Eredu orokorra: Adlatiboak espazio aldaketa baten helmuga adierazten du; hau da, espazio aldaketa ‘nora’ gertatu den. Euskaraz adlatibozko adposizio orokorra -ra da eta hau da hizkera gehienetan lekukotzen den aldaera.
| (1) | Parisera | noa |
| Paris.ALL | 1SG.ABS.joan |
Hizkera eredua: Ipar Euskal Herriko hizkeretan adlatiboaren -rat aldaera ere ageri da paradigma osoan ala paradigmaren zati batean (ikus – Azpi-hizkera –).
| (2) | Pariserat | noa |
| Paris.ALL | 1SG.ABS.joan |
Azpi-hizkera eredua: Ekialdeko hizkera batzuetan -ra eta -rat azaltzen dira izen bereziekin, toponimoekin bereziki, baina baita izen arrunten adlatibo plurala eta mugagabea adierazterakoan ere. Bestetik, -(a)lat izen arrunten adlatibo singularrean erabiltzen da soilik. Honi adlatiboaren polimorfismoa deritzo. Gainera, izen arrunten adlatiboa adierazterakoan determinatzaile edo artikulua erabiltzen da. Dena den, zubereraz ohikoak diren asimilazio fonologikoen (bortüalat > bortialat > bortilat) eraginez determinatzailea ez dago agerian.
| (3a) | Maulea | jun | da |
| Maule.ALL | joan.PTCP | (3ABS).izan |
| (3b) | Bortilat | jun | da |
| mendia.ALL | joan.PTCP | (3ABS).izan |
Beraz, (3a) adibidean ageri den -ra adlatiboak eta -rat aldaerak balio bera dute zubereraz. Izan ere, Maule(r)a bezain ohikoak dira Garazi(r)at edo Bordele(r)at bezalakoak.
Beste zenbait kasutan ere -rat erabili ohi da. Esate baterako, zubereraz etxera(t) (’mugagabea’) eta etxiala(t) (< etxealat ‘mugatu singularra’) ezberdinak dira semantikoki. Lehendabizikoak, mugagabeak, ‘nor bere etxea’ adierazten du, eta mugatu singularrak aldiz, ‘beste edonoren etxea’ (Padilla 2017: 237).
Aipatutako hizkera ereduak jarraian zehazten den banaketa dialektalean lekukotu izan dira:
Hizkera eredua (-rat): Aldaera honen berri dugu Ipar Euskal Herrian, Bortzirien ipar-ekialdean (Bera, Etxalar), Baztan iparraldean, Xareta eskualdean (Urdazubi, Zugarramurdi) eta Luzaiden (Zuazo 2014: 257-258).
Azpi-hizkera eredua (polimorfismo semantikoa adlatibo singularrean: -ra eta -rat berezietan vs. -(a)lat arruntetan). Adlatiboko polimorfismo semantikoa (ablatibozko polimorfismoaren gisan) Zuberoan lekukotzen da (Zuazo 2013: 30).
Atal honetan, datu-basean emandako erantzunak jaso eta erantzun hauek dialektologia lanetako sailkapenekin alderatzen dira, honela, hizkera ereduren baten hedadurak aldaketarik izan duen egiaztatzeko.
Hizkera eredua (-rat): Aldaera hau euren tokiko hizkeretan erabiltzen dela adierazi dute Ipar Euskal Herriko (Ziburuko, Larresoroko, Oragarreko eta Urdiñarbeko) berriemaile guztiek, Lapurdiko kostaldetik Zuberoaraino. Hauez gain, Nafarroa Garaiko iparraldean aurreikuspena bete da, Baztango (Arizkun) hiztunak ere aldaeraren berri eman baitu. Aipatutakoez gain, Nafarroako ekialdeko hiztunek ere -rat aldaera lekukotzen dela adierazi dute Errroibarren (Mezkiritzen) eta Aezkoan (Orbaizetan).
Azpi-hizkera eredua (singularreko polimorfismoa: -ra eta -rat vs. -(a)lat): Zuberoako (Urdiñarbeko) hiztunak ez du polimorfismoaren berri eman.
Euskaraz adlatiboa adierazteko aldaera hedatuena -ra da. Hala ere, badira adlatiboa adierazteko erabiltzen diren beste zenbait aldaera ere. Esate baterako, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroa Garaiko iparraldeko hizkeretan -rat da adlatibozko adposizioa. Eremu honetako hiztunek datu-basean eman dituzten erantzunek bat egiten dute aurreikusitakoarekin. Nafarroa ekialdeko (Erroibar eta Aezkoa) hiztunek ere -rat aldaeraren berri eman dute.
Adlatibozko -rat hizpide dugula, aipatzekoa da -ra eta -rat aldaerak esanahi banarekin erabili izan zirela iraganean. Bi aldaerak erabiltzen zituzten nafar-lapurterako hizkeretan1, -rat aldaerak nonbaitera joan eta bertan denbora luzez2 gelditzeko asmoa zela adierazi ohi zuen. Bestetik, joan-etorri laburra egiteko asmoa zenean, -ra aldaera erabili ohi zen. Dena dela, polimorfismo hau ez dago indarrean (Zuazo 2014: 258).
| (4a) | Ameriketarat | joan | da |
| Amerika.PL.ALL | joan.PTCP | (3ABS).izan |
| (4b) | Ostatura | joan | da |
| ostatu.ALL | joan.PTCP | (3ABS).izan |
Gainera, adlatibozko paradigma osoan ez bada ere, lekuzko erakusleen kasuan, -rat aldaerak hedadura zabalagoa erakusten du. Nafarroako eremu zabalean entzun daitezke hunata/honata (‘hona’), horrata (‘horra’) eta harata (‘hara’) gisako erakusleak, baita Basaburuan eta Imotzen (Zuazo 2014: 258).
Azpi-hizkera ereduari dagokionez, Urdiñarbeko (Zuberoa) hiztunak -(a)lat vs. -rat polimorfismoa aipatu ez izana esanguratsua da. Beraz, baliteke zuberotar batzuek oposaketa hau galdu eta Ipar Euskal Herrian ohikoa den eredua bereganatu izana; izen arrunten singularrean ere -rat aldaera erabiliz.
Oharrak:
1 Hizkera batzuetan bi aldaera hauetako bakoitzak esanahi semantiko bana izan badu ere, egun hiztun gehienek aldaera bata zein bestea erabiltzen dute esanahi (‘nora’) berarekin (Hualde 2003b: 185).
2 Aldi luze baterako joateaz ez ezik, -rat aldaeraren bitartez itzultzeko asmorik ez zela adierazi ohi zen, banoa Pariserat perpausean esate baterako. Ostera, banoa Parisera perpausak joan-etorri laburra eta itzultzeko asmoa adierazi bide zuen (Lafitte 1979 [1944]: 60).
Hualde, José Ignacio. 2003b. «Non-finite Forms». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 196-246.
Lafitte, Pierre. 1944. Grammaire Basque (Navarro-Labourdin Littèraire). Baiona: Librairie Le Livre. [Reprinted in 1979. Donostia: Elkar]
Zuazo, Koldo. 2013. The dialects of Basque. Reno: University of Nevada.
Zuazo, Koldo. 2014. Euskalkiak. Donostia: Elkar.


