iii.5. Aspektu burutugabearen marka (-ten, -etan, -tuten, -iten, -ketan)
Egilea: Ane Berro
Nola aipatu: Berro, Ane. (2022). Aspektu burutugabearen marka (-ten, -etan, -tuten, -iten, -ketan). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=3&e=21&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
Deskribapena

Euskarazko forma analitiko burutugabeetan aditzoinari aspektu marka bat gaineratzen zaio, -ten edo -tzen, partizipioaren amaieraren arabera. Aditzaren partizipiozko forma -n-z edo [s,z,ts,tz]i-z amaitzen denean, -ten azaltzen da burutugabean (1a), eta gainerako aditzetan, -tzen (1b).

(1a) Ura edaten dut
ura.ABS edan.IPFV (3ABS).edun.1SG.ERG
(1b) Baloia botatzen dut
baloia.ABS bota.IPFV (3ABS).edun.1SG.ERG

Aspektu marka burutugabea morfologikoki zati txikiagotan bana daitekeela proposatu izan da: -te- edo -tze- morfema izengilea eta -n inesibo marka. Horrekin lotuta, Mounolek (2011) proposatu bezala, pentsa liteke gaur eguneko aspektu burutugabearen marka jatorriz progresibotasuna adierazteko erabiltzen zela, eta gero balio burutugabe orokorragoa hartuz joan zela.

Nolanahi ere den, aldaera batzuetan, beste aspektu marka batzuk ere badira, aditzen partizipioaren arabera aldatzen direnak. Euskara Bariazioan (BiV) datu-basean, zazpi hizkera ereduren berri jaso da. Zazpi horiek, baina, hiru taldetan bana ditzakegu: lehen bostak mendebalean oro har, edo mendebaleko aldaera batzuetan aurkitzen dira; seigarrena, mendebaleko hizkera jakin batzuetan bakarrik, eta zazpigarrena ipar-ekialdeko hizkeretan eta Nafarroako ipar-mendebaleko hizkera batzuetan.

Lehenengoan, -ten erabiltzen da baita aditzaren partizipioa -a, -e, -o, -gi, -ki eta -[l, n, r]i-z ere amaitzen denean. Esate baterako, botatzen, betetzen, joten, jagiten, eukiten, ibilten, ipinten eta ekarten esaten da hizkera horietan (Zuazo 2008: 79) (2). Hortaz, eredu honetan, -ten markaren erabilera eredu orokorrean baino hedatuago dago aditzetan. Konparatu (1b) eta (2).

(2) Baloia botatzen dot
baloia.ABS bota.IPFV (3ABS).edun.1SG.ERG

Bigarrenean, -etan atzizkia aurkitzen dugu aditzaren partizipioaren amaiera -a eta -e direnean.

(3) Basua urez betetan dot
basoa.ABS ur.INS bete.IPFV (3ABS).edun.1SG.ERG

Hirugarrenean ere, -etan atzizkia ageri da, oraingoan aditzaren partizipiozko formaren amaiera -au denean (adib. kauntau partizipiozkoan, kantetan)

(4) kantetan dot
kanta.IPFV (3ABS).edun.1SG.ERG

Ikus daitekeenez, aspektu burutugabea adierazteko erabiltzen den atzizki horretan (-etan) ez dira morfologikoki bereizten izengilea eta inesiboaren marka.

Laugarren hizkera ereduan, -ten markaren hedadura zabalagoa da, eta -au partizipio amaiera duten aditzetan agertzen da. Konparatu (4) eta (5).

(5) kantaten dot
kanta.IPFV (3ABS).edun.1SG.ERG

Bosgarren hizkera ereduan, -tuten da erabiltzen den aspektu burutugabearen marka, baldin eta partizipioa -tu, -atu, -itu eta -idu-z amaitzen bada.

(6) apurtuten dot
apur.IPFV (3ABS).edun.1SG.ERG

Seigarren hizkera ereduan, -ketan da aspektu mugagabea adierazteko erabiltzen den marka, partizipioa -atu , -itu eta -tu-z amaitzen denean eta bi silaba baino gehiago dituenean (Erostarbe 1995). Gainera, badirudi -ketan sarri erabiltzen dela aditza eratorria denean. Esate baterako, (6) adibidean, haserratu aditza haserre adjektiboa izango luke oinarri, eta -ketan aspektu marka hartzen du mugagabean.

