ii.5. Egitura iragangaitz datibodunak: zakidan, dakit (v zitzaidan, zait)
Egilea: Endika Legarra
Nola aipatu: Legarra, Endika. (2022). Egitura iragangaitz datibodunak: zakidan, dakit (v zitzaidan, zait). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=2&e=18&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
Deskribapena

Indikatibozko aditz forma iragangaitz datibodunak izan erroaren gainean eraikitzen dira, datiborik gabekoak bezala. Forma datibodun hauek morfema aplikatibo bat daramate datibo klitikoaren aurretik, forma ditrantsitiboen gisan. Morfema hau, ordea, ez da morfologikoki bera hizkera guztietan, eta hizkera batzuetan, gainera, orainaldiaren eta lehenaldiaren arteko bereizketa egiten da aplikatiboaren formari dagokionez.

Eredu orokorraren arabera, lehenaldiko forma iragangaitz datibodunak zitzaidan bezalakoak dira (1). Bertan litekeena da izan aditzaren erroa bera (-za-) eta i aplikatiboa bereiztea, forma hauetan guztietan -(t)zai- agertzen da-eta. Orainaldian ere lekukotzen da morfema hau (2).

(1) Etorri zitzaidan
etor.PTCP (3ABS).(izan).APPL.1SG.DAT.PST

(2) Etorri zait
etor.PTCP (3sg.ABS).(izan).APPL.2SG.DAT

Nafarroako zenbait hizkeratan, ordea, iraganeko formetan -ki morfema aplikatiboa agertzen da datibo klitikoaren aurretik. Honenbestez, zitzaidan bezalakoen ordez zakidanen modukoak erabiltzen dira hizkera hauetan (Zuazo 2013: 73). Forma hauek hizkera ereduan sartu ditugu (3).

(3) Etorri zakidan
etor.PTCP (3ABS).(izan).APPL.1SG.DAT.PST

Horrez gain, hego-sartaldeko azpi-euskalkian, alegia, Sakanan, -ki morfemak hedadura handiagoa dauka, orainaldiko formetan ere agertzen baita (Zuazo 2013: 47). Orainaldian ere -ki daukaten hizkerak azpi-hizkera ereduan sartu ditugu (4).

(4) Ahaztu dakit
ahatz.PTCP (3ABS).(izan).APPL.1SG.DAT
Banaketa dialektala

Zuazoren (2013: 73) esanetan, hizkera ereduko ezaugarri hau (3) euskara nafarrari dagokio, baina ez bere osotasunean, ipar-sartaldea eta Baztan kanpo gelditzen baitira. Azpi-hizkera eredua (4), aldiz, hego-sartaldeko azpi-euskalkian aurki daiteke, Sakanan alegia (Zuazo 2013: 47).

Datu-basearen emaitzak

Guk aztertutako hizkeren artean Erroibarren eta Arbizun baino ez da lekukotzen hizkera eredua (3). Azpi-hizkera eredua (4), berriz, guk aztertutako hizkeren artean Arbizukoan baino ez da lekukotzen.

Eztabaida teorikoa

Orain arte egitura iragangaitz datibodunetarako izan erroa eta morfema aplikatiboa proposatu ditugu. Hala izanez gero, -ki forma ditrantsitibo sintetikoetako morfema aplikatiboarekin (euskalaritzan datibo ikur bezala ezagutzen denarekin) lotuta egon liteke.

Dena den, hau ez da dagoen ikuspuntu bakarra. Izan ere, Zuazok (2013: 73) -ki errotzat dauka. Ikuspuntu honen arabera, txandakatze hau aditz erroaren alternantzia gisa ulertzen da.

Aipamenak

Zuazo, Koldo. 2013. The dialects of Basque. Reno: University of Nevada.