iv.4. Soziatiboa: -kilan (v -kin)
Egilea: Cecilia Fernández
Nola aipatu: Fernández, Cecilia. (2022). Soziatiboa: -kilan (v -kin). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=4&e=27&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
Deskribapena

Aurreko kapituluan (43) azaldu denez, euskaraz soziatiboa (komitatibo ere deitu dena) adierazteko, posposizio bat erabiltzen da. Euskara batuan eta hizkera gehienetan lekukotzen den atzizkia -kin da. Posposizio honen aurrean genitiboa azaldu behar da beti: 

(1) Zurekin etorri naiz
zu.GEN.SOC etor.PTCP 1SG.ABS.izan

Dena dela, zenbait hizkeratan -kin posposizioaz gainera, -kilan atzizkia ere erabiltzen da. Kasu honetan, -kin soziatiboa osatzen duten -ki eta -n osagaien artean, adlatiboarekin antza duen -la- morfema bat tartekatzen dela ageri da. Kasu honetan, -gaz aldaerarekin ez bezala, -kilan posposizioak genitiboaren gainean eraikia behar du, -kin morfemak bezala. 

(2) Airatu da bertze batekilan
aira.PTCP 3SG.ABS.izan bertze bat.SOC
Banaketa dialektala

Zuazok (2014: 136, 258) adierazten duenez, -kilan atzizkiaren eremua ipar-ekialdeari dagokio. Bere deskribapenaren arabera, Ipar Euskal Herri ia osoan erabiltzen da aldaera hau, Lapurdiko mendebaldean izan ezik (Uztaritzeko eskualdean ezartzen du muga). Hegoaldean, aldiz, ez da aldaera hau ezagutzen, eta 43. kapituluan azaldu bezala, -gaz atzizkiarekin batera ageri zaigu hego-mendebaleko hizkera batzuetan.

Bestalde, badirudi -kilan aldaera -kin aldaerarekin batera ageri dela aldaera hau erabiltzen den euskalkietan, hau da, -kilan formak ez duela -kin guztiz ordezkatzen. Alternantzia honen arrazoiak "Eztabaida teorikoa" atalean aztertu ditugu, eta eman dezake esanahiaren ñabardura bat adierazten duela, edo adieraziko zuela noizbait. Gaur egun, ordea, ematen du ñabardura hau lausotu egin dela. Adibidez, alternantzia honen berri ematen du Zuazok (2014: 136) bi formen arteko esanahi desberdintasunik azaleratu gabe, eta berdin egiten du Epeldek (2004a) Larresoro, Ezpeleta, Zuraide eta Itsasuko euskaraz ari dela. Honekin batera, Epeldek (2004a) adierazten du, hizkera hauetan bi formak erabiltzen diren arren, -kilan gutxiago erabiltzen dela.

Datu-basearen emaitzak

Gure datu-basean ageri diren datuek lan dialektologikoetan deskribatu den banaketa azaltzen dute. Nafar-lapurteraz eta zuberotarrez lekukotzen da atzizki hau, Oragarre eta Urdiñarbeko datuetan. Nafar-lapurterari dagokionez, datuek erakusten dute sortaldeko aldaera dela -kilan forma ageri duena, Lapurdiko hizkerek ez baitute aldagai hau lekukotu, izan ere, -kin baino ez da lekukotu Ziburun eta Larresoron. Azken datu hau ez dator guztiz bat Epelderen (2004a) deskribapenarekin, baina egileak berak adierazten duenez (2004: 284) -kilan aldaera gutxiago erabiltzen da, eta, hortaz, hau izan daiteke arrazoia ezaugarri honetan ezezko erantzuna jasotzeko gure datu-basean.

Eztabaida teorikoa

EGLU Ien arabera (Euskaltzaindia 1985 [1991]: 287-288), soziatiboaren forma -(r)ekin da mugagabean, -arekin mugatu singularrean eta -ekin mugatu pluralean. Soziatiboa euskaraz kidetasuna adierazteko erabiltzen da gehienbat, baina baita ere, modu, kausa edo instrumentaltasuna adierazteko, batzuetan instrumentaleko posposizioaren (-z) ordez. Honekin batera, denborazko zentzuan ere erabili daiteke. Euskaltzaindiak (1985 [1991]: 290) Pierre Lafitteren gramatika (1979 [1944]) aipatzen du -ekila atzizkia -ekinen baliokide hutsa ez litzatekeela adierazteko. Izan ere, Lafitteren (1979 [1944]: 60) arabera, -kilan -kinetik bereitzen da -kilanek berarekin dakarrelako “norbaitekin elkartzeko mugimendua” (jatorrizkoan, «un mouvement pour se joindre à quelqu’un») adiera. Aldiz, -kin-ek “elkartze burutua” (jatorrizkoan, «l’union réalisée») adierazten du. Hala ere, Lafittek berak azpimarratzen du euskaldun asko ez direla bereizketa honen jakitun. Hain zuzen, Epeldek (2004a), Larresoroko aldaera aztertzerakoan, ez du ikusten inongo desberdintasunik -kin eta -kilanen arteko erabileran.

Hualde eta Ortiz de Urbinaren gramatikan, Hualdek (2003a: 184) adierazten du soziatibo edo komitatiboa genitiboan oinarritzen dela, nahiz eta genitiboaren atzizkiak duen azken sudurkaria (-ren) ageri ez duen soziatiboarekin elkartzerakoan (-ki). Gramatika honetan adierazten denez, ekialdeko hizkerek (Erronkariera barne hartuta) -ki eta -kila aldaerak dituzte.

Aipamenak

Epelde, Irantzu. 2004a. «Lapurdiko hego-ekialdeko euskararen kokapenerantz». FLV, 36, 96. 271-304.

Euskaltzaindia. 1985. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak I. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1991]

Hualde, José Ignacio. 2003a. «Case and number inflection of noun phrases». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 171-187.

Lafitte, Pierre. 1944. Grammaire Basque (Navarro-Labourdin Littèraire). Baiona: Librairie Le Livre. [Reprinted in 1979. Donostia: Elkar]

Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.