(7) haserraketan da
haserre.IPFV (3ABS).izan

Atzizki honetan, morfema izengile bat -keta- eta inesibo marka bereiz daitezke. Eratorpen morfema moduan, -keta ekintza izenak eta ugaritasuna adierazten duten izenak sortzeko erabiltzen da euskaraz (adib. zezenketa, jendeketa) (Trask 1996).

Zazpigarren eta azken hizkera ereduan, -iten da aspektu marka burutugabea, batez ere partizipioa -n-z amaitzen denean (Euskaltzaindia 1987 [1997]: 117).

(8) Etxean egoiten naiz
etxea.INE egon.IPFV 1SG.ABS.izan
Banaketa dialektala

Lehenik aipatutako bost hizkera ereduak (1-6) mendebalekoak dira. Zuazoren (2008) arabera, laugarren hizkera eredua Bizkaiko ipar-sartaldean eta kostaldeko hizkera guztietan dago. Gainerakoak, mendebalean aurkitzen dira oro har.

Zuazoren (2017: 121) arabera, mendebaleko hizkera batzuetan erabiltzen da seigarren hizkera ereduko -ketan marka, zehazki, Debagoienean. Bestetik, Erostarbek (1995), haren berri eman du Oñatiko aditz izenen inguruko azterketan eta partizipioa -atu edo -tu amaiera duenean gertatzen dela zehaztu du. Elortzak (1995) -ketan aurkitu du Marinen, Arrasaten, Larriñon, Arrasaten eta Oñatin.

Azken eredua, berriz, ipar-ekialdeko hizkeretan eta Nafarroako ipar-mendebaldeko hizkera batzuetan aurkitzen dugu nagusiki (Zuazo 2008). Gainera, mendebaleko hizkera batzuetan ere -iten markaren berri jaso da, esate baterako Orozkon eta Oñatin (Zuazo 2017: 115, 123).

Datu-basearen emaitzak

Datu-baseko emaitzei dagokienez, banaketa bat dator hein handi batean aurreko lanetan jasotakoarekin. Lehen hizkera ereduak, bigarrenak eta hirugarrenak baiezko erantzuna jaso dute mendebaleko sartaldeko hizkeretan (Getxon, Loiun, Mungian eta Artean), tartekoetan (Gernikan eta Otxandion) eta sortaldeko ekialdeko hizkera batean (Aramaion), ez ordea sortaldeko beste hizkera batzuetan (adib. Mallabian eta Bergaran). Bosgarren hizkera ereduak banaketa berdintsua du baina Lekeition ere aurkitu da. Laugarren hizkera ereduaren berri, Zuazok (2008) esan bezala, ipar-sartaldean (Getxon, Loiun, Mungian) eta kostaldean (Lekeition) jaso da.

Seigarren hizkera ereduari dagokionez, -ketan aspektu markak baiezko erantzuna jaso du Aramaion, aurreko lanetan jasotakoarekin bat eginez, eta baita ipar-ekialdeko Larresoron (nafar-lapurtarra) eta Oragarren (nafar-lapurtarraren eta zuberotarraren tartekoa).

Azkenik, zazpigarren hizkera eredua, -iten aspektu markaren erabilera, Nafarroako ipar-sartaldean (Goizuetan) eta Euskal Herriko ipar-ekialdean (Larresoron, Oragarren eta Urdiñarben) aurkitu da.

Aipamenak

Elortza, Jerardo. 1995. «Aditzaren izen-forma Deba Garaian eta Araba aldean». In Ricardo Gómez and Joseba A. Lakarra (eds.), Euskal Dialektologiako Kongresua [Supplements of ASJU XXVIII]. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. 465-477.

Erostarbe, Amaia. 1995. «Aditz izenak Oñatiko hizkeran». In Ricardo Gomez and Joseba A. Lakarra (eds.), Euskal Dialektologiako Kongresua [Supplements of ASJU XXVIII]. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. 495-517.

Euskaltzaindia. 1987. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak II. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1997]

Mounole, Céline. 2011. Le verbe basque ancien: étude philologique et diachronique. Ph.D. Diss., UPV/EHU and  Université Michel de Montaigne-Bordeaux III.

Trask, Larry. 1996. «On the history of the non-finite verb forms in Basque». In José Ignacio Hualde, Joseba Andoni Lakarra and Robert Larry Trask (eds.), Towards a History of the Basque Language. Current Issues in Linguistic Theory 131. John Benjamins Publishing Company. 207-234.

Zuazo, Koldo. 2008. Euskalkiak, euskararen dialektoak. Donostia: Elkar.

Zuazo. Koldo. 2017. Mendebaleko euskara. Donostia: Elkar.