iii.3. Denbora/leku modifikazioa partizipiozko predikatuekin
Deskribapena

Partizipio erresultatiboak partizipio burutu soila baino konplexuagoak dira morfologikoki (-a, -(r)ik zein -ta atzizkia izaten dute), eta partizipio burutuak ez bezala adiera erresultatiboa izaten dute gehienetan (1). Alegia, gertaera baten ondorengo eta ondoriozko egoera bat ematen dute aditzera (ikus 33. ezaugarria).

(1) Nire kotxea konpondua dago
nire kotxea.ABS konpondu.PTCP.RES (3ABS).egon

(1) adibidean, kopularen subjektua, nire kotxea, egoera batean dago, konpondua, eta egoera hori aditzak adierazten duen gertaeraren ondorio da, alegia, baten batek kotxea konpondu izanaren ondorio.

Horrelako partizipio erresultatiboek kategoria nahasia dutela esten da, aditzen eta adjektiboen ezaugarriak erakusten baitituzte. Esan dugun bezala, gertaera bat eta egoera bat adierazten dute, aditzek eta adjektiboek, bakoitzak bere aldetik, egiten duten bezala. Gainera, banaketa sintaktikoan ere bien ezaugarriak aurkitzen ditugu. Esate baterako, partizipio hauek egon kopularekin ager daitezke (1), aditzak ez bezala eta adjektiboen antzera. Bestetik, aditzak bezala, gertaera modifikatzen duten moduzko adberbioekin bateragarriak izaten dira. Horrez gain, hizkera batzuetan, partizipio erresultatiboak gertaera leku eta denbora jakin batean kokatuko duten modifikatzaileekin onargarriak dira (Berro 2019ab).

(2) Nire kotxea (atzo goizean / Joxeren garajean)
nire kotxea.ABS atzo goizean Joxeren garajean
konpondua dago
konpondu.PTCP.RES (3ABS).egon

(2) adibidean, nire kotxea, konpondua egoeran dago, (1) adibidean bezala. Gainera, egoera horretara eraman duen gertaerak kokapen zehatz bat dauka denbora eta espazioan; atzo goizean eta Joxeren garajean. Banaketa hori aditz arruntek erakusten duten modukoa da.

Krajewskak (2012, 2013ab) (2) bezalako modifikazioa duten partizipiozko egiturak perfektutzat hartu ditu, eta haren esanetan, XIX. mendetik aurrera ugarituz joan dira euskaraz idatzitako testuetan.

Datu-basearen emaitzak

Datu-basean lortutako emaitzei dagokienez, (2) bezalako partizipiozko egiturek baiezko erantzuna jaso dute han-hemenka, batez ere mendebalean eta erdialdean, baina baita ekialdeko aldaera batzuetan ere (Goizuetan, Orbaitzetan eta Urdiñarben).

Aipamenak

Berro, Ane. 2019a. «Non-verbal participles in Basque and Spanish». In Berro, Ane, Beatriz Fernández and Jon Ortiz de Urbina (eds.), Basque and Romance. Aligning grammars. Leiden/Boston: Brill. DOI: https://doi.org/10.1163/9789004395398_005  

Berro, Ane. 2019b.  «Basque adjectival participles: stative, resultative or experiential». Glossa: a journal of general linguistics, 4(1): 60. DOI: https://doi.org/10.5334/gjgl.730. 1-37.

Krajewska, Dorota. 2012. «Resultatives in Basque: a diachronic study». Lingua Posnaniensis LIV(2). 56–67. DOI: https://doi.org/10.2478/v10122-012-0014-0  

Krajewska, Dorota. 2013a. The diachrony of resultative constructions in Basque. Vitoria-Gasteiz: University of the Basque Country (UPV/EHU) MA Thesis.

Krajewska, Dorota. 2013b. «Euskarazko egitura erresultatiboaren diakronia [The diachrony of the resultative structure in Basque]». In Ricardo Gómez, Joseba A. Lakarra & Céline Mounole (eds.), 3rd Conference of the Luis Michelena Chair, 264–274. Vitoria-Gasteiz: UPV/EHU Editorial Services.