Aditz perifrastikoek edo analitikoek balio subjunktibo, potentzial edo aginterakoa dutenean, aditzoina erabiltzen da eredu orokorrean (1), hau da, aspektu burutua duen partizipioari -tu edo -i kenduta sortzen den forma. Hala egiten da aditz guztiekin, beste kategorietatik eratorriak izan zein ez.
(1) | Ez | nuke | nahi | Mikel | abere | dadin |
ez | 1SG.edun.MOD | nahi | Mikel.ABS | abere | (3ABS).edun.COMP |
Joera hori aldatu egiten da aldaera batzuetan aditzaren izaera morfosintaktikoaren arabera. Euskaltzaindiak (2000, 2012) berak Hiztegi Batuan eta Euskaltzaindiaren Hiztegian goiko testuinguruetarako aditzoina zein partizipioa ontzat hartzen ditu aditza beste kategoria batetik eratorria denean. Hizkera ereduan ikus daitekeenez (2), balio subjunktiboa duen menpeko perpaus batean, hizkera batzuetan partizipioa darabilte, aditzoinaren ordez. Perpaus horren aditza, baina, izen batetik eratorritakoa da: abere (izena) > aberetu (aditza).
(2) | Ez | nuke | nahi | Mikel | aberetu | dadin |
ez | 1SG.edun.MOD | nahi | Mikel.ABS | abere.PTCP | (3ABS).edun.COMP |
Partizipio burutuaren erabilera aditz eratorrietan indartzeak pentsaraz lezake -tu eta i atzizkien funtzio bakarra ez dela aspektu burutua adieraztea. Haddican eta Tsoulasen (2012) arabera, atzizkiok bi balio lituzkete: infinitiboa eta aspektu burutuarena (ikus 38. ezaugarria). Bestalde, Berrok (2015) proposatu du, aspektu markak izateaz gain, atzizkiok adizgileak direla, hau da, beren funtzioa aditzak sortzea dela (de Rijk 2008). Ildo horretatik, erraz uler daiteke -tu atzizkia (2) moduko testuinguru batean agertzea, hots, aspektu balio buruturik ez duen perpaus batean, eta aditzezkoak ez diren erroei lotuta.
Hualdek (2003) eta Zuazok (2008) ohartarazi duten bezala, aditzoinaren erabilera goian adierazitako testuinguruetan (1) ekialdeko euskalki batzuetara mugatzen da gaur egun, eta hala jaso dugu Euskara Bariazioan (BiV) datu-basean ere (ikus 39. ezaugarria). Izan ere, mendebaleko eta erdialdeko aldaeretan, baita hizkera nafar batzuetan ere, partizipio burutua erabiltzen da, nahiz eta testuinguru horietan aditzak ez duen aspektu balio buruturik.
Datu-basean jaso ditugun emaitzen arabera, horrelako testuinguruetan partizipio burutua erabiltzeko joera hedatu samar dago euskal hizkeretan. Ipar Euskal Herriko bi hizkeretan izan ezik -nafar-lapurterako Larresoroko hizkeran eta zuberotarreko Urdiñarbeko hizkeran-, gainerako aldaeretan baiezko erantzuna jaso du (2) hizkera ereduak. 39. ezaugarriaren hedadurarekin alderatzen badugu, ikus daiteke aditz eratorrien kasuan partizipioa erabiltzeko joera zabalduago dagoela aditza ez-eratorria denean baino. Izan ere, hainbat hizkera nafarretan (esate baterako, Arbizun eta Baztanen) eta nafar-lapurtarretan (Ziburun eta Oragarren) ez dute partizipio burutua erabiltzen subjunktiboan, aginteran edo potentzialean, aditza eratorria ez bada.
Berro, Ane. 2015. Breaking verbs. From event structure to syntactic categories in Basque. Ph.D. Diss., UPV/EHU and Université Bordeaux Montaigne (UBM).
de Rijk, Rudolf P.G.. 2008. Standard Basque: A progressive grammar. Cambridge (Mass.): MIT Press.
Euskaltzaindia. 2000. Hiztegi Batua. Bilbo: Euskaltzaindia.
Euskaltzaindia. 2012. Euskaltzaindiaren Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia.
Haddican, Bill and George Tsoulas. 2012. «A continuum of deficiency for Basque infinitives». In Urtzi Etxeberria, Ricardo Etxepare and Myriam Uribe-Etxebarria (eds.), Noun phrases and nominalizations in Basque. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 437-460.
Zuazo, Koldo. 2008. Euskalkiak, euskararen dialektoak. Donostia: Elkar.