ii.4. Egitura ditrantsitiboetako aditz laguntzaileak (-i, -ts, -ra)
Egilea: Endika Legarra
Nola aipatu: Legarra, Endika. (2022). Egitura ditrantsitiboetako aditz laguntzaileak (-i, -ts, -ra). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=2&e=17&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
Deskribapena

Datibo klitikoen aurretik morfema aplikatibo (APPL) bat lekukotzen da sistematikoki aditz jokatuan, literaturan dative flag edo euskaraz, datibo ikurra izenaz ezagutzen dena Trask-ez geroztik (1997, 1981). Indikatibozko eta baldintzazko forma ditrantsitiboetan, morfema aplikatibo honen forma morfologikoa -i da. Morfema honek, baina, ez du forma morfologiko bat bera hartzen hizkera guztietan, batez ere adizki analitikoetan. Horregatik, hiru eredu bereizi ditugu morfemaren itxuraren arabera: eredu orokorra (1), lehen hizkera eredua (2) eta bigarren hizkera eredua (3).

(1) eman dizut
eman.PTCP (3ABS).edun.I.2DAT.1SG.ERG

(2) eman deutsut
eman.PTCP (3ABS).edun.TS.2DAT.1SG.ERG

(3) eman d(er)autzut
eman.PTCP (3ABS).CAUS.edun.TS.2DAT.1SG.ERG

Eredu orokorrean, aplikatiboaren forma -i- da, (1) adibideko dizut forman bezala. Aditz forma hauetan (1), egile batzuen ustez bederen (Hualde 2003b), erroa *edun bera da, hots, forma iragankorretan lekukotzen den bera. Hala bada, orduan forma ditrantsitiboetan, *edun aditz laguntzaileak ez dauka ageriko markarik (-u-). Eredu hau (1) erdialdeko hizkerek jarraitzen dute.

Mendebalean eta ekialdean, berriz, morfema aplikatiboak bestelako formak hartzen ditu. Lehen hizkera ereduan, mendebalekoan, morfema aplikatiboa ez da -i-, -ts- baizik. Bestalde, *edun aditz laguntzailearen erroa (-u-) agerian dago (deutsut).

Bigarren hizkera eredua ekialdean lekukotzen da. Hemen ere morfema aplikatiboa -ts- da eta erroa agerian dago, baina aplikatiboaz eta agerizko erroaz gain, -ra- arazlea ere haien aurretik (derautzut). Pentsatzekoa da garai batean forma hauek egitura arazleekin zerikusia izan zezaketela, morfema arazlea baitute tartean. Gaur egun, ordea, artizki hori ihartuta dago. Hori dela eta, batzuetan morfemaren arrasto bat baino ez da agertzen (dautzut).

Datu-basearen emaitzak

Esan bezala, hiru ereduak mendebalaren, erdialdearen eta ekialdearen artean banatzen dira. Eredu orokorra erdialdean lekukotzen da: Gipuzkoa gehienean (mendebaldea salbu), Lapurdiko ipar-mendebaldean (Ziburun) eta Nafarroako zati handi batean.

Lehen hizkera eredua mendebalean lekukotzen da: Bizkaian, Araban eta Gipuzkoako mendebaldean (Bergaran).

Azkenik, bigarren hizkera eredua ekialdean aurkitzen dugu: Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa ekialdean (Baztanen eta Orbaizetan). Hauetaz gain, eremutik ateratzen den herri bat ere agertzen zaigu eredu honetan, Nafarroa mendebaldeko Urdiain herria, hain zuzen ere.

Eztabaida teorikoa

Dena den, egile guztiak ez daude ados hemen proposatutako deskribapenarekin. Batzuen ustez, eredu orokorreko aditz laguntzailea ez da edun, *i(n) baizik, emanen baliokide zaharra dena, ezta *edun ere hizkera eredu bietan lekukotzen dena, ez bada *edutsi eta *eradun, mendebaleko deutsut eta ekialdeko derautzut formetarako, hurrenez hurren. Ildo honen arabera, hortaz, forma iragankorrek eta ditrantsitiboek erro desberdinak dituzte, eta ditrantsitiboei hiru erro dagozkie indiaktibozko eta baldintzako formetan, ez bat bakarra. Forma ditrantsitiboetan, -i- errotzat jotzen dutenek, jakina, ez diote aplikatibo estatusik aitortzen.

Aipamenak

Hualde, José Ignacio. 2003b. «Non-finite Forms». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 196-246.

Trask, Larry. 1981. «Basque verbal morphology». In Euskalarien Nazioarteko Jardunaldiak [Iker 1]. Bilbo: Euskaltzaindia. 285-304.

Trask, Larry. 1997. The history of Basque. London: Routledge.