i.7. Numero komunztaduraren galera: sagarrak jan du (v ditu)
i. Kasu eta komunztadura
Deskribapena

Euskal argumentuek numero komunztadura eragiten dute:

(1a) Jonek sagarra jan du
Jon.ERG sagarra.ABS jan.PTCP (3ABS).edun.3ERG
(1b) Jonek sagarrak jan ditu
Jon.ERG sagarra.PL.ABS jan.PTCP (3ABS).PL.edun.3ERG

Hizkera eredua: hizkera batzuetan, 3. pertsonako argumentu absolutiboarekiko numero komunztadura galtzen da (Zuazo 2006: 86, 2014: 51, 2017: 62, 2018: 905-906).

(2) Harek porruak gordiñik jate(n) seben (Larrañaga 1998: 101)
haiek.ERG porruak.PL.ABS gordinik jan.IPFV (3ABS).edun.3ERG.PL

Horrez gain, osagarriaren numero komunztadura egiten ez duten zenbait hizkeratan 1. eta 2. pertsona absolutiboaren numero komunztadura ere galtzen da (Arzelus 2016):

(3a) Zuk gu asko maite gaizu
zu.ERG gu.ABS asko maite.PTCP 1ABS.edun.2SG.ERG
(3b) Zuk gu asko maite gaituzu
zu.ERG gu.ABS asko maite.PTCP 1ABS.PL.edun.2SG.ERG
Banaketa dialektala

Arabako euskararen berrikuntza izan zen osagarri pluralarekin numero komunztadura ez egitea, eta gaur egun Arabarekin harreman estua eduki duten alderdietan ageri da fenomenoa, Goierrin, Urretxu eta Zumarragan eta Deba Ibarreko hegoaldean, Bergaran eta Antzuolan hasi eta Arabako muga bitartean (Zuazo 2014: 51). Zuazok dioenez, azken alderdi horretan dago gaur egun indarrean; Goierrin, Urretxun eta Zumarragan adineko hiztunen jardunean baino ez da jasotzen osagarriaren komunztadura galera –ikus baita Zuazo (2018: 905-906)–. Aramaiokoa da, Debagoieneko beste herri batzuekin batera osagarriaren numero komunztadura galera erakusten duen hizkeretako bat. Hona hemen Zuazok (2017: 62) Ormaetxearen (2006: 299-301) lanetik jasotako Aramaioko zenbait lekukotasun:

(4a) Isenok etxat akordetan niri
‘Izenak ez zait akordatzen niri’
(4b) Berak paga’uskun danak
‘Berak pagatu zigun denak’
(4c) Eran daigun kopak
‘Edan dezagun kopak’
(4d) Nik enakixen orreik gausa gustiok
‘Nik ez nekien gauza horiek guztiok’

Deba Ibarreko hegoaldeko hizkeren ezaugarritzat hartzen du Zuazok (2006: 86) osagarriaren komunztadura pluralaren galera. Hizkera hauetan datibodun predikatuetan (iragangaitz zein ditrantsitiboetan) gertatzen da bereziki komunztadura galera, nahiz eta beste zenbait testuingurutan ere gerta daitekeen. Arzelusek (2016: 9) dioenez, Oñatin eta Leintz bailaran sistematikoagoa da fenomenoa Bergaran eta Antzuolan baino, eta beraz, testuinguru sintaktiko gehiagotan ager daiteke osagarri plurala numero komunztadurarik gabe, besteak beste datiborik ageri ez den aditz iragankor analitikoetan absolutibodun argumentua 3. pertsonakoa denean, goiko (4c) eta (4d) adibideetan bezala. Era honetako egiturak Bergaran eta Antzuolan ere entzuten dira orainaldiko formetan, baina hizkera hauetan fenomenoa ez dago horren errotua. Badirudi, gainera, osagarriaren numero komunztadura galtzeko joera areagotu egiten dela subjektua bera ere pluralekoa denean. Halaxe dio Zuazok (2006: 86) Larrañagak (1998: 101) Antzuolan jasotako beheko adibideak aipatuz:

(5a) Orduan bailabliak jote seben danak
‘Orduan dantzan egitekoak jotzen zuten [doinu] denak’
(5b) Arek porruak gordiñik jate seben
‘Haiek porruak gordinik jaten zuten’
(5c) Batzuk ebaltze seben surixak beste batzuk ebaltze seben beltzak
‘Batzuek erabiltzen zuten zuriak, beste batzuek erabiltzen zuten beltzak’

Aditz sintetikoez gain, aditz trinko edo analitikoen artean antzeko datuak bildu ditu Arzelusek (2016: 5-6) Antzuolan ez ezik baita Bergaran ere. Hizkera hauetan, euskara batuan -z- pluralgilea daramaten aditz sintetikoek ez dute plural komunztadurarik egiten datibo komunztadura daramatenean: dakarkixot, dabilkixot, darixo. Adizki sintetikoetan, gainera, datiborik gabeko predikatu iragankorretan ere ageri da Bergaran eta Antzuolan osagarriaren plural komunztadura galera: dakart, daroiat, dakat (nahiz eta dauzkat ere badagoen). Hizkera hauetan predikatu iragankorretan normalean numero komunztadura islatzen da adizkian, baina orainaldian gazte jendearen artean pluralgile gabekoak ere entzun daitezke. Esanak esan, Deba Ibarreko hegoaldean osagarriaren numero komunztadura galera datibo argumentuarekin lotuta dagoela azpimarratzen du Arzellusek (2016): datibo komunztaduradun adizkietan beti gertatzen da komunztadura galera; datiborik gabeko iragankorretan, ostera, salbuespenak ugariagoak dira.

Horrez gain, Debagoeieneko zenbait hizkeratan, Aramaion eta Legution osagarriaren numero komunztadura galera ez da 3. pertsonako absolutiboekin bakarrik gertatzen, 1. eta 2. pertsonako osagarri pluralekin ere agertzen dira -it- numero komunztadurarik gabeko adizkiak: saut ‘zaitut’, sauet ‘zaituztet’, gau ‘gaitu’, gaue ‘gaituzte’... (Zuazo 2006: 86, 2017: 62). Hona hemen Zuazok (2017: 62) Ormaetxearen (2006: 295) lanetik jasotako beste adibide bat:

(6) Su fuen sas aurretik, nik jarraittuko saut eta
‘Zu joan zaitez aurretik, nik jarraituko zaitut eta’

Gaur egun Arabarekin muga egiten duen Debagoienean eta Aramaion erabiltzen dira halakoak, baina garai bateko Arabako euskaran ere eraili izan da, Lazarraga arabarraren izkribuetan, esaterako, zaut ‘zaitut’ eta zau ‘zaitu’ bezalakoak agertzen dira (Zuazo 2017: 62) –ikus baita Zuazo (2018: 906)–.

Bestalde, Goierrin ere agertzen da plural komunztadura galera, nahiz eta Debagoienean ez bezala, gaur egun adinekoen jardunera mugatzen den bereziki. Hona hemen Zuazok (2014: 51) Goierrin jasotako zenbait adibideak:

(7a) Saarrak ekartzen tziun
‘Sagarrak ekartzen zigun’
(7b) Saarrak gustatzen zat
‘Sagarrak gusatazen zait’

Jatorriz Arabako euskararen ezaugarria izanik, espero izatekoa denez Goierri mendebalean agertzen da fenomenoa batik bat, Zegama inguruan, Mutiloa, Gabiria edota Legazpin. Beterrirantz hurbildu ahala, gutxiago agertzen da (Itsasondon edota Amezketan, esaterako) (Hurtado 2001: 103; Agirrebeña, Alberdi, Mendiguren eta Sarasua 2007: 48). Beasain tartean egonik, bi joerak jaso dituzte Agirrebeñak eta bestek (2007: 48):

(8) Oso emakuma atsegiñe zan; koziñan ta josten ta prakak eitten ziun guri ta... dana eitten zona zan

(9) Ta ordun etorri huan hemen lanik ezak eta lehenao honek esan dittun histori horik danak...

