iii.6. Aspektu prospektiboaren marka:  -(r)en (v -ko)
Deskribapena

Euskaraz geroaldian gertatuko den gertaera bat adierazi nahi denean partizipioari -ko atzizkia gaineratzen zaio. EGLU II-ren (Euskaltzaindia 1987 [1997]) arabera, -ko aspektu markak [+geroa, -burutu] ezaugarriak ditu, eta hortaz, aspektu marka prospektibotzat har daiteke (Oihartzabal 2003a).1 

(1) egingo dugu
egin.PROS (3ABS).edun.1PL.ERG

Ikus daitekeenez, partizipiozko forma berrian, testuinguru burutuan erabiltzen den egin partizipioa eta -go (-ko-ren alomorfoa) bereiz daitezke. Atzizki hori eta erlazio/leku genitibo atzizkiak homofonoak dira (adib. mendiko etxea bezalako sintagma bateko -ko) (Hualde 2003b: 206).

Aldaera batzuetan, -ko (edo -go) erabili beharrean, -(r)en atzizkia erabiltzen da partizipio soilak -n amaiera duenean (eta baita hil partiziparen ondoren ere, Oihartzabal 2003a). Atzizki hori ere genitibo postposizioaren homofonoa da (adib. mendiaren tontorra bezalako sintagma bateko -(r)en).

(2) eginen dugu
egin.PROS (3ABS).edun.1PL.ERG

Oharrak: 

1 Batzuetan adiera kontrafaktuala ere adieraz lezake, esate baterako baldintzazko perpausetan. Horrelako testuinguruak kontuan hartuta, Lakak (1996) -ko marka benetan modu irreala adierazten duela proposatu du.

Banaketa dialektala

Hizkera eredu hori (2) nagusi da ekialdean (Oihartzabal 2003a), Zuazoren (2008: 212) arabera, mendebalean eta erdialdean -n amaierako partizipioetan -go gaineratzen da, eta ekialdean, berriz (euskara nafarrean, nafar-lapurtarrean eta zuberotarrean). Dena dela, Zuazok dioenez, Nafarroan -go gero eta gehiago hedatzan ari da, batez ere gazteen artean.

Hizkera eredu horretan (2), -(r)en aspektu marka prospektiboaren hedadura ez da oso handia hizkuntzaren barruan, partizipio soilaren amaiera -n denean bakarrik erabiltzen baita: egon, egin bezalako aditzetan egonen, eginen egiten da; beste kasuetan -ko erabiltzen da: etorri aditzerako etorriko esaten da eta ez etorriren. Nolanahi ere, badirudi lehenago atzizki hori zabalduago zegoela ipar-ekialdeko hizkeretan bederen (Mounole 2011), eta bokalez amaitutako partizipioetan ere erabiltzen zela. Gaur eguneko banaketa geografikoari dagokionez, zenbat eta ekialderago jo, -(r)en-en hedadura handitu egiten da hizkuntzan eta -tu/-i amaierako partizipioekin ere erabiltzen da (EGLU II). Datu-basean eredu horri azpihizkera eredutzat hartu dugu (3):

(3) etorriren naiz
etor.PROS 1SG.ABS.izan
Datu-basearen emaitzak

Ezaugarriak datu-basean lortu duen banaketari dagokionez, emaitzek bat egiten dute hein handi batean aurreko lanetan jasotakoarekin. Eredu orokorra nagusi da mendebaleko eta erdialdeko hizkeretan; hizkera ereduan nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, eta azkenik, azpihizkera ereduak baiezko erantzuna jaso du ekialderen dagoen aztertutako hizkeran, hain zuzen, Urdiñarben, euskara zuberotarrean.

Eztabaida teorikoa

Aspektu marka prospektiboaren eta genitibo postposizioaren sinkretismoan oinarrituz, batzuek -ko (edo -(r)en aspektu markek jatorrian zentzu destinatiboa zutela proposatu dute (Lafon 1972 [1999]; Oihartzabal 1987, 2003a; Mounole 2011) eta gerora denbora esanahia hartu zutela. Beste hizkuntza batzuetan ere ezagunak dira adposizio destinatiboek izan dezaketen geroaldiko esanahia (Berro 2015), esate baterako, gaztelaniaren [estar para + infinitiboa] perifrasia.

Aipamenak

Berro, Ane. 2015. Breaking verbs. From event structure to syntactic categories in Basque. Ph.D. Diss., UPV/EHU and Université Bordeaux Montaigne (UBM).

Euskaltzaindia. 1987. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak II. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1997]

Hualde, José Ignacio. 2003b. «Non-finite Forms». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 196-246.

Lafon, René. 1972. «Le suffix -ke, -te dans la conjugaison basque (suite et fin)». BSL LXVII-1, 239-265. Reprinted in Lafon 1999.

Lafon, René. 1999. «Le suffixe -ke, -te dans la conjugaison basque (suite et fin)». In Jean Haritschelhar eta Piarres Charritton (arg.), Vasconiana. Iker 11. Bilbao: Euskaltzaindia. 505-528.

Laka, Itziar. 1996.  A Brief Grammar of Euskara, the Basque Language. Euskararako Errektoreordetza, EHU. ISBN: 84-8373-850-3.

Mounole, Céline. 2011. Le verbe basque ancien: étude philologique et diachronique. Ph.D. Diss., UPV/EHU and  Université Michel de Montaigne-Bordeaux III.

Oyharçabal, Beñat. 1987. Étude descriptive de constructions complexes en basque: Propositions relatives, temporelles, conditionnelles et concessives. Doktore tesia. Paris 7.

Oyharçabal, Beñat. 2003. «Verbs. Tense, aspect and mood». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 249-284.

Zuazo, Koldo. 2008. Euskalkiak, euskararen dialektoak. Donostia: Elkar.