzen, ez ekialdeko nafarreraz ezta zuberotarrez ere.
Azkenik, bestelako menpeko perpausetan alokutiboa erabiltzen duten hizkeren eremua murritzagoa dela ematen du. (4)koa bezalako perpausen erabileraren berri eman dute mendebaleko zenbait hizkeretan: Artea, Mungia, Otxandio, baita erdialdeko beste zenbaitetan ere: Hernani eta Itsasondo; Nafarroako zenbait hizkeretan ere: Arbizun eta Arizkunen, eta baita nafar-lapurteraz Ziburun ere. Alabaina, badira eremu hauetako bakoitzean beste zenbait hizkera erabilera hau onartzen ez dutenak: mendebalean, ezezkoa eman dute Aramaio, Bergara eta Elgoibarreko hizkeretan, erdialdean Beizaman, Nafarroan Goizuetan eta Orbaizetan eta nafar-lapurteraz Oragarren. Zuberotarrez ere, Urdiñarben ezezko erantzuna jaso dugu.
Hala, datu-base honetako datuei begira, ematen du menpeko perpausetako alokutiboaren hedadura irregularra dela hizkeretan zehar, eta izan daiteke geografikoak ez diren beste faktore batzuen menpe egotea.
Hainbat gramatikak (Euskaltzaindia 1987 [1997]: 390-392; Hualde et al. 2003: 244; de Rijk 2008: 810) adierazten dute alokutibotasuna eskuarki perpaus nagusiari dagokion fenomenoa dela, eta ez dela menpeko perpausetan ageri ohi. Dena dela, hiztun gazteek alokutiboa konpletiboetan eta galderetan ere erabiltzen dutela adierazi dute Hualde et al. (2003: 244). Galderetan alokutiboa onartzea gipuzkera eta bizkaierari egozten dizkio de Rijkek (2008: 810).
Datu hauei erreparatuta, zilegi litzateke galdetzea zeri zor zaion alokutiboak jasaten duen murriztapen hau. Gehiegi sakondu ezin dugun arren, komeni da aipatzea Haddicanek (2018: 105) proposamen teoriko bat plazaratzen duela fenomeno hau azaltzeko. Bere proposamenaren arabera, morfema alokutiboak bokatiboaren gauzapen morfologikoak dira, eta horregatik, izenordain bokatiboek eurek bezala, ezin dute menpeko perpausetan agertu.
Alberdi, Xabier. 1996. Euskararen tratamenduak: erabilera. Bilbo: Euskaltzaindia.
Aranberri, Fernando. 1996. Ermua eta Eitzako euskara. Ermua: Ermuko Udaleko Euskara Batzordea.
de Rijk, Rudolf P.G.. 2008. Standard Basque: A progressive grammar. Cambridge (Mass.): MIT Press.
Euskaltzaindia. 1987. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak II. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1997]
Haddican, Bill. 2018. «The syntax of Basque allocutive clitics». Glossa: a journal of general linguistics, 3(1), 101.
Hualde, Jose Ignacio, Beñat Oyharçabal eta Jon Ortiz de Urbina. 2003. «Allocutive forms». In Jose Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Berlin/New York: De Gruyter, 242-246.
Makazaga, Jesus Mari. 2009. Elgoibarko euskara. Ph.D. diss., UPV/EHU.
Salaburu, Pello and Maite Lakar. 2005. Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia. Iruñea: Nafarroako Gobernua & Euskaltzaindia.
Sarasua, Asier, Aintzane Agirrebeña and Leire Zenarruzabeitia. 2005. Eibarko euskara. Gure hizketaren doinu eta berbak. Eibar: Eibarko Udala.


