Hurbiltze adlatiboan aldakortasun dialektal handia dago euskal hizkeretan. Eredu orokorrean, -rantz da norabidea adierazteko, hau da, hurbiltze adlatibo gisa, erabiltzen den postposizioa (1). De Rijken (2008: 49) arabera, -rantz atzizkia -ra adlatiboaz eta antz izena baturik sortu zen (lehenago proposamen bera Orixek berak egin omen zuen, Azkueren [1995: 333] arabera). Bestalde, Gómezek (2005), dio -rantz -ra adlatiboa eta *ontz izen zaharra elkartuta sortu zela. Haren proposamenean, *ontz latinezko uersus, uersum-en antzekoa da; beraz, -rantz latinezko ad uersum / uersus egituraren kalkoa litzateke.
(1) | Etxerantz | noa |
etxe.ALL.APR | 1SG.ABS.joan |
Forma beraren kidekoak har litezke mendebaleko sartaldeko azpieuskalkiko -rantza, eta sortaldeko azpieuskalkiko -rutz (Zuazo 2008, 2017). Horiek alde batera, gainerako euskalkietan, morfologikoki desberdin samarrak diren beste forma batzuk ere erabiltzen dira norabidea adierazteko.
Batetik, alde postposizio askeaz (edo ardatz zatiaz) eta adlatibo postposizioaz osaturiko forma aurki genezake.
(2) | Etxe | aldera | noa |
etxe | alde.ALL | 1SG.ABS.joan |
Hizkera eredu horren banaketa morfosintaktikoa eredu orokorrarenaren (1) antzekoa dela dirudi; izan ere, leku izen berezi zein arruntekin erabil daiteke. Ez da hala gertatzen bigarren hizkera ereduarekin, hots, -raka hurbiltze adlatiboaren formarekin (3).
(3) | Etxeraka | noa |
etxe.ALL.ka | 1SG.ABS.joan |
(3) adibideko forman -ra aldatibozko postposizioa eta -ka atzizkia ageri dira. Azken hori batez ere adberbioak sortzeko erabiltzen da euskaraz eta zenbait egilek gertakarien eremuan interpretazio errepikakorra edo iteratiboa (Etxepare 2003; de Rijk 2008; Berro 2015) egotzi diote (e.g. saltoka). Nolanahi ere den, (3)-n ikus daitekeenez, -ka beste eremu batzuetan ere erabiltzen da, postposizioen eremuan, baita zenbatzaile altuekin ere (milaka, zientoka, dozenaka). Horregatik, Berrok (2017) -ka interpretazio metagarria eragiten duen Numero atzizki bat dela proposatu du, eta kategoria bat baino gehiagotan ager daitekeela: aditzekin, izenekin eta postposizioekin.
Atzizkiaren testuinguru morfosintaktikoari dagokionez ere, -raka hurbiltze adlatiboaren banaketa aipatu ditugun beste biena baino murritzagoa dela argi ikus daiteke. Batez ere, leku izen arruntekin (3), edo lekuzko erakusleekin (honeaka) erabiltzen da eta askoz ere maizago postposizio askeekin (goraka, aurreraka, atzeraka). Oro har, -raka ez da onargarria leku izen bereziekin. Hala ere, Bilboraka azpi-hizkera ereduak (4) baiezko erantzun bat jaso du jaso du, Errenterian hain zuzen.
(4) | Bilboraka | joan | da |
Bilbo.ALL.ka | joan.PTCP | (3ABS).izan |
Azkenik, badira beste hizkera eredu bi hurbiltze adlatiboa osatzeko. Bietan erabiltzen da buru postposizio askea (edo ardatz zatia) postposizio instrumentalari lotuta (-z), baina buruk osagarritzat duen postposizio sintagma desberdina da. Lehenengoan, adlatibozko postpozio sintagma hartzen du (etxera) (5), eta bigarrenean, aldiz, datibozkoa (etxeari) (6).
(5) | Etxera | buruz | noa |
etxe.ALL | buru.INSTR | 1SG.ABS.joan |
(6) | Etxeari | buruz | noa |
etxe.DET.DAT | buru.INSTR | 1SG.ABS.joan |
Azken hizkera eredu biei dagokienez (5-6), egile batzuek adlatiboaren eta datiboaren arteko erabilera izen osagarriaren bizigabe/bizidun banaketarekin lotu dute (Pikabea 1993: 218). Nolanahi ere den, Epelderen arabera (2004), adlatiboa bizigabeekin bakarrik erabiltzen bada ere, datiboa bizigabeekin zein bizidunekin erabiltzen da Larresoron. Hortaz, bi egiturak baliokideak lirateke bai esanahiaren aldetik, bai testuinguru morfosintaktikoaren aldetik ere.
