Eredu orokorra: Ablatiboak espazio aldaketa baten jatorria edo abiapuntua adierazten du; hau da, espazio aldaketa ‘nondik’ abiatu den. Gaur egungo euskaraz ablatibozko adposizio orokorra -tik da eta aldaera honek du hedadura handiena.
(1) | ene | ondotik |
ene | ondo.ABL |
Hizkera eredua 1: Hizkera batzuetan ohiko -tik ablatiboaz gain, paradigmaren zati batean -(r)ik partitiboa ere ageri da. Forma hau ablatibo morfema zaharraren1 aztarna da, eta ezaugarri hau mendebaleko eta ekialdeko hizkeretan ageri denez, hizkera gordetzaileak direla esan ohi da, jatorrizko aldaerari eutsi baitiote. Esate baterako, Bizkaia mendebaldean -rik ablatiboa ageri da singularrean denbora aldaketa (atzorik hona) zein espazio aldaketa adierazteko.
(2) | ene | ondorik | (Euskaltzaindia 1985 [1991]: 403) |
ene | ondo.PRTV |
Hizkera eredua 2: Bestalde, ekialdeko hizkera batzuetan, aurkako banaketa aurkitzen dugu. Pluraleko paradigman -(r)ik ablatibo zaharraren pluraleko ereduari eutsi zaio eta -etarik ablatiboa darabilte. Singularrean berriz, -tik ablatiboa darabilte.
(3a) | Etxetik | heldu | niz | (MAIHE, Oihartzabal et al. 2009) |
etxe.ABL | hel.PTCP | 1ABS.izan |
(3b) | Behereko | etxeetarik | heldu | niz | (MAIHE, Oihartzabal et al. 2009) |
beheko | etxe.PL.ABL | hel.PTCP | 1ABS.izan |
Hizkera eredua 3: Aipatutakoez gainera, ekialde zabalean zehar, badira singularrean (-r)ik, pluralean -(e)tarik zein mugagabean -tarik, eredu zaharrari eutsi dioten hainbat hizkera ere. Kasu gehienetan, hizkera mintzatuan ablatibozko formak -ik, -(e)taik, eta -taik bilakatu dira.
(4a) | Etxe(r)ik | horra | niz | (PIEPA, Oihartzabal et al. 2009) |
etxe.ABL | hor.ALL | 1ABS.izan |
(4b) | Peko | etxeeta(r)ik | horra | niz | |
beheko | etxe.PL.ABL | hor.ALL | 1ABS.izan | (PIEPA, Oihartzabal et al. 2009) |
Azpi-hizkera eredua 3: Zuberoako beste zenbait hizkeratan, adlatiboarekin gertatzen den bezala, ablatiboaren kasuan ere polimorfismoa irizpide semantikoetan oinarritzen da. Izen arrunten ablatiboa adierazterakoan -ti(k) darabilte, eta bestetik, izen berezien ablatiboa adierazteko -(r)ik aldaera zaharra.
(5a) | Maule(r)ik | jin | da |
Maule.ABL | jin.PTCP | (3ABS).izan |
(5b) | Menditik | jin | da |
mendi.ABL | jin.PTCP | (3ABS).izan |
Hizkera eredua 4: Erdialdeko eta mendebaleko zenbait hizkeratan ablatibozko morfema -ti da. Aldaera hau -(r)ik bezain zaharra ez bada ere, -ti ablatiboa darabilten hizkerak, hizkera gordetzailetzat sailkatu dira.2
(6a) | etxeti |
etxe.ABL |
(6b) | menditi |
mendi.ABL |
Hizkera eredua 5: Erdialdeko hizkera batzuetan -tik(an)3 aldaera azaltzen da ablatiboa adierazteko. Analogiaz partitibora (dirurikan) eta kausatibora (zergatikan) hedatu da aldaera hau. Azken berrikuntza hau Gipuzkoan hauspotu da bereziki (Zuazo 2014: 211).
(7a) | etxetikan |
etxe.ABL |
(7b) | menditikan |
mendi.ABL |
Oharrak:
1 Ariztimuñok (2014) dioenez, ablatiboak zein partitiboak -rik morfema honetan lukete jatorria. Mugatutasuna eta zenbaki bereizketa garatzearekin batera, zehazkabetasuna adierazten zuen -rik morfema partitibo eta ablatibo singularreko morfema bilakatuko da (-etarik pluralean eta -tarik mugagabean). Lehen garai honetan (XVI. mende aurretik), -rik morfemak ablatiboa eta -ti(k) morfemak prosekutiboa adierazi bide zuten euskararen aldaera guztietan. Ondoren prosekutiboa (‘nondik zehar’) adierazten zuen -ti ablatibora hedatuko da (Ariztimuño 2014: 338).
