Perpaus erlatiboak mendeko perpausak dira, perpaus nagusiko izen sintagma modifikatzen dutenak (Oihartzabal 1983; Euskaltzaindia 2011; Krajewska 2017). Mendeko perpauseko izen sintagma isildu egiten da, perpaus nagusiko izen sintagmaren erreferentziakide delako (Euskaltzaindia 2011; Krajewska 2017; Oihartzabal 1983), eta erreferentziazko sintagma hori ‘aurrekaria’ izenez ezagutzen da (Lafitte 1944; Euskaltzaindia 1999), nahiz eta mendeko perpausaren aurretik (1) edo ondoren (2) ager daitekeen (Oihartzabal 2003; Krajewska 2017). Erlatibozko egitura ugari ditugu euskaraz, baina ohikoena -(e)n menderagailua erabiliz osatutakoa da. Menderagailua mendeko perpausaren azken posizioan kokatzen den aditz jokatuari eransten zaio (itzuli du-en) (Oihartzabal 1983; Euskaltzaindia 2011; Krajewska 2017).
| (1) | [Etxeberrik | berriki | itzuli | du-en] | eleberria | erosi | dut |
| [Etxeberri.ERG | berriki | itzuli | (3ABS).edun.3ERG.EN] | eleberri.ABS | erosi | dut |
| (2) | Eleberria, | [Etxeberrik | berriki | itzuli | du-en-a], | erosi | dut |
| Eleberri.ABS | [Etxeberri.ERG | berriki | itzuli | (3ABS).edun.3ERG.EN.ABS] | erosi | dut |
Oro har, perpaus erlatiboetan izan edo *edun aditz laguntzaileak edo kopulak azaltzen dira (3), nahiz eta perpaus erlatiboa ahalezkoa edo baldintzazko ondoriozkoa bada, *edin edo *ezan aditz laguntzaileak erabiltzen diren (4).
| (3) | pozgarri | zitzaizkion | hitzak | esaten | hasi | zen |
| pozgarri | (3ABS).izan.PL.APP.3SG.DAT.PST | hitzak | esaten | hasi | zen |
| (4) | irabazi | dezakedan | lasterketan | aurkeztuko | naiz |
| irabazi | (3ABS).ezan.1SG.ERG.EN | lasterketan | aurkeztuko | naiz |
Hizkera batzuetan, baina, ahalezkoak edo baldintzazko ondoriozkoak ez diren perpaus erlatiboetan ere *edin edo *ezan/egin azal daitezke izan edo *edunen ordez (4):
| (5) | pozgarri | ekiozan | berbak | esaten | hasi | zan |
| pozgarri | (3ABS).edin.APP.3SG.DAT.PL.PST | berbak | esaten | hasi | zen |
Euskaltzaindiaren (2021) arabera, gaur egun euskalki gehienetan izan eta *edun aditz laguntzaileak edo kopulak agertzen dira perpaus erlatiboetan (3), ahalezkoak edo baldintzazko ondoriozkoak ez badira behintzat. (4) adibideko eredua, berriz, mendebaleko euskalkietan aurki daiteke; baina Euskaltzaindiak (2021) dioenez, lehenago beste euskalkietan ere aurki zitekeen hizkera eredu hori. Hain zuzen ere, Mounoleren (2011) hitzetan, XVI. mendean oso ohikoa zen perpaus erlatiboetako aditz laguntzaileetan *edin, *ezan edota egin erroak agertzea.
Datu-basean (4) hizkera eredua Getxon baino ez da jaso. Zuazoren (2014) sailkapenaren arabera, Getxoko hizkera mendebaleko euskararen ipar-sartaldeko azpieuskalkian kokatzen da; zehazkiago esateko, Uribe Kostako hizkeran. Ondorioz, datu-basean jasotakoa bat dator aurretik Euskaltzaindiak (2021) azaldutakoarekin.
Mounoleren (2011) arabera, ugariak ziren *edin edo *ezan/egin aditz laguntzaileak ageri ziren perpaus erlatiboak XVI. mendean, eta oro har, kasu horietan erlatiboaren aurrekaria entitate bizigabea izan ohi da. Jasotako (4) adibideak ere azalpen hori berresten du, erlatiboaren aurrekaria den berbak bizigabea baita. Bestalde, badirudi beti balio murrizgarria (edo Mounoleren (2011) hitzetan, ‘ez-erreferentziala’) hartzen duela egitura horrek; hau da, erlatiboak beti aurrekaria murrizten edo mugatzen duela (Euskaltzaindia 1999, 2021; Goenaga 1980; Oihartzabal 2003). Eta berriz ere, (4) adibidea bat dator baieztapen horrekin, adierazi nahi dena ez delako berbak orokorrean, zehazki pozgarri ekiozan haiek baizik. (3) gisako adibidearen kasua, berriz, desberdina da: esan bezala, *edin, *ezan edo egin aditz laguntzaileak dituzten erlatiboek balio murrizgarria soilik izan dezakete, baina izan edo *edun duten erlatiboek balio murrizgarria ez ezik balio ez-murrizgarria (edo Mounolek (2011) dioenez ‘erreferentziala’) ere badute; hau da, aurrekaria mugatu beharrean hari buruzko informazioa gehitu dezakete (Euskaltzaindia 1999, 2021; Goenaga 1980; Oihartzabal 2003). Beste era batera esateko, (3) adibidearen kasuan pozgarri zitzaizkion hitzak esatean ez da argi geratzen (4) adibidean bezala hitzen artean zehazki pozgarri zitzaizkionak adierazi nahi den, edo besterik gabe hitzak esaten hasi zen eta hitzak pozgarri zitzaizkion adierazi nahi den. Hala eta guztiz ere, esan beharra dago interpretazio murrizgarriari dagokionez ez dagoela bi egituren arteko desberdintasun semantikorik.
Euskaltzaindia. 1999. Euskal gramatika. Lehen urratsak - V. Mendeko perpausak 1. Bilbo: Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1991]
Euskaltzaindia. 2011. Euskal gramatika. Lehen urratsak VII. Perpaus jokatugabeak. Bilbo: Euskaltzaindia.
Euskaltzaindia. 2021. Euskararen gramatika. Bilbo: Euskaltzaindia.
Krajewska, Dorota. 2017. Euskararen sintaxi diakronikorantz: egitura konplexuak. Ph.D. Diss., UPV/EHU.
Lafitte, Pierre. 1944. Grammaire Basque (Navarro-Labourdin Littèraire). Baiona: Librairie Le Livre. [Reprinted in 1979. Donostia: Elkar]
Mounole, Céline. 2011. Le verbe basque ancien: étude philologique et diachronique. Ph.D. Diss., UPV/EHU and Université Michel de Montaigne-Bordeaux III.
Oyharçabal, Beñat. 1983. Euskarazko erlatiboez oharño bat. In Euskaltzaindia (arg.), Piarres Laffiteri omenaldia. Iruñea: Aranzadi. 517-528.
Oyharçabal, Beñat. 2003. «Relatives». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 762-823.
Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.


