i.23. Alokutiboa eta tratamenduak: hiketa, xuketa eta zuketa
Egilea: Cecilia Fernández
Nola aipatu: Fernández, Cecilia. (2022). Alokutiboa eta tratamenduak: hiketa, xuketa eta zuketa. In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=1&e=70&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
i. Kasu eta komunztadura
Deskribapena

Ezaguna denez, euskaraz aditzak morfologia oso aberatsa du, perpauseko hiru argumenturekin komunztadura egin dezake-eta. Hala, aditz jokatuak predikatuko argumentuei dagokien ergatibo, absolutibo eta datibo komunztadura erakuts dezake, (1) adibidean bezala:

(1) Zuk niri liburua
2NONFAM.ERG ni.DAT liburua.ABS
ekarri didazu
ekar.PTCP (3ABS).edun.APPL.1SG.DAT.2NONFAM.ERG

Jakina, perpausean zenbat argumentu ageri diren, horrenbesterekin komunztadura egiten du aditzak. Horrela, argumentu bakarreko perpausean, aditzak argumentu horri dagokion kasuarekin baino ez du komunztadura egingo, (2) adibidean ikus daitekeen moduan:

(2) Aita joan da
aita.ABS joan (3ABS).izan

Hizkera eredua 1. Dena dela, badira komunztadura aukera gehiago ere. Zenbait hizkeratan, mintzakideari dagokion alokutibo komunztadura ere ager daiteke aditz jokatuan. Kasu hauetan, aditzak bigarren pertsonako morfologia hartzen du, (3b) adibidean bezala. Azpimarragarria da hiketa erabiltzen duten hizkeretan, komunztadura morfema hau (-k/-n edo -a-/-na-) eta familiarteko bigarren pertsonako ergatibo (eta datibo) morfemak homofonoak direla, (3b) adibidea (3a)rekin alderatzerakoan ikusten denez:

(3a) Hik liburua ekarri duk/n
2FAM.ERG liburua.ABS ekar.PTCP (3ABS).edun.2FAM.ERG.M/F
(3b) Jon etorri duk/n
Jon.ABS etor.PTCP (3ABS).edun.ALLO.M/F

Hala, (3b) adibidean, -k/-n morfemak ez du komunztadurarik egiten perpausean ageri den ezein argumenturekin, mintzakidearekin baizik, eta horregatik, mintzakideari egozten zaion genero gramatikalaren arabera (maskulinoa edo femeninoa) ezartzen da morfema bat edo bestea aditzean. Aldiz, (3a) adibidean, aditzeko 2. pertsonako komunztadura (-k/-n) argumentu bati dagokio, hain zuzen, subjektu ergatiboari (hik). Horrela, aditzeko morfemaren genero komunztadura ere argumentu honi egozten zaion generoari dagokio.

Azpi hizkera eredua 1. Aipagarria da erdialdeko zenbait hizkeratan, alokutibo komunztadura adierazten duen morfemaren aurretik -txi- morfema gehigarri bat ageri dela. Zuazok (2013: 99) deskribatutakoaren arabera, morfema hau (berak -tx- bezala identifikatzen duena)  bereziki lehenaldiko absolutibo-ergatibo eta absolutibo-datibo-ergatibo komunztadurako aditz laguntzaileetan eta aditz sintetikoetan aurkitu ohi da:1

(4a) nago
1SG.ABS.egon
(4b) natxiok/n (Zuazo 2013: 99)
1SG.ABS.egon.ALLO.M/F

Hizkera eredua 2. Bestalde, alokutiboa ez da beti familiarteko 2. pertsonako morfemaren bidez adierazten. Badira hizkerak non zuketako alokutibo komunztadura agertzen den aditz jokatuan. Hizkera hauetan morfema alokutiboa eta ergatiboko (eta datiboko) 2. pertsonako morfema ez-familiartekoa (-zu) homofonoak dira, (5a) eta (5b) adibideak konparatzerakoan ikusten den bezala. Agerikoa denez, morfema honek ez du genero bereizketarik adierazten:

(5a) Aita joan duzu
aita joan.PTCP (3ABS).edun.2ALLO
(5b) Zuk etxea erosi duzu
Zu.ERG etxea.ABS erosi.PTCP (3ABS).edun.2NONFAM.ERG

Berriz ere, goiko (5a) adibidean aditzak ageri duen bigarren pertsonako morfema ez dagokio perpauseko argumentu bati, mintzakideari baizik –(5b) adibidean ez bezala.

