i.8. Datibo komunztaduraren galera: gizonari liburua eman du (v dio)
Nola aipatu: Etxeberria, Jürgen. (2022). Datibo komunztaduraren galera: gizonari liburua eman du (v dio). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=1&e=8&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
i. Kasu eta komunztadura
Deskribapena

Eredu orokorra: Euskaraz, perpauseko argumentu guztiek komunztadura eragiten dute aditz jokatuan. Datibo argumentuak ageri direnean perpausean, datibo komunztadura adierazten dute adizkian. Honen erakusle da datibo argumentua topikalizatuta duen (1) perpausa.

(1) Gizonari liburua eman dio emakumeak.
gizona.DAT liburua.ABS eman.PTCP (3ABS).edun.APPL.3DAT.3ERG emakumea.ERG

Honako (1) perpausean ikus daitekeenez, singularreko pertsonako datibo komunztadura ageri da d-i-o-Ø adizkian, eta datibo komunztadura erakustea da euskaraz ohikoena den eredua.

Hizkera eredua 1: Iparraldeko eta Nafarroako mugako zenbait hizkeratan datibo argumentuak datibo komunztadura gal dezake. Hala izanez gero, aditz jokatuak ergatibo-absolutibo komunztadura ala absolutibo komunztadura adierazten du soilik:

(2) Gizonari liburua eman du emakumeak.
gizona.DAT liburua.ABS eman.PTCP (3ABS).edun.3ERG emakumea.ERG

Perpaus honetan (2), d-u-Ø adizkiak ez du datibo komunztadurarik erakusten.

Ondoren zehazten diren testuinguruetan datibo komunztadura adieraztea hautazkoa da: aspektu datiboetan (Ni ez naiz ausartatzen lan horri, Dv Lab 339); postposizio gisako datiboetan (Gauza horri ohartu direnak, Dv Lab 80) eta begiratu gisako aditzetako datibo-osagarri bitxietan (Begiraturen naiz bethi zure Ebanjelioko hitzei, Dv LEd 8) (Fernandez eta Landa 2009). Dena den, datubaseko erantzunetan ez da testuinguru hauetako bakoitzaren inguruko zehaztapenik jaso.

Banaketa dialektala

Aipatutako hizkera ereduak jarraian zehazten den banaketa dialektalean lekukotu izan dira:

Eredu orokorra (datibo argumentuak datibo komunztadura aditz-inflexioan): Mendebaldeko eta erdialdeko hizkera guztietan datibo komunztadura adierazten da aditz-inflexioan (Zuazo 2014: 215).

Hizkera eredua 1 (datibo komunztadura galera aditz-inflexioan): datibo komunztaduraren galera Lapurdiko kostaldean lekukotzen da (Pikabea 1993) bai eta ipar-ekialdeko beste zenbait hizkeratan ere, hala nola nafar-lapurterako eremu zabal batean eta Zuberoan (Etxepare and Oyharçabal, 2008).

Datu-basearen emaitzak

Atal honetan datubasean jasotako erantzunak jasotzen dira. Erantzun hauek dialektologia lanetako sailkapenekin alderatzen dira, bi kasuetan, hizkera ereduen hedadura bat datorren egiaztatzeko.

Hizkera eredua 1: aurreikusi bezala, eredu honen berri eman dute Lapurdiko kostaldean (Ziburun), Lapurdiko erdialdean (Larresoron) eta baita Zuberoan (Urdiñarben) ere. Baxenabarre iparraldeko (Oragarreko) berriemaileak ordea, aditz-inflexioan argumentu datiboarekiko komunztadura egiten dela adierazi du. Aurreikusitakoaz gain, Nafarroa Garaiko mendialdeko (Baztango Arizkunen, Erroibarko Mezkiritzen eta Aezkoako Orbaizetan) berriemaileek ere, euren hizkeretan datibo komunztaduraren galera lekukotzen dela adierazi dute.

Laburbilduz, euskaraz hedaduraz nagusi den ereduan datibo komunztadura adierazten da aditz inflexioan. Eredu hau Hego Euskal Herri gehienera hedatzen da, Nafarroako Pirinioetako mendialdea da salbuespena (Baztan, Erroibar eta Aezkoa). Baxenabarreko iparraldea ere datibo komunztadura galeraren eraginpeko eremutik kanpo dago. Bien bitartean, Lapurdiko kostaldetik eta Zuberoara arte hedatzen den eremu zabalean, aditz-inflexioan ez da datibo komunztadurarik adierazten.

Aipamenak

Fernández, Beatriz and Josu Landa. 2009. «Datibo komunztadura beti zaindu, inoiz zaindu ez eta batzuetan baino zaintzen ez denean. Hiru ahoko aldagaia, datu iturri bi, eta erreminta bat: Corsintax». Lapurdum, 13. 159-181.

Pikabea, Josu. 1993. Lapurtera idatzia (XVII-XIX). Bilakaera baten urratsak. Donostia: UPV/ EHU and Kutxa Fundazioa.

Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.