Euskaraz, testuinguru burutuetako partizipioa osatzeko -n, -tu (edo -du), -i edo -ø atzizkiak erabiltzen dira. Horrela, izan, apurtu, etorri eta bete bezalako partizipioak osatzen dira.
(1) | Ez | dut | arazorik | izan |
ez | (3ABS).edun.1SG.ERG | arazo.PRTV | izan.PTCP |
Hizkera batzuetan, partizipio batzuk osatzeko, -tu eransten zaio aurreko partizipio markari eta horrela, bi marka desberdin erabiltzen dira. Halakoak, batez ere, -n amaierako partizipioetan gertatzen dira: -n + tu > -ndu. Ondorioz, izandu, egondu eta etzandu bezalako partizipioak sortzen dira (2). Bestetik, zero partizipio marka (-ø) dutenekin ere gerta liteke, esate baterako, betetu edo bizitu bezalakoetan.
(2) | Ez | dut | arazorik | izandu |
ez | (3ABS).edun.1SG.ERG | arazo.PRTV | izan.PTCP |
Guk dakigula, bikoizketa honen berri ez da dialektologia lanetan jaso. Haddican eta Tsoulasen arabera, ezaugarri hau erdialdeko euskalki batzuetan dago, esate baterako Oiartzunen.
Datubaseko emaitzei erreparatuta, ikus daiteke ezaugarrien hedadura handiagoa dela eta mendebaletik ekialderaino zabalduta dagoela. Mendebaleko euskalkietan, baiezko erantzuna jaso da Getxon, Loiun, Mungian eta Gernikan, hau da, ipar-sartaldean eta tarteko azpieuskalkiaren iparraldean. Erdialdeko erdiguneko azpieuskalkian, Hernanin, Errenterian, Irunen, eta sortaldeko azpieuskalkian, Irunen eta Imotzen jaso da haren berri. Euskara nafarrean hainbat puntutan aurkitu da, zehazki, Arbizun, Goizuetan, Erroibarren eta ekialdean Orbaitzetan. Azkenik, euskara nafar-lapurtarrean, Ziburun eta Oragarren jaso da baiezko erantzuna, baina ez euskara zuberotarra duen Urdiñarben.
Ikuspuntu sintaktikotik, partizipio markaren bikoizketa modu batera baino gehiagora interpreta daiteke. Haddican eta Tsoulasen (2012) arabera, adibidez, horrelako partizipioetan garbi ikusten da “partizipiozkotzat” ditugun atzizkiak, izatez, funtzio bat baino gehiago izan ditzaketela. Izan ere, Goenagak (1985) eta Artiagoitiak (1995) erakutsi duten bezala, -n, -tu, -i edo -ø amaierako aditzezko formak interpretazio burutua edo perfektiboa ez duten hainbat testuingurutan ager daitezke, besteak beste, geroaldiko adiera duten testuinguruetan (3a), testuinguru ez-jokatuetan (3b), aginteran (3c) edota postposizioen osagarrietan (3d) (Haddican eta Tsoulas 2012)
(3a) | izango | da |
izan.PROS | (3ABS).izan |
(3b) | izan | behar | du |
izan.PTCP | behar | (3ABS).edun.(3ERG) |
(3c) | egon | lasai |
egon.PTCP | lasai |
(3d) | nahiz | gaztea | izan |
nahiz | gaztea | izan.PTCP |
Kasu horietan guztietan, ez da atzizkiaren bikoizketarik gertatzen, ezta hala egiten duten aldaeretan ere (Haddican eta Tsoulas 2012).
(4a) | *izanduko | da |
izan.PROS | (3ABS).izan |
(4b) | *izandu | behar | du |
izan.PTCP | behar | (3ABS).edun.(3ERG) |
(4c) | *egondu | lasai |
egon.PTCP | lasai |
(4d) | *nahiz | gaztea | izandu |
nahiz | gaztea | izan.PTCP |
(2) eta (4)ren arteko kontrastea azaltzeko, Haddican eta Tsoulasek proposatu dute -n, -tu, -i edo -ø atzizkiek funtzio bikoitza izaten dutela: bata, infinitiboa gauzatzea, eta bestea, aspektu burutua (edo perfektiboa) gaineratzea. (1) eta (2) bezalako testuinguru burutuetan, funtzio biak betetzen dira; eta (3) eta (4) bezalakoetan, ordea, bat bakarrik, infinitiboarena, hain zuzen. Hortaz, egile horien arabera, bikoizketa gertatzen da (2) bezalako adibideetan funtzioak banatu egiten direlako: -n atzizkiak infinitiboa gaineratzen du eta -tu (>-du) atzizkiak, aldiz, aspektu burutua. (3)ko eta (4)ko adibideetan, funtzio bakarra gauzatu beharra dagoenez, ordea, ez da bikoizketarik gertatzen eta atzizki bakarra azaleratzen da.
Artiagoitia, Xabier. 1995. «Verbal projections in Basque and minimal structure». ASJU, XXVIII-2: 339-504.
Goenaga, Patxi. 1985. «Complementación y nominalización en Euskara». ASJU 19: 493-570.
Haddican, Bill and George Tsoulas. 2012. «A continuum of deficiency for Basque infinitives». In Urtzi Etxeberria, Ricardo Etxepare and Myriam Uribe-Etxebarria (eds.), Noun phrases and nominalizations in Basque. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 437-460.