Hizkera eredua 3. Azkenik esan behar da, beste zenbait hizkeratan, genero bereizketarik gabeko xukako tratamendua erabiltzen dela. Eredua aurreko kasuko bera da, beraz, mintzakideari dagokion alokutibo komunztadura aditz jokatuan ager daiteke eta komunztadura hau -xu morfemaren bidez adierazten da:

(6) Aita joan duxu
aita joan.PTCP (3ABS).edun.2ALLO

Dena dela, xukako tratamenduak ez du beti alokutibotasuna barne hartzen. Izan ere, hizkera batzuetan, alokutiboa ez den -xu tratamendua baino ez da erabiltzen, hots, -xu morfema perpauseko argumentu batekin komunztadura egiteko erabiltzen da soilik (7) adibidean bezala, eta ez mintzakidea adierazteko (6) adibidean bezala:

(7) Aita ikusi duxu
aita ikus.PTCP (3ABS).edun.2ERG

Oharrak:

1 -tx- baino, morfema -txi- dela ematen du (adb. Nabilek>natxibilek ematen du Zuazok).

Banaketa dialektala

Oro har, sarritan dokumentatzen da hiketaren galera edo atzerakada hainbat hizkeratan. Honek ondorioz dakar hiztunek hiketako adizkiak ez jakitea, gutxi batzuk bakarrik erabiltzea edo intuiziorik ez izatea alokutiboan osatutako perpausen gramatikaltasunaz. Honen berri ematen dute, besteak beste, Arretxek (1994: 224-225) Basauriko euskararako, Hualde et al.-ek (1994: 134-135) Lekeitioko hizkerarako, Agirretxe eta Esnaolak (2000: 107) Lezoko euskararako, Zuazok (2010: 163) Burundarako, Salaburu eta Lakarrek (2005: 90) Baztaneko hizkeretarako edo Epeldek (2004a: 295) Lapurdiko hego-ekialdeko hizkeretarako.

Ikusten denez, hiketaren galera lurralde osoan zabaltzen doan joera da. Hala ere, Alberdik (1996) deskribatzen duenaren arabera, hiketaren galera bereziki nabarmena izan da Bizkaiko itsasaldeko herrietan, non ia ez den erabiltzen. Bizkaiko barrualdean zerbait indartsuago dago (Markina aldean, Durangaldean, Arratian, Orozko aldean, Zeberion, Otxandion). Gipuzkoako mendebaldeko hizkeretan ere osasuntsu mantendu da oraintsu arte.

Euskalki guztietan, gainera, galera nabarmenena noketari (hiketa femeninoari) gagozkiola gertatu da. Alberdiren (1996: 299) arabera, noketako tratamenduari erdialdeko hizkeretan eta iparraldeko goi nafarreraz eutsi zaio hoberen.

Bestalde, esan den bezala, zuketa eta xuketa ekialdeari dagozkion tratamenduak dira. Bonaparte printzeak (1869) jada zehaztu zuen bezala, zuketa zubererari eta ekialdeko behe-nafarrerari dagozkio. Alberdiren arabera (1996: 312-313), hala ere, tratamendu hau galtzen ari da behe-nafarreraz, berak ez baitzuen jaso Donibane-Garazi inguruan. Xuketa alokutiboa, bestalde, ekialdeko behe-nafarreraz (eta zaraitzueraz) aurkitzen da eskuarki, eta oso gutxi zubereraz (Aiñharbe aipatzen du Alberdik). Mendebaldeko behe-nafarreraz ere, Alberdik Luzaiden, Arnegin eta Lasan lekukotu zuen (1996: 318). Epeldek (2004a: 295) Lekuinen, Lekornen, Makean eta Hazparnen xuketa ez-alokutiboa lekukotzen du.

