Soziatiboa (komitatibo bezala ere ezagutzen dena, cf. Hualde 2003a: 184) posposizio baten bidez adierazten da euskaraz. Soziatiborako posposizioa -kin da euskal hizkera gehienetan, eta horietan, genitiboa ageri du aurretik sistematikoki.
| (1) | Zurekin | etorri | naiz |
| zu.GEN.SOC | etor.PTCP | 1SG.ABS.izan |
Hala ere, mendebaleko hizkera askotan, beste atzizki bat erabiltzen da soziatiboa adierazteko: -gaz, hain zuzen. Posposizio honek badu, gainera, aurrekoarekin desberdintasun bat, hain zuzen, ez dela genitiboaren gainean eraikitzen:
| (2) | Zugaz | etorri | naiz |
| zu.SOC | etor.PTCP | 1SG.ABS.izan |
Honekin batera azpimarragarria da -gaz-en hedadura dialektala zabalagoa dela singularrerako pluralerako baino. Izan ere, badira hizkerak Bizkaiko sortaldean (Zuazo 2014: 47) non singularrerako -gaz erabiltzen bada ere, pluralerako -kin erabiltzen den (4). Beste hizkera batzuetan, ordea, singularrerako -gaz eta pluralerako haren aldaera fonologikoa den -kaz erabiltzen da (3).
| (3) | Andreakaz | etorri | naiz |
| andreak.SOC | etor.PTCP | 1SG.ABS.izan |
| (4) | Andreekin | etorri | naiz |
| andreak.SOC | etor.PTCP | 1SG.ABS.izan |
Lan dialektologikoetan maiz adierazi izan denez (Zuazo 2008, 2014, 2017), mendebaleko hizkeraren ezaugarri bereizgarria da -gaz soziatiboko posposizioa. Zuazok (2017: 39) adierazten duenez, izkriburik zaharrenetan ere aurkitzen da eta Arabako testuek ere lekukotzen dute. -Gaz/-kaz ereduaren (3) banaketari dagokionez, pluralerako -kaz atzizkia erabiltzea Bizkaiko sartaldeko hizkeren ezaugarria da; hain zuzen, hau izan da Zuazoren (2017) irizpideetako bat Bizkaiko sortalde eta sartaldeko hizkerak bereizteko. Badira tarteko eremuak, ordea. Zuazoren (2017: 78) arabera, “Busturialdeko ekialdean, Zornotzan, Durangalde gehienean eta Otxandion -kaz eta -kin lehian dira”. Hala lekukotzen da gure datu-basean ere, Otxandioko hizkerari dagozkion datuetan bederen. Izan ere, komeni da gogoraraztea mendebaleko sortaldeko eta sartaldeko azpi-euskalkien arteko muga Otxandio aldeko hizkerak egiten duela hain zuzen, hizkera honek Otxandio, Ubide, Legutio eta Aramaioko Oleta auzoa barne hartzen dituelarik Zuazoren arabera (2017: 99).
Eremu horretatik ekialdera, aldiz, -kin nagusitzen da, bai Durangaldeko ekialdean (Atxondo, Zaldibar, Elorrio aipatzen ditu Zuazok) zein Lea-Artibai eskualde osoan. Ekialderago oraindik, Deba ibarrean, -kin erabiltzen da singularrerako zein pluralerako, gure datu-basean ageri denez (Elgoibar eta Bergarako datuetan), baina Zuazok (2017: 78) ohartarazten du Deba ibarraren hegoaldean, Leintz haranean eta Aramaion -gaz (eta haren aldera den -az) ere entzuten dela. Horixe da datu-base honetan jaso dugun erantzuna hain zuzen, Aramaioko hizkeran (2)ko eredua lekukotuta baitago singularrerako.
Datu-baserako jasotako datuek argi agertzen dute lan dialektologikoetan deskribatutako banaketa geografikoa. -Gaz-en erabilera Bizkaiko hizkeretara mugatzen da, Aramaio ere gehitzen zaielarik. Aldiz, Gipuzkoako mendebaldeko hizkerek -kin erabiltzen dute, Bergara eta Elgoibarreko datuek erakusten dutenez. (2) aldaera deitu duguna, beraz, datu-base honetarako erabili ditugun Bizkaiko herri guztietan eta Aramaion jasotzen da eta hauetan besterik ez. Aldiz, (3) aldaeraren eremua, -kaz pluraleko formaren erabilera jasotzen duena, murritzagoa da: Bizkaiko mendebalde eta erdialdean lekukotzen da (Artea, Gernika, Getxo, Loiu, Mungia, Otxandio), baina ez ekialdean (Lekeitio, Mallabia) ezta Aramaion ere, eta ezta, jakina, Gipuzkoako mendebaldeko hizkeretan ere (Bergara, Elgoibar). Bizkaiko ekialdean eta Aramaion, (4)ko datuetan ikusi daitekeenez, -kin da erabiltzen den aldaera pluralerako (ikus berriro Lekeitio, Mallabia, Aramaio). Kasu berezia da Otxandiokoa, han bietarik jaso baita, bai (3) zein (4)ko eredua. Txandaketa hau hizkera hau bi azpi-euskalkiren tartekoa izatearen ondorio da, "Banaketa dialektala" atalean azaldu den bezala.
EGLUren arabera (Euskaltzaindia 1985 [1991]: 287-288), soziatiboaren forma -(r)ekin da mugagabean, -arekin mugatu singularrean eta -ekin mugatu pluralean. Soziatiboa euskaraz kidetasuna adierazteko erabiltzen da gehienbat, baina baita ere modu, kausa edo instrumentaltasuna adierazteko, batzuetan instrumentaleko posposizioaren (-z) ordez. Honekin batera, denborazko zentzuan ere erabili daiteke. Gramatika honetan azaltzen da bizkaieraz -(r)ekin markarekin batera -gaz eta pluralerako -kaz erabiltzen direla (Euskaltzaindia 1985 [1991]: 289-290). Posposizio honen formak mugagaberako -gaz, mugatu singularrerako -agaz eta pluralerako -ekaz direla azaltzen da, eta beraz, esplizituki adierazten ez den arren, agerian gelditzen da forma hauek ez direla genitiboaren gainean eraikiak, -kin posposizioz osatuak ez bezala.
Hualde eta Ortiz de Urbinaren gramatikan, Hualdek (2003a: 184) adierazten du soziatibo edo komitatiboa genitiboan oinarritzen dela, nahiz eta genitiboaren atzizkiak duen azken sudurkaria (-ren) ageri ez duen soziatiboarekin (-kin) elkartzerakoan. Gramatika honetan adierazten denez, bizkaierako aldaera -gaz da eta hau absolutiboaren gainean eraikitzen da. Mendebaldean gainera, komitatiboa erabiltzen da instrumentalaren zenbait erabileratarako.
Burgete, Xabier and Iñaki Gaminde. 1991. Otxandioko euskaraz. Loroño, Bilbo.
Euskaltzaindia. 1985. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak I. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1991]
Hualde, José Ignacio. 2003a. «Case and number inflection of noun phrases». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 171-187.
Zuazo, Koldo. 2008. Euskalkiak, euskararen dialektoak. Donostia: Elkar.
Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.
Zuazo. Koldo. 2017. Mendebaleko euskara. Donostia: Elkar.


