iv.1. Izen sintagma bizidunetako postposizio konplexuak: -gan- (v -rengan-)
Egilea: Jürgen Etxeberria
Nola aipatu: Etxeberria, Jürgen. (2022). Izen sintagma bizidunetako postposizio konplexuak: -gan- (v -rengan-). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=4&e=50&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
Deskribapena

Eredu orokorra. Euskaraz, izen sintagma bizidunetako adposizioen saila osatzeko, biziduntasuna adierazten duen -ga- morfemak beharrezkoa du inesiboa (-n) lexikalizatzea. Gainera, izen sintagma bizidunek -ga- morfemadun postposizio bat hartzen dutenean, genitiboa tartekatu ohi da izen sintagmaren eta -ga- morfemaren artean (-(r)en-ga-n-).

(1) Gizonarengana joan da
gizon.ABS.SG.GEN.ga.ALL joan.PTCP (3ABS).izan

(2) Gizonengana joan da
gizon.ABS.PL.GEN.ga.ALL joan.PTCP (3ABS).izan

Hizkera eredua: Mendebaleko zenbait hizkeratan, izen sintagma biziduna singularra edo zehaztugabea denean, genitiborik gabe azal daiteke. Aldiz, izen sintagma biziduna plurala denean, genitiboa ezinbestekoa da.

(3) Gizonagana joan da
gizon.ABS.ga.ALL joan.PTCP (3ABS).izan

Azpi-hizkera eredua: Mendebaleko hizkera batzuetan, izen sintagma plurala denean ere, genitiborik gabeko formak lekukotzen dira.

(4) Gizonakana joan da
gizon.ABS.PL.ga.INE.ALL joan.PTCP (3ABS).izan
Banaketa dialektala

Aipatutako hizkera ereduek jarraian zehazten den banaketa dialektalean izan dutela aurreikusten da:

Eredu orokorra: Mendebaleko hizkerez bestelako Euskal Herriko hizkera guztietan -(r)en genitiboa tartekatzen da izen sintagmaren eta -ga- morfema bizidunaren artean (de Rijk 2008: 60).

Hizkera eredua (genitiborik ez izen sintagma bizidun singular eta zehaztugabeetan): Mendebaleko hizkera gehienetan erabiltzen da eredu hau (Bizkaian eta Aramaion), ez ordea, Deba ibarreko hizkeretan (de Rijk 2008: 60).

Azpi-hizkera eredua (genitiborik ez bizidunetako paradigma osoan, ezta pluralean ere): hedadura murritzagoa du eredu honek, mendebaleko euskararen erdialdeko eta sartaldeko hizkera batzuetan (Deba ibarrean eta Txorierriko eremu batzuetan izan ezik, gainerakoetan) lekukotzen da, oro har, soziatiboan -gaz singularra eta -kaz plurala bereizten dituzten hizkeretan (de Rijk 2008: 60). 

Datu-basearen emaitzak

Atal honetan jasotzen dira datu-basean emandako erantzunak, ondoren, erantzun hauek dialektologia lanetako sailkapenekin alderatzeko, eta honela, hizkera ereduren baten hedadurak aldaketarik izan duen egiaztatzeko.

Hizkera eredua (genitiborik ez singular eta zehaztugabeetan): Mendebaleko berriemaile gehienek aipatu dituzte genitiborik gabeko postposizioak izen singularretan eta zehaztugabeetan. Honen berri dugu Aramaion, Arratiako Artean, Lekeition, Gernikan, Mungian eta Getxon. Loiuko (Txorierriko) hiztunak ordea, ez du genitiborik gabeko aldaerarik aipatu. Espero zen bezala, Deba ibarreko (Bergara, Elgoibar) berriemaileek ere ez dute genitiborik gabeko aldaerarik aipatu izen sintagma bizidunetako postposizio konplexuen sailean.

Azpi-hizkera eredua (genitiborik ez bizidunetako paradigma osoan): genitiborik gabeko izen berezi pluralen (gizonakana gisakoen) berri eman dute aurretik aipatutako mendebaleko hiztun guztiek (Aramaiokoak, Lekeitiokoak, Gernikakoak, Mungiakoak eta Getxokoak), Arratiako hiztunak izan ezik.

Eztabaida teorikoa

Esandakoa laburtuz, euskaraz eremu zabalenean, izen sintagma bizidunen lokatibo bizidunen saila eratzerakoan, -(r)en genitiboa tartekatzen da izen sintagmaren eta biziduntasuna adierazten duen -ga- morfemaren artean. Mendebaleko hizkera gehienetan (Txorierriko Loiun eta Deba ibarrekoetan izan ezik), izen sintagma mugatu singularrak eta mugagabeak genitiborik gabe erabiltzen dira. Gainera, datu-baseko erantzunetan ikus daitekeen moduan, mugatu singularrak eta mugagabeak genitiborik gabe adierazten dituzten mendebaleko hizkera gehienetan, plurala ere genitiborik gabe adierazten da (Aramaion, Lekeition, Gernikan, Mungian zein Getxon) ez ordea, Arratian.

Hau berau gertatu bide zen Ipar Euskal Herri gehienean ere eta izen berezi singularrak eta mugagabeak genitiborik gabe adierazten ziren eta lekukotasun historikoek ere alternantzia hau bermatzen dute:

(5a) Zertan ezagutzen da Jainkoaganako karitatea (...)? (Materra, 1617)
zer.INE ezagutu.IPFV (3ABS).izan Jainko.ABS.gan.INE.GEN karitate.ABS.DET
(5b) Zuregana gaude oihuz (Materra, 1617)
zu.GEN.gan.INE.ALL (1.PL).egon oihu.INS

Izen sintagma bizidun singularrak izen bereziak diren kasuetan, genitiborik gabeko bizidunetako postposizioak maiztasun handiagoarekin lekukotzen dira. Izenordainen kasuan, ordea, genitiboa tartekatzea ohikoagoa da, bai izen sintagma singularretan eta baita pluraletan ere (Manterola 2015: 45).

Dena den, ohikoena singularreko izenordainak ere genitiboarekin ematea da egun, eta izen sintagma singular eta mugagabeak ere genitiboarekin adierazi ohi dira.

Aipamenak

de Rijk, Rudolf P.G.. 2008. Standard Basque: A progressive grammar. Cambridge (Mass.): MIT Press.

Manterola, Julen. 2015. Euskararen morfologia historikorako: artikuluak eta erakusleak. Ph.D. Diss., UPV/EHU.