iv.6. Onuraduna: -tzako, -dako, -tako  (v -tzat)
Egilea: Irati Huarte
Nola aipatu: Huarte, Irati. (2022). Onuraduna: -tzako, -dako, -tako  (v -tzat). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=4&e=29&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
Deskribapena

Euskaraz, onuraduna adierazteko -tzat postposizioa erabiltzen da bizidunekin. Onuraduna markatzerakoan, aitzinetik -(r)en genitibo marka agertu behar da (Euskaltzaindia 1985: 297; De Rjik 2008: 113) -(r)entzat forma sortuz. Gainera, bertze edozein postposiziorekin gertatzen den bezala, erlaziozko -ko postposizioa (Hualde 2003b: 204) ere ager daiteke IS-ren aitzinean, izenlagunaren modifikatzaile gisa:

(1a) Liburu hau zuretzat da
liburu hau.ABS zu.GEN.DEST (3ABS).izan
(1b) Zuretzako liburua ederra da
zu.GEN.DEST.REL liburua.ABS ederra (3ABS).izan

Hizkera batzuetan, ordea, -tzat onuraduna erlaziozko -ko postposizioarekin batera ager daiteke IS-rik gabeko testuinguruetan ere. Hizkera hauetako batzuek, gainera, onuraduna markatzeko -tako edo -dako formak erabiltzen dituzte (Hualde 2003a: 183):

(2) Liburu hau zuretzako/tako/dako da
liburu hau.ABS zu.GEN.DEST.REL 3SG.ABS.izan
Banaketa dialektala

Onuradunaren -tzako/dako/tako aldaera hauek Euskal Herri osoan aurkitzen ahal ditugu (Zuazo 2014). Hasteko, nafar-lapurteraren ezaugarria da, hain zuzen, Lapurdiko mendebalean eman ohi da, Ahetze, Senpere eta Ainhoa inguruan (Zuazo 2014: 133). Baina, horrek ez du erran nahi hizkera horietan -entzat erabili ezin daitekeenik, bi aldaerak, -entzat eta -endako leihakideak baitira (Epelde 2004b: 284; Zuazo 2014: 138) batez ere euskara batua zabaldu zenetik (Zuazo 2013: 111). Lapurdiz gain, -endako Zuberoan ere lekukotzen da Hualdek (2003a: 183) biltzen duen bezala:

(3) Ogia günin gük kabalentako
Ogia genuen guk animalientzat’

Nafarroan ere bi aldaerak lehian daude, Bortzirietan, Araitz-Betelun, Larraunen, Basaburuan eta Imotzen adibidez (Apalauza 2008: 83; Zuazo 2014: 274), baita Sakanan ere (Zuazo 2010: 80). Ibarra Murillok (2019: 230) nafarreraz hitz egiten du eta berak ere -endako idazten du:

(4) […] 25 ezaugarri bateratzaile ez esklusiboen sorta nafarrerarendako hauek dira

Horrez gain, mendebaleko hiztunek ere bi formen arteko lehia dute, erraterako, Deba ibarrean eta Durangaldean (Zuazo 2014: 273). Honakoa biltzen dute Agirrebeñak, Sarasuak eta Zenarruzabeitiak (2005: 136-137) Eibarren, izan ere, -endako da bertako aldaera nagusia:

(5) Ona zala, batetik, Eibarko herrixandako

Azkenik, erdialdeko euskalkian ere topatzen ahal da, Goierri aldean batez ere, Legazpin, Zerainen, Seguran eta Zegaman (Zuazo 2014: 273-274). Beasainen, adibidez, -tzako da nagusi nahiz -tzat ere erraten den (Agirrebeña eta bertze 2007: 37):

(6) Sukaldea eta hoi zan festatan, urten behin, inbitatuk getorkiuneako, gonbiatuk, hobeto esanda, ba, haientzako
Datu-basearen emaitzak

Ekialdeko hizkerekin hasiz, Zuazorekin (2014) eta Hualderekin (2003a) bat eginez, Iparraldeko hizkerek -ko darabilte onuraduna egiteko, Larresoron (Lapurdi) eta Urdiñarben (Zuberoa), erraterako. Hala ere, nabarmentzekoa da Ziburuko inkestatuak -tzat hobesten duela nafar-lapurteraz hitz egiten duen arren.

Euskal Herriko Hegoaldearekin jarraituz, Nafarroan -tzako/dako/tako erabiltzen da, adibidez, Baztan eta Erroibar aldean. Erdialdeko bertze hiztunek ere fenomeno hau darabilte, Irunen, Errenterian eta Gipuzkoa erdialdeko bertze herri batzuetan.

Bukatzeko, mendebaleko inkestatu guztiek -tzako/dako/tako nahiago dute -tzat morfemaren ordez: Aramaion (Araba), Bizkaiko kostaldean (Getxo, Lekeitio) eta hegoalderago dauden Gernika edo Otxandio bezalako herrietan. Ondorioz, goitiago aipatu dugun bezala, Euskal Herriko hainbat hizkeratan lekukotzen da onuraduna egiteko forma hau.

Aipamenak

Apalauza, Amaia. 2008. «Nafarroako ipar-mendebaleko euskara: Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu». FLV 107. 63-104.

de Rijk, Rudolf P.G.. 2008. Standard Basque: A progressive grammar. Cambridge (Mass.): MIT Press.

Epelde, Irantzu. 2004b. Larresoroko azterketa. Dialektologia azterketa. Ph.D. Diss., UPV/EHU.

Euskaltzaindia. 1985. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak I. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1991]

Hualde, José Ignacio. 2003a. «Case and number inflection of noun phrases». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 171-187.

Hualde, José Ignacio. 2003b. «Non-finite Forms». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 196-246.

Ibarra Murillo, Orreaga. 2019. Muga eta trantsizioa Nafarroako euskal hizkeretan. RLLCGV XXIV: 227-251.

Sarasua, Asier, Aintzane Agirrebeña and Leire Zenarruzabeitia. 2005. Eibarko euskara. Gure hizketaren doinu eta berbak. Eibar: Eibarko Udala.

Zuazo, Koldo. 2010. Sakanako euskara. Burundako hizkera. Iruña: Nafarroako Gobernua; Bilbo: Euskaltzaindia.

Zuazo, Koldo. 2013. The dialects of Basque. Reno: University of Nevada.

Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.