iii.4. Iraganaldiko adizki analitikoak adizki sintetikodun aditzekin: ekarri nuen, ekartzen nuen (v nekartzan)
Egilea: Itziar Mendizabal
Nola aipatu: Mendizabal, Itziar. (2022). Iraganaldiko adizki analitikoak adizki sintetikodun aditzekin: ekarri nuen, ekartzen nuen (v nekartzan). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=3&e=66&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
Deskribapena

Ekintzen edo prozesuen adierazpenean eta deskribapenean, besteak beste denbora eta aspektua bereizten dira. Denborari dagokionez, lehenaldi, orainaldi eta geroaldiaren arteko bereizketa egiten da, eta aspektua burutua, ez-burutua edo prospektiboa izan daiteke. Denbora eta aspektua hainbat modutan konbinatu daitezke, eta konbinazio horien ondorioz, hainbat denbora eta aspektu irakurketa sortzen dira, esate baterako, lehenaldi burutua (1) eta lehenaldi ez-burutua (2). Aspektu burutua adierazteko partizipioa (aditzoinaren arabera -tu, -i edo -ø amaieraduna) erabiltzen da (1), eta ez-burutua adierazteko, berriz, -t(z)en aspektu marka (2) (Berro 2015; Euskaltzaindia 1997, 2021).

(1) Ate nagusitik sartu ziren
ate nagusi.ABL sar.PTCP 3PL.ABS.izan.PST
(2) Ate nagusitik sartzen ziren
ate nagusi.ABL sar.IPFV 3PL.ABS.izan.PST

Aspektu burutuak esanahi erresultatiboa (Paretak tindatu ditut) edo perfektua (Irailaren 11ko atentatuek munduko politika guztiz aldatu dute) izan ditzake, eta iraganaldi hurbilari erreferentzia egiteko ere erabil daiteke (Gaur goizean ikusi zaitut) (Euskaltzaindia 2021). Aspektu ez-burutuak, aldiz, ekintza baten izaera errepikakorra (Askotan etortzen dira) edota mugagabea (Mutil hura ezagutzen dut) adierazi dezake (Euskaltzaindia 1997, 2021; Hualde eta Ortiz de Urbina 2003); baita ohitura ere (Egunero joaten dira parkera) (Euskaltzaindia 2021).

Lehenaldiko adizki sintetikoak XV. eta XVI. mendeetan aspektu irakurketa burutua adierazteko erabil bazitezkeen ere (Mounole 2011), gaur egun interpretazio ez-burutua besterik ez dute, eta adierazi nahi den irakurketaren arabera hautatzen da forma sintetikoa ala forma analitiko ez-burutua. Oro har, balio edo irakurketa errepikakorra edo ohiturazkoa adierazteko, forma analitikoa erabiltzen da, forma sintetikorik ez duten aditzekin bezala (2). Balio puntukarirako, ordea, forma sintetikoa erabiltzen da (3) (Berro 2015).

(3) Hori gertatu zenean, etxean nengoen
hori gertatu zen.POST etxea.INE 1SG.ABS.egon.PST

Mounolen (2011) arabera, XV. mendetik XVIII. mendera bitartean adizki sintetikoen kopurua erdira murriztu zen, eta galera handiena ebentu adierako predikatuen artean gertatu zen. Mendetako joera horri jarraituz, zenbait hizkeratan egon-en hirugarren pertsonako adizkia eta izan aditzaren adizkiak salbuetsita, lehenaldiko adizki sintetikoak ia galdu dira. Izan ere, adineko hiztunek baino ez dituzte erabiltzen. Adizki sintetiko horien ordez, forma analitiko burutuak erabiltzen dira aspektu irakurketa ez-burutua izan arren (4) (Arretxe 1994; Euskaltzaindia d.g.; Zuazo 2014):

(4) Hori gertatu zenean, etxean egon nintzen
hori gertatu zen.POST etxea.INE egon.PTCP 1SG.ABS.izan.PST

Horrez gain, Euskaltzaindiak (d.g., 2021) eta Zuazok (2014) jaso dutenez, beste hizkera batzuetan lehenaldiko adizki sintetikoen ordez forma analitiko burutugabeak erabili ohi dira (5):