Lehen hizkera ereduko formak (2) erdialdeko eta euskara nafarreko zenbat hizkeratan aurki daitezke. Esate baterako, Montoyak (2004: 118) Zugarramurdin eta Urdazubin aldera(t) hurbiltze adlatiboaren berri eman du (e.g. Sara alderat, Frantzia aldera, lezeetako alderat).
Zuazoren (2008: 146) arabera, bigarren hizkera ereduko -raka hurbiltze adlatiboa (3) Gipuzkoan erabiltzen da, toki batzuetan beste batzuetan baino indartsuago.
Azken hizkera eredu biak (5-6) EGLU II-n (Euskaltzaindia 1985 [1991]: 300) jasotzen dira , lehena (5) ekialdekoa dela zehaztuta. Zuazok (2008: 232), aldiz, biak zerrendatzen ditu Ipar Euskal Herriko ezaugarrien artean. Epeldek (2004: 96), esate baterako, Larresoroko hizkeran (nafar-lapurtarra) bi egiturak erabiltzen direla esan du.
Euskara Bariazioan (BiV) datu-basean (2)-ko hizkera ereduak banaketari dagokionez, hizkera eredu hori erdialdetik muturretara goazela hedatu samar dagoela ikus daiteke: erdialdeko aldaera guztietan baiezko erantzuna jaso du, baita mendebaleko sortaldeko aldaera batzuetan (Aramaion eta Elgoibarren) ere. Ekialdera goazela, Ziburun haren berri jaso da, baita euskara nafarreko neurtutako ia hizkera guztietan ere (Orbaitzeta da salbuespena).
Bigarren hizkera eredua (3) Gipuzkoan aurki daiteke Zuazoren (2008: 146) arabera. Datu-baseko emaitzeei begiratzen badiegu, ordea, bi puntutan baino ez dugu baiezko erantzuna jaso: Itsasondon eta Errenterian. Azken honetan, gainera, azpi-hizkera eredua (4) lekukotu da, Errenterian -raka hurbiltze adlatiboa leku-izen bereziekin erabiltzen delako lekukotasuna jasoz.
Azken bi hizkera ereduei dagokienez, datu-basean momentuz (5) egituraren gainean galdetu da bakarrik eta Ipar Euskal Herriko bi herritan baizik ez da baiezko erantzuna jaso: Ziburun (Lapurdin) eta Urdiñaben (Zuberoan). Oragarren ezezkoa jaso da, eta Larresoron ez da galdetu.
Azkue, Resurrección Maria. 1925. Morfología Vasca. Bilbao: Euskaltzaindia. [Berrargitalpena 1969, Bilbao: LGEV, 3 ale].
Berro, Ane. 2015. Breaking verbs. From event structure to syntactic categories in Basque. Ph.D. Diss., UPV/EHU and Université Bordeaux Montaigne (UBM).
Berro, Ane. 2017. «Pluractionality and more. The lexical plural KA in Basque». Ms., Deustuko Unibertsitatea.
de Rijk, Rudolf P.G.. 2008. Standard Basque: A progressive grammar. Cambridge (Mass.): MIT Press.
Etxepare, Ricardo. 2003. «Valency and argument structure in the Basque Verb». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 363-425.
Euskaltzaindia. 1985. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak I. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1991]
Gómez, Ricardo. 2005. «De re etymologica: vasc. -(r)antz "hacia"». In Pilartxo Etxebarria eta Henrike Knörr (eds.), Nirekin yayo nun. Txillardegiri omenaldia. Bilbao: Euskaltzaindia. 273-280.
Montoya, Estibalitz. 2004. Zugarramurdiko eta Urdazubiko euskara. Iruñea: Nafarroako Gobernua.
Pikabea, Josu. 1993. Lapurtera idatzia (XVII-XIX). Bilakaera baten urratsak. Donostia: UPV/ EHU and Kutxa Fundazioa.
Zuazo, Koldo. 2008. Euskalkiak, euskararen dialektoak. Donostia: Elkar.
Zuazo. Koldo. 2017. Mendebaleko euskara. Donostia: Elkar.