2 Prosekutibotik (‘nondik zehar’) ablatibora hedaturiko -ti aldaerari bere horretan eutsi zaio (Ariztimuño 2014: 338).
3 Aldaera hau Iruñean sortu bide zen eta Lazarragaren eskuizkribuan ageri da dagoeneko (Gaztelatica). Mitxelenaren (1977) ustez, -ti prosekutibo atzizkiari -ka adberbiala atxikiz sortu zen aldaera hau ablatiboa adierazteko, izan ere, XVI. mendean -ti(k) atzizkiak ez zuen ablatibo baliorik (Mitxelena 1977).
Aipatutako hizkera ereduak jarraian zehazten den banaketa dialektalean lekukotu izan dira:
Hizkera eredua 1 (-rik sg.): Honen berri dugu Bizkaiko mendebaldean, sartaldeko hizkeretan (Euskaltzaindia 1985 [1991]: 403; Zuazo 2014: 185).
Hizkera eredua 2 (-tik sg.; -etarik pl.): Lafon (1948), Hualde (2003b: 185), Oihartzabal eta bestek (2009) diotenez, ekialdeko hizkera batzuetan
Hizkera eredua 3 ((-r)ik sg.; -(e)tarik pl.; -tarik mggb.): Ezaugarri honek hedadura zabala du. Iparraldean, Zuberoa gehienean, Baxenafarroan eta Lapurdi gehienean lekukotzen da. Nafarroa Garaian ekialdeko hizkera guztietan paradigma zaharra zerabilten eta darabilte, Baztan ere eremu barruan dagoelarik (Oihartzabal et al. 2009; Zuazo 2014: 244).
Azpi-hizkera eredua 3 (polimorfismo semantikoa: -(r)ik berezietan vs. -ti(k) arruntetan): Hizkera eredu hau da Zuberoako eremu gehienetan erabiltzen dena (Zuazo 2014: 155).
Hizkera eredua 4 (-ti paradigma osoan): Ezaugarri hau gorde duten eskualdeak ez daude geografikoki elkarren ondoan. Bizkaiko mendebaldea, Gipuzkoako Goierri, Nafarroako Sakana, Araitz-Betelu eta Larraun dira eremu gordetzaileak (Zuazo 2014: 211; Hualde 2016).
Hizkera eredua 5 (-tikan paradigma osoan): Gipuzkoa iparraldean (Deba ibarraren iparraldea barne) eta Nafarroa ipar-mendebaldean dauka indarrik handiena (Zuazo 2014: 211).
Atal honetan datu-basean jasotako erantzunak jasotzen dira. Erantzun hauek dialektologia lanetako sailkapenekin alderatzen dira, bi kasuetan, hizkera ereduen hedadura bat datorren egiaztatzeko.
Hizkera eredua 1 (-rik sg.): Bizkaiko mendebaldeko (Getxo, Loiu) hiztunek eredu hau lekukotzen dela baieztatu dute. Hauez gain, Nafarroa Garaiko Baztanen (Arizkun) eta Erroibarren (Mezkiritz) eredu hau erabiltzen dela adierazi dute bertako hiztunek.
Hizkera eredua 2 (-tik sg.; -etarik pl.): alternantzia honen berri eman dute Lapurdi erdialeko (Larresoro), Baxenafarreko (Oragarre) eta Zuberoako (Urdiñarbe) hiztunek. Ekialdeko beste hizkeretako hiztunek (Baztan, Erroibar, Aezkoa) ez dute alternantzia hau erabiltzen denik adierazi.
Hizkera eredua 3 ((-r)ik sg.; -(e)tarik pl.; -tarik mggb.): Zuberoako Urdiñarbeko hiztunak hizkera eredu hau ere lekukotzen dela adierazi du; aitzitik, Baxenafarreko (Oragarre), Lapurdi erdialdeko (Larresoro) eta Nafarroa Garaiko ekialdeko (Baztan, Erroibar, Aezkoa) hiztunek ez dute honen berri eman.
Azpi-hizkera eredua 3 (polimorfismo semantikoa: -(r)ik vs. -ti(k)): Zuberoako Urdiñarbeko hiztunak baiezko erantzuna eman du, bertan polimorfismo semantikoa ere badarabiltela baieztatuz.
