iii.2. Partizipiozko predikatuak: -(r)ik, -ta (v -a)
Deskribapena

Lehenaldi perfektiboan (1a) eta orainaldi perfektuan (1b) erabiltzen den partizipio burutuaren gainean partizipiozko beste forma bat sor daiteke -a atzizkia gaineratuz (2). Partizipiozko forma berriak esanahi erresultatiboa izaten du gehienetan, eta egitura predikatiboetan agertzen ohi da.

(1a) Mahaia apurtu zen
mahaia.ABS apur.PTCP izan.3ABS.PST
(1b) Mahaia apurtu da
mahaia.ABS apur.PTCP izan.3ABS

(2) Mahaia apurtua da/dago
mahaia.ABS apur.PTCP.RES izan.3ABS / egon.3ABS

Morfologikoki konplexuagoa den partizipiozko predikatu hori izan zein egon kopulekin batera agertzen da, baita perpaus iragankorretakoak diren *edun eta edukirekin ere, eta numero komunztadura egiten du modifikatzen duen izenarekin (cf. 2 eta 3), adjektiboek bezala.

(3) Mahaiak apurtu-ak dira/daude
mahaia.PL.ABS apur.PTCP.RES.PL izan.3PL.ABS / egon.3PL.ABS

Eredu orokorreko -a atzizkiaz gain, badira beste atzizki batzuk partizipio erresultatiboak eraikitzeko balio dutenak eta aldakortasun dialektala erakusten dutenak: -(r)ik eta -ta. -Adun partizipioak bezala, kopulekin batera ager daitezke egitura predikatiboetan, baina ez dute sujektuarekin komunztadurarik erakusten.

(4) Mahaia apurturik da/dago
mahaia.ABS apur.PTCP.RES izan.3ABS / egon.3ABS
(5) Mahaia apurturik dago
mahaia.ABS apur.PTCP.RES egon.3ABS

Gainera, -(r)ik eta -tarekin sortutako partizipioek ezin dituzte izenak zuzenean modifikatu izen sintamaren barruan; -arekin sortutakoek, bai ordea. Arrazoi horregatik, egile batzuek -a partizipioak adjektibozkoak direla proposatu dute, eta -(r)ik eta -ta partizipioak, aldiz, adberbiozkoak (Rebuschi 1984) edo postposiziozkoak (Artiagoitia 1995; Berro 2019a). Banaketa horren atzean atzizki bakoitzaren jatorria egon liteke: -(r)ik partitibo marka da gaur egun, eta ablatibo zaharra ere; -ta eta juntagailu kopulatibotik eratorria da (Krajewska 2012, 2013a), zeinak ondorengotasuna adierazten duen aditz burutuaren ondotik.

Nolanahi ere den, semantikoki hiru partizipioek antzera jokatzen dute: gehienetan gertaera burutu baten ondorengo eta ondoriozko egoera adierazten dute (Berro 2019ab). Beste batzuetan, baina, adiera estatiboa edota esperientziala ere izan dezakete (Berro 2019ab): adiera estatiboan, partizipioak egoera bat adierazten du, ez nahitaez aurreko gertaera baten ondoriozkoa (Embick 2004) (6); esperientzialean, aldiz, modifikatzen duen izenak nolabaiteko eskarmentua duela adierazten du, aurreko denbora tartean predikatuak deskribatzen duen gertakaria gutxienez behin indarrean egon delako (Comrie 1976; Iatridou et al. 2001/2003 beste batzuen artean) (7).

(6) Atea irekia/irekirik/irekita eraiki dute
ate.ABS ireki.PTCP.RES eraiki.PTCP edun.3ABS.3PL.ERG
(7) (Ni) Bilbon behin baino gehiagotan egona naiz/nago
ni.ABS Bilbo.INE behin baino gehiago.INE
egona naiz/nago
egon.PTCP.RES izan.1SG.ABS/egon.1SG.ABS

Azken irakurketa hori azken mendeetan ugarituz joan da, batez ere partizipioaren barruan ondoriozko emaitzarik ekartzen ez duten aditzak daudenean, esate baterako, egoera kognitiboak adierazten dutenak (konturatu), pertzepzio (entzun) eta komunikazio (esan) aditzak etab. (Krajewska 2012, 2013ab). Bestetik, interpretazio esperientziala lortu ere egiten da kopularen subjektua gertaera abiatu duen subjektuaren erreferentziakide denean.

