v.3. Lokatibo bizidunak: baitan  (v -gan)
Deskribapena

Eredu orokorra. Euskaraz, ohiko lekuzko adposizioez gain, badira izaki bizidunen espazio aldaketak adieraztea ahalbidetzen duten adposizio sail zehatz bat ere. Sail honi lekuzko adposizio bizidunen saila deritzo. Oro har, adposizio bizidunen saila osatzeko beharrezkoa da lekuzko adposizioei (inesiboa, adlatiboa, ablatiboa eta abar) biziduntasuna adierazten duen -ga-1 morfema gehitzea, honela sortzen baitira -ga-n; -ga-n-a; -ga-n-dik.

(1) Ez dut esperantzarik ez ihes-lekurik zugan baizik
ez edun.1SG.ERG esperantza.PRTV ez ihes-leku.PRTV zu.ga.INE baizik

Ikus daitekeen bezala, bizidunen sailean badago azaldu beharreko alde morfologiko bat, inesibo biziduna (-ga-n), gainerako egitura bizidunetatik (ga-n-a; -ga-n-dik) bereizten dituena. Lokatibo bizidunaren kasuan lekuzko adposizio bakarra ageri da, (-n), eta, aldiz, bi lekuzko morfema adlatiboan (-n + -(r)a) eta ablatiboan (-n + -tik). Hau ez da gertatzen lekuzko adposizio bizigabeetan, ez baitago inesiboaren gauzapen morfologikorik adlatiboaren eta ablatiboaren adierazpenean. Beraz, badirudi -ga- morfemak inesiboarekiko nolabaiteko dependentzia duela, hau da, biziduntasuna gauzatzen laguntzen duela inesiboak.2

Hizkera eredua: Nafarroako eta Ekialde zabaleko hizkera batzuetan baita-ren3 bidez ere adierazten da biziduntasuna. Baliabide hau darabilten hizkeretan baita-ri lotzen zaio unean-unean adierazi beharreko lekuzko adposizioa (baita-n -inesiboa-; baita-ra -adlatiboa-; baita tik -ablatiboa-). Gainera, aipatzekoa da baitan-en aurretik ageri den izen ala izenordaina absolutiboa (zu-Ø baitan) nahiz genitiboa (zu-re baitan) izan daitekeela.

(2) Ez dut esperantzarik ez ihes-lekurik zu baitan baizik (Leon Leon, Jesus-Kristoren Imitacionea-tik 1929 egokitutako adibidea)
ez edun.1SG.ERG esperantza.PRTV ez ihes-leku.PRTV zu bait.INE baizik

Azpi-hizkera eredua: Hizkera hauetatik gehienetan, lokatibo biziduna adierazteko erabiltzen den baita aldaeraz gain, bizigabeetako inesibozko adposizioa bere horretan erabiltzen da.

(3) Konfiantza osoa du seme-alabetan
konfiantza oso.ABS.DET edun.3SG.ERG seme-alaba.PL.INE

Oharrak:

1 Biziduntasuna adierazten duen -ga- morfema ergatibozko -k morfemarekin lotu izan dute Lakarrak (2005); *zu-ga > zu-k; eta Etxeparek (2013). 

2 De Rijkentzat (1981), -ga- + -n > -gan morfeman legoke -an inesibozko morfemaren jatorria. Hortaz, etxe-an bezalako inesibo adposizio (bizigabe) batean, -a- morfema ez da determinatzailea batzuetan aztertu den bezala, ez bada -ga- horren arrasto morfologikoa. Bizidunen sailean aldiz, -gan morfema oinarri hartuz eratu bide zen paradigma osoa (Etxepare 2013: 72).

3 Bizidunentzako baita- lokatiboa ez dago lekukotuta Egungo Testuen Corpusean (ETC), bai, ordea, Euskal Klasikoen Corpusean (EKC), baita XX. mendean ere.

Banaketa dialektala

Jarraian zehazten da hizkera ereduek izan duten banaketa dialektala eta hedadura:

Eredu orokorra: Mendebaleko eta erdialdeko hizkera guztietan -ga-n lokatibo biziduna (1), eta gainerako lekuzko adposizio bizidunak erabiltzen dira (Zuazo 2014: 232).

Hizkera eredua (lokatibo biziduna baitan): Ipar Euskal Herriko hizkera guztietan, eta Nafarroa Garaian lekukotzen da (egun Baztanen -engan lekukotzen den arren, baitan agertzen da XVIII. mende amaierako testuetan (Salaburu eta Lakar 2005)), Sakanan, Burundan eta baita galdu diren inguruko hizkeretan ere (Zuazo 2014: 232).

Azpi-hizkera eredua (lokatibo biziduna baitan ala -n ohiko inesiboa): aldaera hau Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaiko ipar-ekialdean jaso izan da (Zuazo 2014: 232).

Datu-basearen emaitzak

Atal honetan datu-basean jasotako erantzunak jasotzen dira. Erantzun hauek dialektologia lanetako sailkapenekin alderatzen dira, bi kasuetan, hizkera ereduen hedadura bat datorren egiaztatzeko.

Hizkera eredua (lokatibo biziduna baitan): Zuberoako (Urdiñarbeko) berriemaileak izan ezik, Ipar Euskal Herriko (Oragarreko, Larresoroko, Ziburuko) berriemaile guztiek darabilte baitan lokatibo biziduna adierazteko. Nafarroa Garaian, Sakanan (Arbizun) eta Burundan (Urdiainen) ere baitan darabilte. Hauez gain, Imotzen eta Ekialdeko hizkeretan (Erroibarren eta Aezkoan) ere, hiztunek baiezko erantzuna eman dute.

Azpi-hizkera eredua: datu-baseko laginean ez da eredu hau aztertu.

Eztabaida teorikoa

Esandakoa laburbilduz, lokatibo bizidunak adierazteko baliabide orokorra lekuzko adposizioei (inesiboa, adlatiboa eta abar) -ga- morfema biziduna gehitzea da, eta hau da mendebaleko eta erdialdeko hizkerek erakusten dutena. Hala ere, Nafarroa Garaian (Sakanan, Burundan, eta abar) eta Ipar Euskal Herri gehienean, lekuzko adposizioak baita-ri lotuz eratzen da lokatibo bizidunen saila. Esanguratsua da, halaber, Zuberoako berriemaileak eredu honen berri eman ez izana, bertara ere hedatzea aurreikusi baita. Azkenik, hizkera batzuetan, bizigabeetako inesiboaren bitartez ere adieraz daiteke lokatibo biziduna.

Aipamenak

de Rijk, Rudolf P.G. 1981. «Euskal morfologiaren zenbait gora-behera». In Euskal Linguistika eta Literatura: Bide Berriak. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea. 83-102.

Etxepare, Ricardo. 2013. «Basque primary adpositions from a clausal perspective». Catalan Journal of Linguistics 12, 1–42.

Lakarra, Joseba A. 2005. «Prolegómenos a la reconstrucción de segundo grado y al análisis del cambio tipológico en (proto) vasco». Paleohispánica: Revista sobre lenguas y culturas de la Hispania antigua 5. 407-470.  

Salaburu, Pello and Maite Lakar. 2005. Baztango mintzoa: gramatika eta hiztegia. Iruñea: Nafarroako Gobernua & Euskaltzaindia.

Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.