i.11. Datiboaren lekualdatzea: eman nauzu (v eman didazu)
i. Kasu eta komunztadura
Deskribapena

Eredu orokorra: Euskaraz nagusi den ereduan, perpauseko argumentuetako bakoitzak komunztadura adierazten du aditz jokatuan. Hau berau gertatzen da datibo argumentuak ageri direnean era, argumentu hauek komunztadura eragiten baitute aditz-inflexioan, (1) adibidean ikus daitekeen moduan:

(1) Zuk niri liburua eman didazu
zu.ERG ni.DAT liburua.ABS eman.PTCP (3ABS).(edun).APPL.1DAT.2ERG

Adibide honetan (1) datibo komunztadura adierazten da aditz-inflexioan d-i-da-zu (3.SG ABS, *edun, 1.SG DAT, 2.SG ERG) eta hau da euskaraz ohikoena den eredua.

Hizkera eredua 1: Elkarren ondoan ez dauden hizkera batzuetan ordea, 1. eta 2. pertsonako datibo argumentuek absolutibo komunztadura eragiten dute aditz-inflexioan; Datiboaren Lekualdatzea deritzona, hain zuen (Fernández 2001).

(2) Zuk niri liburua eman nauzu
zu.ERG ni.DAT liburua.ABS eman.PTCP 1SG.ABS.edun.2ERG

Datiboaren lekualdatze hau Kostaldeko Solezismoa (Lafitte 1944 [1979]) izenez ere ezagutzen da, eta (2) adibidean ikus daitekeen moduan, aditz-inflexio ditrantsitiboaren lekuan, ergatibo-absolutibo komunztaduradun aditz-inflexioa ageri da: na-u-zu (1SG.ABS., *edun, 2.SG ERG).

Banaketa dialektala

Aipatutako hizkera ereduak jarraian zehazten den banaketa dialektalean lekukotzen dira:

Eredu orokorra (1. eta 2. pertsonako datibo argumentuak datibo komunztadura aditz-inflexioan): honako hau da hizkera ia guztietan lekukotzen den aldaera (Rezac eta Fernández 2013:12).

Hizkera eredua 1 (Datiboaren Lekualdatzea): gertakari hau kostaldeko hizkeretan lekukotu da batez ere, Lekeition (mendebaleko sortaldean), Hondarribian (erdialdeko eta Nafarroako hizkeren mugan) eta Ziburun (Lapurdiko kostaldean). Hauen inguruko hizkeretan ere jaso da datiboaren lekualdatzea, besteak beste, Oiartzunen (Gipuzkoan) eta Ainhoan (Lapurdin). Debagoienako Oñatin iraganeko perpausetan baino ez da ageri datiboaren lekualdatzea (Rezac eta Fernández 2013:12).

Datu-basearen emaitzak

Atal honetan, datu-basean emandako erantzunak jaso eta erantzun hauek dialektologia lanetako sailkapenekin alderatzen dira, honela, hizkera ereduren baten hedadurak aldaketarik izan duen egiaztatzeko.

Hizkera eredua 1 (datiboaren lekualdatzea): Lekeitioko (mendebaleko sortaldea) eta Ziburuko (Lapurdiko kostaldea) berriemaileek euren hizkeretan gertakari hau lekukotzen dela aipatu dute. Hondarribi edo Astigarragako berriemailerik egon ez bada ere, inguruko hizkeretako (Irungo, Errenteriako eta Hernaniko) berriemaile guztiek gertakari honen berri eman dute, datiboaren lekualdatzeak hedadura zabala duela adieraziz. Espero zenaren aurka, Otxandioko (mendebaleko hegoaldea) hiztunak ere bere hizkeran datibo lekualdatzea ohikoa dela adierazi du.

Eztabaida teorikoa

Esandakoa laburtuz, kostaldeko hizkera batzuetan 1. eta 2. pertsonako datibo argumentuek absolutibo komunztadura adierazten dute aditz jokatuan. Gauzak honela, perpaus ditrantsitiboetan, aditz jokatuak perpauseko subjektuarekiko eta zehar osagarriarekiko komunztadura adierazten du, ez ordea, osagarri zuzenarekikoa. Gertakari hau kostaldeko bi eremu nagusitan lekukotzen da, mendebaleko sortaldean (Lekeition) eta Erdialdeko euskalkiaren mugatik hasi eta nafar-lapurteraren kostaldeko eremura bitartean (Hondarribia, Irun, Ainhoa, Ziburu). Gainera, Gipuzkoan, Beterri aldera hedatzen ari dela dirudi, Oiartzun eta Errenterian ez ezik, Hernanin ere honen berri eman baitute.

Kostaldetik kanpo, barnealdean ere lekukotu da datiboaren lekualdatzea, hori adierazi baitu Otxandioko (Bizkaiko hegoaldea) berriemaileak. Beraz, gertakari bera izanagatik ere, badirudi tokian tokiko aldaera hauek ez dutela elkarren arteko loturarik eta hortaz, datibozko argumentuaren komunztadura berrinterpretatzeko berrikuntza beregainak lirateke.

Aipamenak

Fernández, Beatriz. 2001. «On Split Ergativity: Evidence from Basque». In Vivian Lin, Cornelia Krause, Benjamin Bruening and Karlos Arregi (eds.), Papers on Morphology and Syntax. Cycle Two. MITWPL 34. Cambridge (Mass.): MIT Press. 177-190.

Lafitte, Pierre. 1944. Grammaire Basque (Navarro-Labourdin Littèraire). Baiona: Librairie Le Livre. [Reprinted in 1979. Donostia: Elkar]

Rezac, Milan and Beatriz Fernández. 2013. «Dative Displacement in Basque». In In Beatriz Fernández and Ricardo Etxepare (eds.), Variation in datives: a microcomparative perspective. New York: Oxford University Press. 256-282.