Aditzen morfologiari gagozkiola, aurreko atalean aipatu dugu hiketako alokutiboaren fenomenoa orokorra den arren, hiketako adizkiek hartzen duten forma nahiko aldatzen dela hizkera batetik bestera. Gehiegi sakondu gabe, zenbait hizkeratan aurkitzen diren berezitasunak aipatuko ditugu segidan.

Mendebaleko hizkeretan, adizki bukaerako femeninoko morfema -na da (ez -n), hau da, hitz-tartekoaren berdina. Horrekin batera, mendebaleko zenbait hizkeratan, aditz intransitiboetako eta ditrantsitiboetako orainaldiko komunztadura absolutiboa 3.pertsonakoa denean, intrantsitiboko d- morfemaren (joan duk) edo ditrantsitiboko z- txistukariaren ordez (eman zidak/n), j- erako sabaikariak eta belarrak aurkitzen ditugu (hizkeraren arabera, /y/, /ʝ/, /d͡ʒ/, /x/ etab. bezala gauzatzen direnak): joan jok, emon jonak/n (Zuazo 2013: 49-50). Burundan ere belokoa aurkitzen dugu zenbait adizkitan d-ren ordez: jituk/jitin (aditz batuan dizkiak/dizkinan), eta baita z-ren ordez ere adizki trinko batzuetan: jukat/jukanat (batuaz zaukaat/zaukanat) (Zuazo 2010: 164). Aditz trinko iragangaitzetan ere d-ren ordez j- aurkitzen dugu mendebaleko zenbait hizkeratan: yabik, yabillek (ikus, adibidez, Gaminde 1988), baina ez Eibar, Soraluze, Ermua eta Elgoibarren non dabik esaten den (Sarasua et al. 2005: 239).

Hualde et al.-ek (2003: 245-246) aipatzen dute zenbait hizkeratan -i- morfema bat tartekatu ohi dela alokutiboko formetan: niagok (<nagok). Era berean, mendebaleko zenbait hizkeratan -j- morfema bat aurkitzen dugu tartekatuta absolutibo-ergatibo komunztadurako aditzetan. Morfema hau absolutiboko pertsona komunztaduraren ondoren ageri da: nekian > najekixan (Eibarko hizkera, Sarasua et al. 2005: 238). Ostera, goian aipatu dugun moduan, erdialdeko zenbait hizkeratan (Beterri eta Urolakoetan eskuarki, Zuazo 2013: 99) -txi- morfema bat aurkitzen dugu, berriz ere, absolutiboko pertsona komunztaduraren ondoren.

Datu-basearen emaitzak

Hiketaren erabilera, erregistro eta testuinguru batzuetara murrizten den arren, geografikoki euskararen eremu osoari dagokio. Horregatik, datu-base honetan jaso ditugun ia erantzun guztiek baiezkoa eman dute (3a) eta (3b) eredurako. Erantzun hauen arabera, hiketa bai erabilera alokutiboan zein ez-alokutiboan erabiltzen da hizkera hauetan guztietan. Gernikan baino ez da ezezko erantzuna jaso, ziurrenik, eremu honetako hizkeretan hiketako tratamenduak atzerapen nabarmena jasan duelako erabilerari dagokionez (ikus Alberdi 1996: 298 eta berak aipatzen duen Yrizar 1981: 375-380).

Bestalde, -tx- morfema tartekatzea erdialdeko hizkera batzuei dagokien fenomeno mugatua da. Hala ere, Zuazok (2013: 99) ezaugarri honen jatorria Beterrin ezartzen duen arren, eremu zabalagoa hartu duela ematen du, baiezko erantzuna jaso baitugu (4b) eredurako Azpeitian, Itsasondon, Beizaman, Hernanin eta Irunen. Ezezkoa eman dute, aldiz, erdialdeko hizkerak ere badiren Errenteriako eta Etxalekuko hizkeretan.

Zuketari dagokionez, ipar-ekialdeari dagokion tratamendua dela ikusten dugu. Zuketaren erabilera alokutiboa (5a), Oragarreko eta Urdiñarbeko hizkeretan lekukotu da datu-base honetan, hots, ekialdeko nafar-lapurteraz eta zubereraz.

Halaber, xuketa ere ipar-ekialdean aurkitzen da. Xuketaren erabilera alokutiboa zein ez-alokutiboa Oragarren baino ez dugu lekukotu gure datu-basean, ekialdeko nafar-lapurteraz beraz.