(5) Hori gertatu zenean, etxean egoten nintzen
hori gertatu zen.POST etxea.INE egon.IPFV 1SG.ABS.izan.PST
Banaketa dialektala

Badirudi (4) adibideko hizkera eredua mendebalean jasotzen dela (Arretxe 1994; Euskaltzaindia d.g.; Zuazo 2014); zehatzago, sartaldeko azpieuskalkian eta Busturialdeko eta Durangaldeko tarteko hizkeretan (Zuazo 2014). Hala eta guztiz ere, Zuazoren (2014) sailkapenaren arabera, euskara nafar-lapurtarraren sortaldeko azpieuskalkian kokatuta dagoen Izturitze inguruan ere jaso da (4) adibidea EHHAn (Euskaltzaindia d.g.).

(5) adibidekoa, berriz, iparraldeko hizkera batzuetan gertatzen dela dirudi (Euskaltzaindia d.g., 2021; Zuazo 2014); hain zuzen ere, euskara zuberotarrak hartzen duen eremu gehienean lekukotzen da (tarteko hizkeran izan ezik); baita Sara inguruan (euskara nafar-lapurtarraren sartalde euskalkiko hegoaldean) eta Oztibarre eskualdean ere (euskara nafar-lapurtarraren sortaldeko ekialdean) (Euskaltzaindia d.g.; Zuazo 2014).

Datu-basearen emaitzak

(4) adibideari dagokionez, datu-basean jaso diren datuak bat datoz aurretik beste autore batzuek (Arretxe 1994; Euskaltzaindia d.g.; Zuazo, 2014) ondorioztatu dutenarekin, hau da, lehenaldiko forma sintetikoen ordez forma analitiko burutuak erabiltzen direla mendebaleko sartaldeko azpieuskalkian (Artean, Getxon, Loiun eta Mungian) eta Busturialdean (Gernika-Lumon eta Otxandion). Esan beharra dago Durangaldeko daturik ez dela jaso datu-basean eta, beraz, ezin dela ondorioztatu ea gune horretan ere datuak bat datozen. Horrez gain, Ziburun ere jaso da (4) adibidea, baina ez Izturitze inguruan (Oragarren, zehatzago esateko), EHHAren (Euskaltzaindia d.g.) emaitzak ikusita esperoko genukeen bezala. Posible da hizkera berezitua kostaldera mugitu izana, baina udalerri bakarrean lekukotzea ez da nahikoa ondorio horretara heltzeko.

Bestalde, lehenaldiko adizki sintetikoen ordez forma analitiko burutugabeak erabiltzearen ezaugarria (5) ez da datu-basean inon jaso. Hala eta guztiz ere, horrek ez du esan nahi hizkera-eredu hori desagertu denik. Azken finean, euskara zuberotarra erabiltzen den herri bakarreko datuak jaso dira, Urdiñarbekoak hain zuzen ere, eta hor ez da (5) adibideko hizkera-eredua jaso. Nolanahi ere den, Urdiñarbe geografikoki tarteko hizkera erabiltzen den eremutik gertu dago, eta bertan, aurreko autoreek ere ez dute halakorik jaso (Euskaltzaindia d.g.).

Aipamenak

Arretxe, Jon. 1994. Basauriko euskara. Basauri: Basauriko Udala.

Berro, Ane. 2015. Breaking verbs. From event structure to syntactic categories in Basque. Ph.D. Diss., UPV/EHU and Université Bordeaux Montaigne (UBM).

Euskaltzaindia. 1987. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak II. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1997]

Euskaltzaindia. 2021. Euskararen gramatika. Bilbo: Euskaltzaindia.

Euskaltzaindia. d.g.. «1414: EGON [+pas., ni] / EGON [+pas., ni] / EGON [+past, ni]». Euskararen Herri Hizkeren Atlasa.

Hualde, José Ignacio and Jon Ortiz de Urbina (eds.). 2003. A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter.

Mounole, Céline. 2011. Le verbe basque ancien: étude philologique et diachronique. Ph.D. Diss., UPV/EHU and  Université Michel de Montaigne-Bordeaux III.

Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.