Goierriko hego-ekialdean kokatu arren, Zaldibian ere jasotzen da fenomenoa, beti ere datibodun predikatuetan, iragangaitz zein ditrantsitiboetan (Etxabe eta Garmendia 2003: 73).

(10a) Eaman giñun geen erantzunek (guardi zibilei) ‘genizkien’
(10b) Guri eamaten tziun (bokadillok) ‘zizkiguten’
(10c) An ixkutatzen tzitzaiun askotan mótillek ‘zitzaizkigun’
(10d) Etzizaten nei etxeko lanak gustatzen ‘zitzaizkidan’
(10e) Asi zaio umei ortzak atatzen ‘zaizkio’

Hurtadok (2001: 103) azaltzen duenez, berrikuntza hau aspalditik dago Goierri aldean, bertako literatura-tradizioan sarri agertzen baitira osagarriaren komunztadura pluralik gabeko datibodun adizkiak. Gaur egun ere, Debagoienean ez bezala, datibodun adizkiekin baino ez da osagarriaren numero komunztadura galtzen. Aditz iragankorrekin eta trinkoekin pluraleko markak ageri dira. Hona hemen Hurtadok (2001: 103) jasotako osagarriaren numero komunztadura galeraren zenbait adibide predikatu iragangaitz datibodunetan (11) eta predikatu ditrantsitiboetan (12):

(11a) Bueno festak gustau izandu zitzaten nei...
(11b) Donostitik izebak-eta etortze zitzaigun
(11c) Oaindio lorak etzaio irikitzen

(12a) Mandarina batzuk ematerítzien
(12b) Grabatutako [kontu] oitakon batzuk konta ‘iuzu ordun

Azkenik, aipatzekoa da Arabako euskararekin loturarik izan ez arren, Pasaian ere agertzen dela numero komunztadura galera osagarria plurala denean, Donibanen batez ere (Agirretxe 1998: 127). Predikatu ditrantsitiboetan gertatzen da hau batez ere, baina baita iragankorretan ere:

(13a) Karraxiyak nabaitzen senun
(13b) Joxek antxuak eman disu

Beste jatorri batetik eratorria dirudi, beraz, Pasaian agertzen den fenomenoak, numero komunztadura galera ez baita datibodun argumentu baten araberakoa.janjan

Datu-basearen emaitzak

Datu-basean Bergaran bakarrik lekukotzen da (2) adibideko egitura.

Datu-basean Aramaion bakarrik lekukotzen dira gaizu (3a) bezalako aditz formak. Jasotako erantzunak bat datoz, beraz, Zuazok (2006: 86, 2017: 62, 2018: 906) jasotako datuekin.

Aipamenak

Agirrebeña, Aintzane, Itziar Alberdi, Xabier Mendiguren and Asier Sarasua. 2007. Beasaingo euskara. Herrizko hizkeraren azterketa eta ahozko ondarearen bilketa. Beasain: Beasaingo Udala

Etxabe, Karmele and Larraitz Garmendia. 2003. Zaldibiako euskara. Zaldibia: Zaldibiako Udala.

Hurtado, Irene. 2001. Goierriko eta Tolosalde hegoaldeko hizkerak. Lazkao: IX. Gerriko Ikerlan Sariketa.

Larrañaga, Jone. 1998. Antzuolako hizkera. Antzuola: Antzuolako Udala.

Ormaetxea, Jose Luis [Txipi]. 2006. Aramaioko euskara (azterketa dialektologikoa). Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea.

Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.

Zuazo, Koldo. 2018. «Deba Ibarreko euskara». In Joseba Lakarra and Blanc Urgell (eds.), Studia Philologica et Diachronica in honorem Joakin Gorrotxategi. Vasconica et Aquitanica. ASJU LII 1-2. 899-908.

Zuazo. Koldo. 2017. Mendebaleko euskara. Donostia: Elkar.