Eredu orokorra: Euskarazko perpaus inakusatiboek (subjektu Egilerik ez duten perpausek) izan aditz laguntzailea hautatzen dute, bai datibogabeek eta baita datibodunek.
| (1) | Niri | marmitakoa | gustatzen | zait |
| ni.DAT | marmitakoa.ABS | gusta.IPFV | (3ABS).izan.1SG.DAT |
Lehendabiziko adibide honetan ikus daitekeen moduan, argumentu datiboak zein absolutiboak komunztadura adierazten dute aditz jokatuan.
Hizkera eredua 1: Hizkera batzuetan ordea, datibodun inakusatiboek *edun aditz laguntzailea hautatzen dute:
| (2a) | Niri | marmitakoa | gustatzen | nau |
| ni.DAT | marmitakoa.ABS | gusta.IPFV | 1SG.ABS.edun |
Honako (2a) adibide honetan ikus daitekeenez, datibodun perpaus inakusatiboak *edun aditz laguntzailea hautatzen du. Kasu hau datibo lekualdatzea gertatzen den hizkera batekoa da, eta gertakari hau lekukotzen den hizkeretan ohikoa denez, 1. pertsonako datibo argumentuek absolutibo komunztadura izan ohi dute, bai perpaus iragankorretan eta baita inakusatiboetan ere (Rezac eta Fernández 2013).
Beste kasu batzuetan, datibodun perpaus inakusatiboak *edun aditz laguntzailearen joko ditrantsitiboa hautatzen du:
| (2b) | Zuri | marmitakoa | gustatzen | dizu |
| zu.DAT | marmitakoa.ABS | gusta.IPFV | (3ABS).edun.2DAT |
(2b) adibideko perpaus inakusatibo honek *edun aditz laguntzailea hautatzen du, eta perpauseko subjektu datiboa 2. pertsona singularra izan arren, honek ez du aditzean absolutibo komunztadurarik adierazten, datibo komunztadurari eusten dio (Fernández 2004: 101). Aurreko (2a) adibideko ereduari jarraituko balu, aditz laguntzaileak zaitu behar luke.
Aditz laguntzailetzat *edun hautatzen duten perpaus inakusatibo datibodunak ez dira 1. eta 2. pertsonara mugatzen, subjektu datiboa 3. pertsonakoa denean ere *edun laguntzailea ageri da hizkera batzuetan.
| (2c) | Aitonari | ez | dio | gustatzen |
| aitona.DAT | ez | (3ABS).edun.3DAT | gusta.IPFV |
Honako (2c) perpausean ikus daitekeenez, 3. pertsonako subjektu datiboa ageri denean ere *edun aditz laguntzailearen komunztadura ditrantsitiboa ageri da, hau da, subjektuak datibo komunztadurari eusten dio, (2b)n bezala. Perpaus honek (2a)ko ereduari jarraituko balio aditz laguntzaileak du izan beharko luke.
Aipatutako hizkera ereduak jarraian zehazten den banaketa dialektalean lekukotu izan dira:
Hizkera eredua 1a (*edun inakusatiboetan + 1.sg. subjektuak absolutibo komunztadura): *edun laguntzailearen gaineko komunztadura eredu hau datibo lekualdatzea gertatzen den erdialdeko euskalkiaren eta Nafarroako euskararen mugako eremu zabal batean gertatzen da (Hondarribian, Irunen), ez Oiartzunen soilik (Yrizar 1992-II).
Hizkera eredua 1b (*edun ditrantsitiboa inakusatiboetan, 2.sg. subjektuak datibo komunztadura): *edun laguntzailearen gaineko komunztadura eredu honetan subjektuak datibo komunztadurari eusten dio, baina aditz laguntzaile ditrantsitibo batean, eredu hau Oiartzunen lekukotu izan da era sistematikoan (Fernández, 2004: 101).
Hizkera eredua 1c (*edun ditrantsitiboa inakusatiboetan, 3.sg. subjektuak datibo komunztadura): aurreko kasuan bezala, 3. pertsonako subjektuak ere *edun aditz laguntzailearen forma ditrantsitiboarekiko adierazten du komunztadura eta hau Oiartzunen lekukotzen da nagusiki (Yrizar, 1992-II: 449).
Atal honetan, datu-basean emandako erantzunak jaso eta erantzun hauek dialektologia lanetako sailkapenekin alderatzen dira, hizkera ereduren baten hedadurak aldaketarik izan duen egiaztatu ahal izateko.
Hizkera eredua 1a: hau izan da hedadura zabalagoa izan duen komunztadura eredua, Irungo (nafarrerako mugako hizkeran) eta Errenteriako (erdialdean) informatzaileek eman baitute honen berri. Oiartzungo berriemailerik egon izan balitz, honek ere eredu honen berri emango zukeen ziurrenik.
Hizkera eredua 1b: Errenteriako berriemaileak baino ez du eman komunztadura eredu honen berri. Ez da Hernaniko hizkeran lekukotu. Hortaz, hedadura murritzagoa izango du inakusatiboetan *edun darabilen komunztadura eredu honek, Oiartzun eta Errenteria inguruetara mugatuz.
Hizkera eredua 1c: kasu honetan ere, Errenteriako berriemailea izan da 3. pertsonako subjektudun perpaus inakusatiboetan *edun laguntzailea darabilela aipatu duen bakarra. Beraz, eredu honek ere ez du hedadura handirik izango Errenteria eta Oiartzun herrietatik kanpo.
Euskaraz, perpaus inakusatiboak eratzerakoan izan aditz laguntzailea erabili ohi da hizkera gehienetan. Hala ere, Datiboaren Lekualdatzea gertatzen den eremuetako batean, Oarsoaldean, perpaus inakusatibo datibodunetan *edun aditz laguntzailea ageri da. Subjektu datiboa 1. pertsonakoa denean, absolutibo komunztadura adierazten du *edun aditz laguntzailean. Bestetik, 2. edo 3. pertsonako subjektu datiboa ageri denean, datibo komunztadurari eusten zaio, eta *edun aditz laguntzailearen joko ditrantsitiboan adierazten da datibo komunztadura hau.
Argitzeke dago oraindik zein den Datiboaren Lekualdatzearen eta inakusatiboetan *edun laguntzailea erabiltzearen arteko harremana, izan ere, datiboa lekualdatzen den gainerako hizkeretan (Lekeition, Oñatin, Ziburun) izan aditz laguntzailea erabiltzen da perpaus inakusatibo datibodunetan.
Fernández, Beatriz. 2004. «Gustatzen nau, gustatzen dizu: aditz laguntzaile eta komunztadura bitxiak perpaus ez-akusatiboetan». In Pablo Albizu and Beatriz Fernández (eds.), Euskal gramatika XXI. mendearen atarian. Gramatika gaiak. Iker 14 (1). Bilbo: Euskaltzaindia.
Rezac, Milan and Beatriz Fernández. 2013. «Dative Displacement in Basque». In In Beatriz Fernández and Ricardo Etxepare (eds.), Variation in datives: a microcomparative perspective. New York: Oxford University Press. 256-282.
Yrizar, Pedro de. 1992. Morfología del verbo auxiliar Alto Navarro Septentrional. 2 vol. Donostia: Gipuzkoako Kutxa.


