iv.2. Partizipiozko erlatiboak: etorritako, etorririko, etorririkako, etorriniko, etorriko (v etorri)
Egilea: Jürgen Etxeberria
Nola aipatu: Etxeberria, Jürgen. (2022). Partizipiozko erlatiboak: etorritako, etorririko, etorririkako, etorriniko, etorriko (v etorri). In Bilbao, Kristina, Ane Odria, Ane Berro, Josu Landa & Beatriz Fernández (eds.), Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV) (3. arg.). UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. [Interneten eskuragarri: https://basqueandbeyond.ehu.eus/biv/?o=chapters&id=4&e=69&h=eu]. ISBN: 978-84-1319-456-1.
Deskribapena

Euskaraz erlatibozko perpausak adierazteko bi baliabide nagusi bereiz daitezke. Batetik, aditz jokatuaren amaieran kokatzen den -(e)n konplementatzailearen bidez sor daitezke erlatibozko perpausak. Bestetik, gisa honetako perpausak partizipiozko erlatiboak erabiliz ere sor daitezke, eta partizipiozko erlatibo hauen artean ez dago orokortzat hartu daitekeen eredu bakar bat.

Hizkera eredua 1: Hizkera batzuetan, partizipiozko erlatiboak egiteko, aditzaren -n, -i, -tu edo partizipioari -tako (-ta partizipio estatiboa eta -ko genitiboa) gehitzen zaio.

(1) Goizean etorritako gizona ezagutzen dut
goiz.INE etor.PTCP.REL/PTCP gizon.ABS.DET ezagut.IPFV edun.1SG.ERG

Hizkera eredua 2: Beste hizkera batzuetan, partitibozko -(r)ik eta -ko atzizkia gehitzen zaizkio aditzaren -n, -i, -tu edo partizipioari.

(2) Goizean etorririko gizona ezagutzen dut
goiz.INE etor.PTCP.PRTV.PTCP gizon.ABS.DET ezagut.IPFV edun.1SG.ERG

Azpi-hizkera eredua 2.1: Zenbait hizkeratan, aditzaren -n, -i, -tu edo partizipioaren ostean -rikako marka ageri da; -rika estatibo zaharraren eta -ko atzizkiaren baturaz sortzen dena.

(3) Goizean etorririkako gizona ezagutzen dut
goiz.INE etor.PTCP.PRTV.PTCP gizon.ABS.DET ezagut.IPFV edun.1SG.ERG

Azpi-hizkera eredua 2.2: Beste hizkera batzuetan, -niko partizipiozko erlatiboa ageri da: -n1 aditz partizipioa + -(r)ik partitiboa + -ko morfemaren baturaz sortua.

(4) Goizean etorriniko gizona ezagutzen dut
goiz.INE etor.PTCP.PRTV.PTCP gizon.ABS.DET ezagut.IPFV edun.1SG.ERG

Hizkera eredua 3: Beste zenbait hizkeratan, partizipioari -ko soilik eranstea nahikoa da.

(5) Goizean etorriko gizona ezagutzen dut
goiz.INE etor.PTCP.REL gizon.ABS.DET ezagut.IPFV edun.1SG.ERG

Hizkera eredua 4: Ekialde zabaleko hizkera batzuetan, aldiz, perpaus erlatiboak partizipio soila erabiliz sortu daitezke.

(6) Goizean etorri gizona ezagutzen dut
goiz.INE etor.PTCP gizon.ABS.DET ezagut.IPFV edun.1SG.ERG

Oharrak

1 Ziurrenik, partizipiozko erlatibo hau analogiaz sortu bide zen, -n aditz partizipio zaharra partitiboarekin batera (-nik) berrinterpretatzetik.

Banaketa dialektala

Aipatutako hizkera ereduak jarraian zehazten den banaketa dialektalean lekukotu izan dira:

Hizkera eredua 1 (erlatibozko partizipioa -ta + -ko): partizipiozko erlatiboak era honetara sortzen dira Hego Euskal Herriko hizkera ugaritan. Gipuzkoan, Sakanan eta Bizkaiako sortaldean -tako da partizipiozko erlatiboa (de Rijk 2008: 493).

Hizkera eredua 2 (-(r)ik + -ko): eredu honek ez du hedadura zehatz bat, dena den, -rik estatibo eredu moderno darabilten hizkeretan lekukotzen da, batez ere, goi-nafarrera hitz egiten den hizkera batzuetan (de Rijk 2008: 492).

Azpi-hizkera eredua 2.1 (-rika estatibo zaharra + -ko): partizipiozko erlatibo honek bizirik dirau nafar-lapurteraz hitz egiten den eremu ugaritan (Lapurdiko Itsasegian) eta goi-nafarreraz hitz egiten den Ekialdeko hizkeretan (de Rijk 2008: 492).

