Euskara hainbat erroz baliatzen da aditz laguntzaileak sortzeko. Erroa desberdina da aditzaren iragankortasunaren arabera (iragangaitz v iragankor) eta moduaren arabera (indikatiboa eta baldintza v gainerakoak).
Aditz inakusatiboen indikatibozko eta baldintzazko formetan laguntzailea izan (1) da, eta inergatibo eta iragankorren kasuan, berriz, *edun (2). Subjunktiboan, ahaleran eta aginteran, aldiz, beste erro batzuk lekukotzen dira. Aditz inakusatiboen kasuan *edin (-di-) da erroa (3).
(1) | etorri | naiz |
| etor.PTCP | 1SG.izan |
(2) | egin | dugu |
| egin.PTCP | (3ABS).edun.1PL.ERG |
(3) | etor | nadin |
| etor | 1SG.edin.COMP |
Inergatibo, trantsitibo zein ditrantsitiboetan, ordea, bi erroren arteko alternantzia dialektala topatzen dugu. Eredu orokorra jarraitzen duten hizkeretan *ezan da indikatiboz kanpoko forma iragankorren erroa eta -za- formarekin agertu ohi da (4a subjunktiboan, 4b ahaleran eta 4c aginteran). Hizkera ereduan, berriz, eginen erroa erabiltzen da aditz laguntzailea sortzeko, hots, -gi- (5).
(4a) | egin | dezagun |
| egin | (3ABS).ZA.1PL.ERG.COMP |
(4b) | egin | dezakegu |
| egin | (3ABS).ZA.POT.1PL.ERG |
(4c) | egin | ezazu |
| egin | (3ABS).ZA.1PL.ERG |
(5a) | egin | dagigun |
| egin | (3ABS).GI.1PL.ERG.COMP |
(5b) | egin | dagikegu |
| egin | (3ABS).GI.POT.1PL.ERG |
(5c) | egin | egizu |
| egin | (3ABS).GI.1PL.ERG |
Eredu orokorraren kasuan erabiltzen den erroak (*ezanek) gaur egun aditz laguntzaile gisa baino ez du funtzionatzen. Eginek, aldiz, balio bikoitza dauka gaur egun, aditz nagusia zein laguntzailea izan baitaiteke.
Bestalde, bi erro hauetaz gain hirugarren bat ere badauka euskarak kasu hauetarako, ekialdeko euskalkietan lekukotzen dena, -iro- (6), hain zuzen ere (Hualde 2003b: 229). Aditz laguntzaile hau, ordea, ez dugu txandakatze honetan jaso, baina *ezanen eta eginen kidekoa da.
(6) | egin | dirogun |
| egin | (3ABS).IRO.1PL.ERG.COMP |