Eztabaida teorikoa

Euskarazko gramatiketan adierazten denez (Hualde et al. 2003: 242; de Rijk 2008: 809), alokutiboaren erabilera derrigorrezkoa da bigarren pertsonako lagunarteko hizkeran, hau da, hiketa, erabili nahi bada. Mintzakideari genero maskulinoa ezartzen bazaio -k edo -a- morfema gehitu beharko zaio adizkiari; genero femeninoa ematen bazaio, ordea, -n edo -na-.

EGLU IIn Euskaltzaindiak (1987 [1997]: 388) zehazten du hiketako tratamenduaz gain, ekialdeko hizkeretan zuketa eta xuketako tratamendua ere erabiltzen dela. Hauek ere erabilera alokutiboa daukate eta hiketako alokutiboen modu bertsuan jokatzen dute. Hala ere, zuketarako alokutiboa erabiltzea ez da derrigorrezkoa, ekialdeko zenbait hizkeratan izan ezik. Halaber, badira hizkerak non xuketa ez-alokutiboa erabiltzen den.

Bestalde hiketaren eta zuketaren arteko desberdintasuna erregistro aldekoa ere bada: hiketa lagunarteko erregistrorako erabiltzen da eta zuketa, ordea, erregistro neutro eta formaletarako. Dena dela, erregistroari buruzko ñabardurak aldatu egiten dira hizkera batetik bestera, eta hizkera batzuetan hiketa nahiko ohikoa bada ere, beste batzuetan oso familiartekotzat hartzen da. Xuketari, bestalde, balio afektiboa erantsi ohi zaio hau erabiltzen duten hizkeretan (Euskaltzaindia 1987 [1997]: 389-390; Alberdi 1996).

Hualde et al.-ek (2003: 243) azpimarratzen dute informazio egiturari dagokionez, alokutibodun perpausak ez direla desberdintzen ezertan ere alokutibo gabeko perpausetatik. Hala, nahiz eta mintzakideari egindako erreferentzia gramatikalki gauzatzen den, honek ez du esan nahi adierazitako ebentuak mintzakideari eragiten edo interesatzen dionik. Ez da, beraz, alokutibotasunaren fenomenoa datibo etiko deitu izan denarekin nahastu behar (Oyharçabal 1993; De Rijk 2008: 810).

Morfologiaren aldetik, adizki alokutiboak sortzerakoan hizkeren artean nahiko alde daudela agerikoa da, nahiz alokutibotasunaren fenomenoa bera hizkera guztietan aurkitzen dugun. Oro har, forma alokutiboak forma ez-alokutiboetatik eratortzen dira, baina salbuespenak ere badira. Orokorrean, zera esan daiteke forma alokutiboak eratortzeko moduaz (de Rijk 2008; Hualde et al. 2003):

 - Hiketako morfema alokutiboa hitz bukaeran ageri denean -k bezala gauzatzen da maskulinorako eta -n bezala femeninorako. Adizkiaren tarteko posizio batean ageri denean ordea -a- gisa maskulinorako eta -na- gisa femeninorako.

 - Aditz-erroa kontsonantez bukatzen bada, beste adizki batzuetan ere ohikoa denez, -e- epentetikoaren bitartez txertatzen da -k edo -n morfema: nator > natorrek/n.

 - Izan erroko orainaldiko formak *edun erroko formekin ordezkatzen dira, eta hala ergatibo/datiboko bigarren pertsona familiarreko morfema azaleratzen da: etorri naiz > etorri nauk/n

- Izan erroko lehenaldiko formak ere *edun erroko formekin ordezkatu ohi dira hizkera gehienetan, baina ekialdeko hizkeretan eta euskara batuan forma desberdinak ematen dituzte hirugarren pertsonan: etorri zen etorri zu(n)an (vs. zuen).

- Ahalerazko forma alokutiboetan *edin erroko aditzak bere horretan mantentzen dira: naiteke > naitekek/n.

 - Absolutibo-datibo komunztadurako izan erroaren forma alokutiboan -a- aurkitzen dugu tartekatuta adizkia eta -k/-n morfemaren artean: gustatzen zait zaidak/n.

