12. kapituluan ikusi dugun bezala, euskarak arazle analitiko, morfologiko zein lexikoak baditu ere, morfologikoak dira emankorrenak eta zeresan handiena eman dezaketenak.
Arazle morfologikoak aditzoinari (oro har ekialdean) edo partizipioari (oro har mendebalean) morfema bat gaineratuta eraikitzen dira, morfema arazlea, hain zuzen ere (Ortiz de Urbina 2003b: 593). Morfema hori, ordea, ez da berbera hizkera guztietan: hizkera batzuek arazi darabilte, beste batzuek, aldiz, eragin. Morfema honi dagokio atal honetan deskribatuko dugun txandakatzea.
Eredu orokorraren arabera, morfema arazlea arazi da (1). Morfema honek, ordea, zenbait alomorfo ditu, euskalkien arabera aurki daitezkeenak: erazi, arazo edo arazotu, besteak beste. Hizkera ereduan, berriz, eragin morfemaren bidez sortzen dira egitura arazleak (2).
(1) | Nik | Joni | liburua | irakurrarazi | diot |
ni.ERG | Jon.DAT | liburua.ABS | irakur.arazi | (3ABS).edun.APPL.3SG.DAT.1SG.ERG |
(2) | Nik | Joni | liburua | irakur | eragin | diot |
ni.ERG | Jon.DAT | liburua.ABS | irakur | eragin | (3ABS).edun.APPL.3SG.DAT.1SG.ERG |
Arazik zein eraginek -ra- artizki zaharra barnebiltzen dute. Artizki honen bidez sortutako aditzak arazle lexikoetan kokatzen ditugu gaur egun, artizkia ez baita emankorra dagoeneko. Garai batean, ordea, artizki hau zen arazle morfologikoak sortzeko euskarak zuen mekanismoa. Hortik datoz, besteak beste, ibili vs erabili edo ekarri vs erakarri bezalako bikoteak.
Gaur egungo arazle morfologikoak sortzeko erabiltzen diren bi morfemek, esan bezala, artizki hau daukate. Haien jatorria, ordea, ezberdina da. Izan ere, araziren kasuan ez dago oso garbi zein den jatorrizko erroa, eta sortutako morfema ez da aditz independente baten baliokidea gaur egun. Eraginen kasuan, aldiz, egin da jatorrizko erroa, eta sortutako morfemak aditz independente gisa ere joka dezake (Ortiz de Urbina 2003b: 593).
Dena den, bi eredu hauen artean aditzaren forma baino ez da aldatzen. Hau da, bi morfemek aditz laguntzaile berberak hartzen dituzte eta berdin jokatzen dute perpausean.
Banaketa geografikoari dagokionez, esan daiteke ezaugarri honen banaketa nahiko gardena dela. Ekialdeko eta erdialdeko euskalkiek eredu orokorra jarraitzen dute. Hizkera eredua, berriz, mendebal zabalean lekukotzen da. Ereduen arteko muga Azpeitia (hizkera eredua) eta Beizamaren (eredu orokorra) artean kokatzen da emaitzen arabera. Salbuespen bakarra Bizkaiko Artea herrian aurkitzen dugu, bertan ez baita hizkera eredua lekukotzen.