iv.5. Soziatibo/instrumental alternantzia: -kin, -kilan (v -z)
Egilea: Cecilia Fernández
Nola aipatu: Fernández, Cecilia. (2022). Soziatibo/instrumental alternantzia: -kin, -kilan (v -z). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=4&e=28&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
Deskribapena

Oro har, instrumentaltasuna (tresna-erabilera) adierazteko, euskal gramatikan instrumental bezala ezagutzen den postposizioa (-z) erabiltzen da.

(1) Aizkoraz moztu du enborra
aizkora.INS moztu.PTCP 3SG.ABS.edun.3SG.ERG enborra.ABS

Nolanahi ere, zenbait hizkeratan, -z instrumentalaren ordez, -kin soziatiboa erabiltzen da instrumentala adierazteko.

(2) Aizkorarekin moztu du enborra
aizkora.GEN.SOC moztu.PTCP 3SG.ABS.edun.3SG.ERG enborra.ABS

Horrekin batera, beste zenbait hizkuntzatan -kilan erabiltzen dute testuinguru honetan.

(3) Aizkorarekilan moztu du enborra
aizkora.GEN.SOC moztu.PTCP 3SG.ABS.edun.3SG.ERG enborra.ABS

Aurreko kapituluan (44) esan dugun bezala, Lafittek (1944 [1979]) -kilan atzizkiarentzat ñabardura semantikoak aurkitu zituen arren, ez dirudite esanguratsuak kasu honetarako.

Datu-basearen emaitzak

Datu-basean jasotako datuek emaitza harrigarria ematen dute: datu-base honetan jaso diren hizkera guztiek onartzen dute instrumentaltasuna soziatiboaren bidez adieraztea. Kontuan hartzekoa da datua jasotzeko erabilitako esaldia prototipikoki instrumentala dela: aizkora mozteko erabilitako instrumentua da, ez soilik bitartekoa. Pentsatzekoa da bestelako testuinguruetan soziatiboa beharbada ez litzatekeela onartuko hizkera guztietan.

Eztabaida teorikoa

EGLU I gramatikan (Euskaltzaindia 1985 [1991]: 290-294) instrumentalari dagokion atalaren sarreran bertan adierazten da hizkera batzuetan (“toki askotan”) posposizio hau oso gutxi erabiltzen dela. Hala ere, alfabetatze prozesua joera hau iraultzen ari dela ere ohartarazten da. Bertan esaten da baita ere bizkaieraz bestelako interferentzia bat gertatzen dela. Izan ere soziatiborako posposizioa (-agaz) eta soziatiborakoa (-az) nahastu egin daitezke, eta horrek ere instrumentalaren (itxurazko) erabilera ugaritu dezakeela.

Hualdek (2003a: 184) azaltzen duenez, “instrumental” izena jaso duen posposizioak gehienetan tresna edo bitartekoa adierazten du: giltzaz ireki dugu atea, trenez etorri gara, baina baita ere materia(la): zilarrez, edo gaia: morfologiaz. Hala ere, beste hainbat erabileratan ere aurkitzen dugu, hala nola, denbora adierazteko: goizez, edo hizkuntza: euskaraz. Hala ere, azken kasuotan, sintagmaren barne-egitura konplexuagoa bada, inesiboa aurkitzen dugu instrumentalaren ordez: gaur goizean, hizkuntza honetan. EGLU I-ek “diferentzia” ere aipatzen du; eztarriaz beherago, hau da, konparazioaren estandarra markatzeko erabil daitekeela. Gramatika honetan adierazten da Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat eremutan komitatiboa (alegia, soziatiboa) erabiltzen dela instrumentalaren esanahi “zentraletan”, hau da, tresna edo bitartekoa adierazteko: giltzarekin ireki, eskuekin egin, nahiz eta instrumentalaren erabilera “bazterrekoa” mantendu egin den hizketa hauetan ere, testuinguru murritz batzuetan.

De Rijkek (2008: 737-778) kapitulu oso bat eskaintzen dio instrumentalaren erabilerari. Bere ustez, oinarrizko esanahia “bitartekoa” da baina baita “kausa” ere; hala ere, bere ustez, beste posposizioak egokiak ez direnean ere erabiltzen da. Bere deskribapenean, instrumentala ez da izaten aukera bakarra; bere ustez, Hegoaldeko hizkera askotan (ez du zehazten zeintzuk) instrumentala arkaiko bilakatu da eta beste posposizio batzuekin ordezkatu ohi da. Hegoaldean, soziatiboa guztiz nagusi bilakatu da instrumentalaren aurrean, eta bere ustez, instrumentala, erabiltzen denean, adberbioak eratzeko eratorpen atzizki gisa erabili ohi da. Iparraldeko hizkeretan, ordea, instrumentala ohikoagoa da. Hala ere, sintagma konplexuagoen kasuan, bitartekaritza soziatiboaren bidez adierazten da. Hala ere, idatzizko erregistroan, Hegoaldean askotan soziatiboa erabili ohi da, De Rijken (2008: 738) ustez, erromantzearekiko paralelismoa (con/avec X) ekiditeko.

Aipamenak

de Rijk, Rudolf P.G.. 2008. Standard Basque: A progressive grammar. Cambridge (Mass.): MIT Press.

Euskaltzaindia. 1985. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak I. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1991]

Hualde, José Ignacio. 2003a. «Case and number inflection of noun phrases». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 171-187.