Hizkera eredua 4 (-ti paradigma osoan): Eredu hau darabilte Bizkaiko mendebaldeko (Getxo, Loiu, Mungia), Sakanako (Arbizu), Larraun inguruko (Etxaleku, Imotz) hiztunek. Hauez gain, eredu hau lekukotzen dela erantzun dute Debagoienako (Bergara eta Aramaio), Goierrirekin mugakide den Urolako (Beizama), Lapurdi erdialdeko (Larresoro), Erroibarko eta Aezkoako (Orbaizeta) hiztunek, ez ordea, Goierrin (Itsasondo).
Hizkera eredua 5 (-tikan paradigma osoan): Gipuzkoa iparraldeko hiztunek (erdialdekoa: Azpeitia, Hernani, Goizueta (Nafarroan), Errenteria, Irun; mendebaldekoa: Elgoibar) eta Nafarroa iparraldekoek (Etxaleku, Imotz) eredu hau lekukotzen dela adierazi dute. Hauez gain, nafar-lapurteradun hiztunek (Lapurdiko Larresoron eta Baxenafarreko Oragarren) ere aldaera hau darabilte.
Laburbilduz, euskaraz ablatiboa adierazteko aldaera ugari daude, eta ez dago hedaduraz gainerakoei nabarmenki gailentzen zaien aldaerarik. Ablatibozko adposizio orokorra -tik da. Hala ere, hizkera askotan -(r)ik ablatibo-partitibo zaharrari eutsi diote. Kasu batzuetan, paradigmaren zati bakarrean gorde da; singularrean, Bizkai mendebaldean eta, datu-baseko erantzunek adierazten dutenez, baita Nafarroa Garaian (Baztanen eta Erroibarren) ere. Pluraleko -(r)ik, ekialdeko hizkera batzuetan (Lapurdin, Baxenafarren eta Zuberoan) lekukotu den arren, Nafarroa Garaiko ekialdeko hiztunek ez dute honen berri eman. Espero zitekeenaren aurka, paradigma osoan -(r)ik aldaera zaharra erabiltzen dela Urdiñarbeko (Zuberoa) hiztunak baino ez du adierazi. Gainera, Zuberoako Urdiñarben polimorfismo semantikoa ere lekukotzen dela adierazi du. Beraz, hizkera batzuetako hiztunek eredu bat baino gehiago jaso dute.
Hauez gain, erdialdeko hizkeretako hiztunek, prosekutibotik hedatutako -ti aldaera paradigma osoan gorde dela baieztatu dute (Sakanan, Larraunen eta Goierriko mugan dagoen Beizaman). Hala ere, datu-baseko emaitzek -ti aldaera beste hizkera batzuetan ere erabiltzen erakusten dute. Honen adibide dira Bizkaiko mendebaldeko (Getxo, Loiu, Mungia), Debagoienako (Bergara eta Aramaio), Lapurdi erdialdeko (Larresoro), Erroibarko eta Aezkoako (Orbaizeta) Beraz, Bizkai mendebaldean eta Lapurdin eredu bat baino gehiago jaso dira.
Azkenik, Gipuzkoa iparraldean -tikan berrikuntza hedatu dela baieztatzen dute erantzunek. Hala ere, eredu hau uste baino hizkera gehiagotan aurkitu da eta ekialderantz ere hedatu da, nafar-lapurteradun hiztunek (Lapurdiko Larresoron eta Baxenafarreko Oragarren) honen berri eman baitute.
Ariztimuño, Borja. 2014. «The origin of the Basque partitive». In Silvia Luraghi and Tuomas Huumo (eds.), Partitive Cases and Related Categories. Berlin, Boston: De Gruyter Mouton. 323-344.
Euskaltzaindia. 1985. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak I. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1991]
Hualde, José Ignacio. 2003b. «Non-finite Forms». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 196-246.
Hualde, José Ignacio. 2016. «On Basque dialects». In Beatriz Fernández and Jon Ortiz de Urbina (eds.), Microparameters in the grammar of Basque. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins. 15-36.
Lafon, René. 1948. «Sur les suffixes casuels -ti et -rik». EJ 2, [Reprinted in Lafon 1999. Vasconiana (Iker 11), 199-207. Bilbo: Euskaltzaindia]
Mitxelena, Koldo. 1977 [1961]. Fonética Histórica Vasca, 2nd edn. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia.
Oyharçabal, Beñat, Irantzu Epelde and Jasone Salaberria. 2009. Norantz proiektua. [Available in the Internet: http://norantz.org/]
Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.