 - Absolutibo-ergatibo komunztadurako *edun erroko formak ditrantsitiboko erroarekin ordezkatzen dira absolutiboko argumentua hirugarren pertsonakoa denean: edan du > edan dik/nikusi dut ikusi di(n)at.

 - Forma ditrantsitiboetan -a-/-k edo -na-/-n morfemak gehitzen dira, laugarren indize bezala, eta 3. pertsonako d- morfemaren ordez z- ageri da: esan diot > esan zioat/zionateman dit > eman zidak/n.

Aipamenak

Agirre, Eñaut. 2016. «Txe morfema, erdialdeko hizkeretako alokutiboetan (Errezilko kasua)». handout, Euskal Dialektologia Mintegia, UPV/EHU.

Agirretxe, Jose Luix and Imanol Esnaola. 2000. Lezoko euskararen azterketa. Lezo: Lezoko Udala.

Aizpurua, Ainhoa. 2016. «Aditz jokatuetako -a/-e bokalen aurkakotasunaz bi hitz». handout, Euskal Dialektologia Mintegia, UPV/EHU.

Alberdi, Xabier. 1995. «The development of the Basque System of terms of address and the allocutive conjugation». In Jose Ignacio Hualde, Joseba A. Lakarra and Robert L.Trask (eds.), Towards a history of the Basque language. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 275-295.

Alberdi, Xabier. 1996. Euskararen tratamenduak: erabilera. Bilbo: Euskaltzaindia.

Arretxe, Jon. 1994. Basauriko euskara. Basauri: Basauriko Udala.

Bonaparte, Louis Lucien. 1869. Le verbe basque en tableaux, accompagné de notes gramaticales, selon les huits dialectes de l'euskara. Londres: Strageways and Walden. [Reprinted in 1992. Opera Omnia Vasconice. Bilbo: Euskaltzaindia]

de Rijk, Rudolf P.G.. 2008. Standard Basque: A progressive grammar. Cambridge (Mass.): MIT Press.

Epelde, Irantzu. 2004a. «Lapurdiko hego-ekialdeko euskararen kokapenerantz». FLV, 36, 96. 271-304.

Euskaltzaindia. 1987. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak II. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1997]

Gaminde, Iñaki. 1988. «Bizkaiko aditz trinkoen alokutiboak (orain aldia)», FLV, 52. 181-240.

Haddican, Bill. 2015. «A note on Basque vocative clitics». In Beatriz Fernández and Pello Salaburu (eds.), Ibon Sarasola Gorazarre. Homenatge, Homenaje. UPV/EHU. 303-317.

Haddican, Bill. 2018. «The syntax of Basque allocutive clitics». Glossa: a journal of general linguistics, 3(1), 101.

Hualde, José Ignacio and Jon Ortiz de Urbina (eds.). 2003. A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter.

Hualde, José Ignacio, Gorka Elordieta and Arantzazu Elordieta. 1994. The Basque dialect of Lekeitio. Bilbo and Donostia: PV/EHU and Gipuzkoako Foru Aldundia. Supplements of the International Journal of Basque Philology ASJU 34.

Oyharçabal, Beñat. 1993. «Verb Agreement with Non Arguments: On Allocutive Agreement». In Jose Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), Generative Studies in Basque Syntax. Amsterdam: John Benjamins. 89-114.

Rebuschi, Georgés. 1984. Structure de l’énoncé en basque. Paris: SELAF.

Salaburu, Pello and Maite Lakar. 2005. Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia. Iruñea: Nafarroako Gobernua & Euskaltzaindia.

Sarasua, Asier, Aintzane Agirrebeña and Leire Zenarruzabeitia. 2005. Eibarko euskara. Gure hizketaren doinu eta berbak. Eibar: Eibarko Udala.

Yrizar, Pedro. 1981. Contribución a la dialectología de la lengua vasca (2 liburuki). Donostia: Gipuzkoako Aurrezki Kutxa.

Zuazo, Koldo. 2010. Sakanako euskara. Burundako hizkera. Iruña: Nafarroako Gobernua; Bilbo: Euskaltzaindia.

Zuazo, Koldo. 2013. The dialects of Basque. Reno: University of Nevada.