Perpaus aspektugabeetan eta indikatiboetik kanpokoetan, aditzoina erabiltzen da eredu orokorrean (1), hau da, oro har aspektu burutua duen partizipioari -tu edo -i atzizkiak kenduta sortzen den forma. Hala egiten da mendeko perpausa subjunktiboetan, agintezkoetan, baita balio potentziala duten perpausetan ere (Euskaltzaindia 1987 [1997]).
| (1) | etor | dadin |
| etor | (3ABS).edin.COMP |
Nolanahi ere den, euskalki batzuetan aditzoina ez da erabiltzen testuinguru horietan, eta haren ordez, partizipio burutua (alegia, -tu, -i amaiera duena) aukeratzen da (Zuazo 2008; Hualde 2003b).
| (2) | etorri | dadin |
| etor.PTCP | (3ABS).edin.COMP |
Aspektu balio buruturik ez duen testuinguru horretan, partizipio burutua erabiltzeak inplikazio morfosintaktikoak baditu. Izan ere, -n, -tu (edo -du), -i edo -ø amaierako partizipioak ezin dira [+burutu] tasunarekin lotu (cf. EGLU II). Hortaz, aldaera horietako erabilera Goenagak (1985) eta Artiagoitiak (1995) zerrendatutakoei gaineratu behar zaie, hots, partizipioa interpretazio burutua edo perfektiboa ez duen gainerako testuinguruei (ikus 38. ezaugarria).
Pentsa liteke, Haddican eta Tsoulasen (2012) ildotik, -n, -tu (edo -du), -i edo -ø atzizkiek balio bikoitza dutela; batetik, balio infinitiboa eta, bestetik, aspektu burutuarena. (2) bezalako testuinguruan bigarrena izango luke -i-k. Bestalde, balio infinitiboaz gain, esan genezake -tu (edo -du) eta -i atzizkiak aditzak sortzeko baliatzen direla eta, beraz, eratorpen atzizki adizgileak direla (ikus Berro 2015 ildo horretako proposamen baterako). Adizgilea besterik ez bada -i atzizkia (2) adibidean, erraz azal liteke hura horrelako testuinguru batean agertzea.
Hualderen (2003b) eta Zuazoren (2008) arabera, eredu orokorra zaharragoa da eta lehen orokorturik zegoen euskal hizkeretan (ikus Mounole 2011). Orain, baina, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako ekialdean baino ez da erabiltzen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoako mendebaldean (2) hizkera eredua da nagusi.
Datu-basean hizkera ereduak baiezko erantzuna jaso du oro har mendebaleko eta erdialdeko aztertutako aldaera guztietan, baita Gipuzkoako mendebaldekoetan ere. Euskara nafarraren barruan ere bi aldaeratan jaso da: erdialdeko euskalkiaren tartekoa den Imotzeko aldaeran, eta sortaldeko Erroibarren ere bai. Beraz, pentsa genezake apurka-apurka ekialdera zabaltzen ari dela indikatibotik kanpo partizipio burutua erabiltzeko joera (ikus 40. ezaugarria).
Artiagoitia, Xabier. 1995. «Verbal projections in Basque and minimal structure». ASJU, XXVIII-2: 339-504.
Berro, Ane. 2015. Breaking verbs. From event structure to syntactic categories in Basque. Ph.D. Diss., UPV/EHU and Université Bordeaux Montaigne (UBM).
Euskaltzaindia. 1987. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak II. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1997]
Goenaga, Patxi. 1985. «Complementación y nominalización en Euskara». ASJU 19: 493-570.
Haddican, Bill and George Tsoulas. 2012. «A continuum of deficiency for Basque infinitives». In Urtzi Etxeberria, Ricardo Etxepare and Myriam Uribe-Etxebarria (eds.), Noun phrases and nominalizations in Basque. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 437-460.
Hualde, José Ignacio. 2003b. «Non-finite Forms». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 196-246.
Zuazo, Koldo. 2008. Euskalkiak, euskararen dialektoak. Donostia: Elkar.


