iii.1. Aspektu burutugabea baldintza hipotetikoetako protasian: -tzen ba- (v -tuko ba-)
Egilea: Irati Huarte
Nola aipatu: Huarte, Irati. (2022). Aspektu burutugabea baldintza hipotetikoetako protasian: -tzen ba- (v -tuko ba-). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=3&e=53&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
Deskribapena

Euskaraz, baldintza hipotetikoa egiteko, baldintza adierazten duen perpausean, hots, protasian,-tuko aspektu prospektiboa erabili ohi da:

(1) Lortuko balu, poztuko ginateke
lor.PTCP.PROS BA.(3ABS).3ERG poz.PROS 1PL.ABS.izan.PST.MOD

Hala ere, ekialdeko hizkera batzuetan, aspektu prospektiboaren ordez, -t(z)en aspektu burutugabea erabiltzen da (de Rijk 2008: 423):

(2) Lortzen balu, poz gintezke
lor.IPFV BA.(3ABS).3ERG poz 1PL.ABS.edin.PST.MOD
Banaketa dialektala

Oro har, hizkera guztietan, protasiak adierazten duen egoera hipotetikoa lehenaldian gertatu bada, partizipio burutuarekin adierazten da (de Rijk 2008: 423):

(3) Egin balu
egin.PTCP.PFV BA.(3ABS).3ERG

Iragana ez diren bertze denborak adierazteko, aldiz, Hego Euskal Herrian -tuko aspektu prospektiboa erabiltzen da eta Iparraldean -t(z)en burutugabea (de Rijk 2008: 423). Euskaltzaindiak (1987: 380-381), ordea, mendebalde eta ekialdeko hizkeren artean jartzen du muga, Hualdek eta Ortiz de Urbinak bezala (2003: 270). Batetik, mendebaldeko hizkerak ditugu (Euskaltzaindia 1987: 381):

(4) Etorriko balitz, poztuko ginateke
etor.PTCP.PROS BA.(3ABS) poz.PROS 1PL.ABS.izan.PST.MOD

Bertzetik, aspektu prospektiboa erabiltzen duten ekialdeko hizkerak daude (Euskaltzaindia 1987: 381, Hualde eta Ortiz de Urbina 2003: 270). Irizarrek (1997: 506) erraterako, honako adibidea biltzen du Arbonako (Lapurdi) hiztun bati entzunda:

(5) Orai ehortzen balitz bezala duk

Epeldek (2004a: 22) Lapurdiko bertze herri baten lekukotasuna biltzentzen du, izan ere, eskualde horretan -t(z)en da baldintzako protasian etorkizuna egiteko morfema (Epelde 2004a: 22):

(6) Gure xaarrek ikusten balute!
Datu-basearen emaitzak

Euskaltzaindiak (1987: 380-381), de Rijkek (2008: 423) eta Hualde eta Ortiz de Urbinak (2003: 270) errandakoa kontuan hartzen badugu, emaitzetan Hegoalde vs. Iparralde bereizketa egon beharko litzateke edo, gutxienez, mendebalde-ekialde hizkeren arteko banaketa. Mendebaldeko inkestatuen emaitzekin hasiz, denek aspektu prospektiboa darabilte. Erdialdeko hiztunek ere mendebaldekoen joera bera dute: lortuko balu. Nafarroako hiztunekin jarraituz, ekialde eta mendebaldeko hizkeren artean egon arren, mendebaldekoen alde egiten dute, Goizuetan, Mezkiritzen, Urdiainen eta baita nafar-lapurteratik hurbilago dagoen Baztan eskualdean ere.

Ekialdean, nahiz eta bertako hiztunek aspektu burutugabea erabiltzea espero dugun, bi morfemak lekukotzen dira. Batetik, Oragarreko eta Ziburuko hiztun nafar-lapurtarrek -tzen burutugabea erabiltzen dute baldintza hipotetikoaren protasian, eta bertzetik, ekialderen dagoen hizkeran (zubereraz) mendebaldean bezala prospektiboa erabiltzen da. Beraz, ekialdeko hiztunen artean ere dikotomia aurkitzen dugu.

Eztabaida teorikoa

Euskaltzaindiak (1987: 380) dioenari jarraituz, -tuko eta -t(z)en morfemek aspektua adierazten dute, gertakizuna (edo prospektiboa) eta ez-gertakizuna (edo burutugabea), hain zuzen. Dena den, baldintzako adizkiei atxikitzen dizkiegunean ez da adierazten duten aspektua kontuan hartzen, denbora baizik (Euskaltzaindia 1987: 380). Horrek erran nahi du bereizketa bitan egiten dela eta ez hirutan, aspektua kontuan hartzen bagenu gertatuko litzatekeen bezala (erosten vs. erosi vs. erosiko). Denborak agintzen duenez, erosi balu (lehenaldia) vs. erosiko / erosten balu (iragana ez dena) banaketa egiten da (Euskaltzaindia 1987: 380).

Ondorioz, erran genezake -tuko eta -t(z)en aspektu morfemek balio semantikoa galdu dutela eta hizkera bakoitzak bi morfema hauetako bat aukeratu duela iragana ez den bertze guztia adierazteko (Euskaltzaindia 1987: 380).

Aipamenak

de Rijk, Rudolf P.G.. 2008. Standard Basque: A progressive grammar. Cambridge (Mass.): MIT Press.

Epelde, Irantzu. 2004a. «Lapurdiko hego-ekialdeko euskararen kokapenerantz». FLV, 36, 96. 271-304.

Euskaltzaindia. 1987. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak II. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1997]

Hualde, José Ignacio and Jon Ortiz de Urbina (eds.). 2003. A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter.

Irizar, Pedro. 1997. Morfología del verbo auxiliar labortano (estudio dialectológico). Iruñea: Euskaltzaindia & UPV/EHU.