ii.3. Indikatiboa aginte perpausetan: ez haizela joan (v ez hadi joan)
Egilea: Irati Huarte
Nola aipatu: Huarte, Irati. (2022). Indikatiboa aginte perpausetan: ez haizela joan (v ez hadi joan). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=2&e=59&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
Deskribapena

Oro har, aginte perpausetan adizki analitikoak agertzen direnean *edin/*ezan aditz laguntzaileak erabiltzen dira, baiezko nahiz ezezko formetan:

(1) Ez hadi joan
ez 2ABS.edin joan

Zenbait hizkeratan, ordea, ezezko aginte perpausetan izan indikatiboko aditz laguntzailea agertzen da:

(2) Ez haizela joan
ez 2SG.izan.COMP joan
Banaketa dialektala

Izan aditzaren erabilera hau behe-nafarreraren ezaugarria da (Euskaltzaindia 1987 [1997]: 361). Honako adibidea ematen du Euskaltzaindiak (1987 [1997]: 361):

(3) Ez hizala horrela mintza!

Behe-Nafarroaz gain, Nafarroako Baztan eskualdean ere fenomeno hau erabiltzen da. Erraterako, nik jasotako Zigako mutil gazte baten lekukotasuna da hau:

(4) Ez haizela bertara joan, arriskutsua da eta

Elizondon ere lekukotzen da, honakoa erran zuen bertako mutil gazte batek (neronek jasoa):

(5) Ez haizela lasterka itera gan
‘Ez haizela laisterka egitera joan’
Datu-basearen emaitzak

Datubaseko emaitzetan ikus dezakegu Lapurdin eta Nafarroan izan erabiltzen dela. Lapurdin, Ziburuko lekukotasun bat dugu eta Nafarroan, Baztango eskualdeko Arizkun herriaz gain, Orbaizetan ere lekukotzen da. Hala ere, Arbizu, Goizueta eta Mezkiritz herri nafarretan *ezan/*edin erabiltzen da.

Euskaltzaindiak (1987 [1997]: 361) behe-nafarrerazko ezaugarria dela dioen arren, datubaseko emaitzetan kontrakoa ageri da, izan ere, Oragarreko inkestatuak *edin/*ezan darabil ezezko aginte perpausetan.

Bukatzeko, emaitzek erakusten dute bertze hizkeretan ere (zubereraz eta erdialdeko eta mendebaleko hizkeretan) *edin/*ezan aditz laguntzaileak agertzen direla.

Aipamenak

Euskaltzaindia. 1987. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak II. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1997]