(8) (Ni) pelikula asko ikusia/ikusita/ikusirik naiz/nago
ni.ABS pelikula asko.ABS ikusi.PTCP.RES izan.1SG.ABS / egon.1SG.ABS
Banaketa dialektala

Hiru atzizkien banaketa dialektalari dagokionez, Zuazok (1998: 221, 2008: 213) dio -(r)ik Zuberoan gorde dela, nahiz eta Nafarroan eta Nafarroa Beherean ere badagoen; -a entzuten da Lapurdin, Nafarroa Behere gehienean, euskara nafarraren ipar-mendebalean eta Gipuzkoako ekialdean. Azkenik, -ta mendebaleko eta erdialdeko bereizgarrien artean zerrendatu du. Hizkera batzuetan bi edo hiru atzizkien adibideak aurkitu dira. Esate baterako, Larresoron (Nafarroa Beherea) -(r)ik eta -a erabiltzen dira batez ere, baina badira -ta daramaten “modu adintzondoak” (Epelde 2004: 119-120).

Datu-basearen emaitzak

Euskara Bariazioan (BiV) datu-basean lortutako emaitzek -(r)ik eta -ta atzikien banaketa bertsua erakusten dute: -tak baiezko erantzunak jaso ditu mendebaleko eta erdialdeko hizkeretan. Bestalde, -(r)ik nagusi da ekialdeko hizkeretan, baita Sakanan ere (Arbizu). Azkenik, bi aldaeratan, bi atzizkien berri jaso da: euskara nafarra eta erdialdeko tarteko aldaera batean (Urdiainen) eta euskara nafarreko ipar-sartaldean (Goizueta).

Aipamenak

Artiagoitia, Xabier. 1995. «Verbal projections in Basque and minimal structure». ASJU, XXVIII-2: 339-504.

Berro, Ane. 2019a. «Non-verbal participles in Basque and Spanish». In Berro, Ane, Beatriz Fernández and Jon Ortiz de Urbina (eds.), Basque and Romance. Aligning grammars. Leiden/Boston: Brill. DOI: https://doi.org/10.1163/9789004395398_005  

Berro, Ane. 2019b.  «Basque adjectival participles: stative, resultative or experiential». Glossa: a journal of general linguistics, 4(1): 60. DOI: https://doi.org/10.5334/gjgl.730. 1-37.

Camino, Iñaki. 2016. Amiküze eskualdeko heskuara. Iruña / Bilbo: Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia.

Comrie, Bernard. 1976. Aspect. An introduction to the study of verbal aspect and related problems. Cambridge: Cambridge University Press.

de Rijk, Rudolf P.G.. 2008. Standard Basque: A progressive grammar. Cambridge (Mass.): MIT Press.

Embick, David. 2004. «On the structure of resultative participles in English». Linguistic Inquiry 35(3). 355–392. DOI: https://doi.org/10.1162/0024389041402634

Hualde, José Ignacio, Gorka Elordieta and Arantzazu Elordieta. 1994. The Basque dialect of Lekeitio. Bilbo and Donostia: PV/EHU and Gipuzkoako Foru Aldundia. Supplements of the International Journal of Basque Philology ASJU 34.

Krajewska, Dorota. 2012. «Resultatives in Basque: a diachronic study». Lingua Posnaniensis LIV(2). 56–67. DOI: https://doi.org/10.2478/v10122-012-0014-0  

Krajewska, Dorota. 2013a. The diachrony of resultative constructions in Basque. Vitoria-Gasteiz: University of the Basque Country (UPV/EHU) MA Thesis.

Krajewska, Dorota. 2013b. «Euskarazko egitura erresultatiboaren diakronia [The diachrony of the resultative structure in Basque]». In Ricardo Gómez, Joseba A. Lakarra & Céline Mounole (eds.), 3rd Conference of the Luis Michelena Chair, 264–274. Vitoria-Gasteiz: UPV/EHU Editorial Services.

Rebuschi, Georgés. 1984. Structure de l’énoncé en basque. Paris: SELAF.

Zuazo, Koldo. 1998. «Euskalkiak, gaur». FLV 30: 191-233.

Zuazo, Koldo. 2008. Euskalkiak, euskararen dialektoak. Donostia: Elkar.