Azpi-hizkera eredua 2.1 (aditz partizipioa + -(r)ik partitiboa + -ko): aldaera hau mendebalean lekukotzen da, erdialdeko eta sartaldeko hizkeretan bereziki (Lea-Artibain, Busturialdean eta Txorierrin),

Hizkera eredua 3 (erlatiboa adierazteko partizipioa + -ko): partizipiozko erlatibo hau da morfologikoki arruntena. Hori dela eta, Nafarroa Garaiko eremu batzuetan (Baztanen) ez ezik, mendebaleko hegoaldean eta Sartaldean erabiltzen da (Arratian, Txorierrin).

Hizkera eredua 4 (partizipio soila): oro har, Ipar Euskal Herriko hizkera guztietan lekukotzen dira aditz partizipio soilaren gainean eraturiko erlatiboak.

Datu-basearen emaitzak

Atal honetan, datu-basean emandako erantzunak jaso eta erantzun hauek dialektologia lanetako sailkapenekin alderatzen dira, honela, hizkera ereduren baten hedadurak aldaketarik izan duen egiaztatzeko.

Hizkera eredua 1: aurreikusi bezala, eredu honen berri eman dute Gipuzkoan (Errenterian, Hernanin eta Itsasondon), gipuzkeraz egiten den Nafarroako hizkeretan (Goizuetan) eta baita Sakanan (Arbizun) eta baita Burundan (Urdiain) ere. Mendebaleko hiztunei dagokienez, eredu honen berri eman dute Deba ibarrean (Elgoibar eta Bergaran) eta Aramaion, baita Sortaldeko hizkera batean (Lekeition), ez ordea, Busturialdean (Gernika). Sartaldeko hizkera batean ere (Mungian), eredu honen berri eman dute.

Hizkera eredua 2: eredu honen berri eman dute goi-nafarreraz egiten den Erroibarren eta baita gipuzkerarekin mugan dagoen Oarsoaldean ere.

Azpi-hizkera eredua 2.1: datu-baseko emaitzek erakusten dutenez, eredu honek ez du hedadura jarraitua. Honen berri eman dute Aezkoa ibarrean eta Lapurdi kostaldean (Ziburun).

Azpi-hizkera eredua 2.2: Mendebaleko ipar-erdialdeko hiztunek darabilte eredu hau (Lekeition, Gernikan eta Mungian).

Hizkera eredua 3: eredu hau ere ez da era jarraituan hedatzen. Aurreikusi bezala, Sartaldeko hizkera batzuetan eredu hau darabiltela adierazi dute (Getxon, Loiun, Mungian eta Arratia Artean). Eremu honetaz gain, Araba iparraldean (Aramaion) ere badarabilte eredu hau, ez ordea, mugakide duen Otxandion. Nafarroa Garaiko mugan (Baztanen) ere eman dute honen berri.

Hizkera eredua 4: eredu honen berri eman dute Ipar Euskal Herriko berriemaile guztiek (Urdiñarben, Oragarren eta Ziburun). Ipar Euskal Herritik kanpo, Nafarroa Garaiko mugako hizkeretan (Baztan eta Aezkoan) ere lekukotzen dela adierazi dute berriemaileek.

Eztabaida teorikoa

Laburbilduz, partizipio erlatibozkoak sortzeko lau eredu nagusitan oinarritzen dira euskal hizkera guztiak. Ipar Euskal Herrian, erlatiboak aditzaren partizipio soilaren gainean sortzea da ohikoena, bestelako morfemarik erabili gabe. Nafarroa Garaiko eta Iparraldeko mugako hizkeretan ere lekukotzen da eredu hau. Gainera, mugako hizkera hauetan eta mendebaleko eremu zabal batean -ko soilik erantsiz sortzen da. Beraz, Nafarroa Garaiko eta Ipar Euskal Herriko hizkera batzuetan eredu bat baino gehiago erabiltzen dela adierazi dute berriemaileek. Gerta liteke eremu berean mugakide diren hizkeretan, aldaera bera ez topatzea (Aramaion eta Otxandion, esate baterako).

Bestetik, partitiboa oinarri duen ereduak eta honen aldaerek erakusten dute hedadura zabalena. Goi-nafarreraz hitz egiten den Oarsoaldean eta Erroibarko gune batzuetan -riko erabiltzen da; Lapurdiko Itsasegian eta Aezkoa ibarreko gune batzuetan -rikako eta Bizkaia iparraldean -niko.

Azkenik, erdialdeko gune zabal batean (Gipuzkoan, Sakanan eta Bizkaia sortaldean) -tako da partizipiozko erlatiboa adierazteko erabiltzen den morfema. Beraz, Bizkaiko sortaldeko hizkera batzuetan ere bi eredu lekukotu dira, partitiboaren gainean eratzen dena eta partizipioa + -ko eredua.

Aipamenak

de Rijk, Rudolf P.G.. 2008. Standard Basque: A progressive grammar. Cambridge (Mass.): MIT Press.