v.6. Muga-adlatiboa: ra gino (v -raino)
Deskribapena

Bestelako deiturak: Approximatif (Lafitte 1979 [1944]: 60)

Eredu orokorra: Euskaraz, -ra (‘nora’) adlatibozko adposizioaz gain, badira adlatiboa oinarri hartuz eratzen diren beste bi lekuzko adposizio ere. Bi adposizio hauek euskaraz hurbiltze adlatiboa deritzon -rantz direkzionala, eta euskaraz muga adlatiboa deritzon -raino terminatiboa dira. Terminatiboak bide edo espazio aldaketa baten azken muga edo puntua adierazten du. Gainera, nora-k ez bezala, puntu jakin horretatik aurrera igaro ezin delako esanahia ere bere baitan hartzen du (Euskaltzaindia 1985 [1991]: 265).

 Hizkera guztietan zehar orokortutako muga adlatiboa -raino da. Adposizio hau -ra adlatibozko adposizioak eta -(d)ino1 morfema mugatzaileak bat egitean sortzen da, eta ondoren, -raino gisa fosildu da.

(1) azken adarretaraino (Hualde 2003b: 186)
azken adar.PL.ALL.TERM

Hizkera eredua 1: Dena den, terminatiboa adierazterakoan, adlatiboa eta morfema mugatzailea ez dira elkartuta ageri hizkera batzuetan. Dirudienez, adlatibozko -ra morfemarekin elkartu aurretik, gino2 morfema mugatzailea Ardatz Zati edo postposizio aske gisa erabili bide zen. Oraindik ere, Bizkaiako zenbait hizkeratan aurki daiteke gino morfema mugatzailea Ardatz Zati beregain gisa: 

(2) azken adarretara gino (Hualde 2003b: 186)
azken adar.PL.ALL POST

Oharrak:

1 Muga adlatiboaren eraketa azaltzeko bi proposamen nagusi formulatu dira: lehena De Rijk-ena (1995), *-ra + gain + do berreraikirik, eta bigarrena Lakarrarena, *-ra + *(e)din + *non. Azken hau morfologikoki hurbil dago -ra(d)ino & -dino; cf. deno ‘den bitartean’ denborazko adieratik (Padilla-Moyano 2017: 269).

2 Ebidentzia historikoak: «Bizkaiera Zaharrean gino Ardatz Zatia edo postposizio askea absolutibozko osagarrien ere lekukotzen da: RS 81 ynurria guino lagun gura /hasta la hormiga desea côpañía ‘event the ant wants company’.» (Hualde 2003b: 186).

Banaketa dialektala

Aipatutako hizkera ereduak jarraian zehazten den banaketa dialektalean lekukotu izan dira:

Hizkera eredua (-ra adlatiboa + -gino muga morfema beregaina): muga morfema beregaina (-gino) adlatiboarekin elkartu gabe darabilte Bizkaierako zenbait hizkeratan (Hualde 2003b: 186).

Datu-basearen emaitzak

Atal honetan datu-basean jasotako erantzunak jasotzen dira. Erantzun hauek dialektologia lanetako sailkapenekin alderatzen dira, bi kasuetan, hizkera ereduen hedadura bat datorren egiaztatzeko.

Hizkera eredua 1 (-ra adlatiboa + -gino muga morfema beregaina): Bizkaiko hizkeretako berriemaile bakar batek ere ez du eredu honen berri eman.

Eztabaida teorikoa

Laburbilduz, euskaraz muga adlatiboa edo terminatiboa adierazteko modu ohikoena -raino da. Honez gain, muga adlatiboa adierazteko beste modu bat -ra adlatiboa eta -(d)ino muga morfema era bereizian ematea da. Dena den, eredu hau erabiltzea aurreikusten zen bizkaierazko hiztun bakar batek ere ez du aldaera honen berri eman. Aipatutako hizkera eredu honez gain, badira muga adlatiboa adierazteko beste aldaera batzuk ere, datu-basean aintzat hartu ez direnak.

Hizkera eredua 2: Mendebalean -ra arte egitura ere maiztasun handiz erabiltzen da terminatiboa edo muga adlatiboa adierazteko. Ezer baino lehen, zehaztu beharra dago -raino eta -ra artek duten banaketa. Oro har, -raino espazio haremanak adierazteko erabiltzen da, eta -ra arte, berriz, denbora adierazteko:

(3a) basoraino (EGLU I 1991: 267)
baso.PL.ALL.TERM
(3b) arratsalde(ra) arte (EGLU I 1991: 267)
arratsalde.ALL POST

Hala ere, mendebalean -ra arte erabiltzen da muga adlatibo balioarekin (Lezamara arte, etxera arte) eta dirudienez,  arte Ardatz Zatiak -ino morfema mugatzailearen balio bera hartu du. Honetaz gain, -raino denbora adierarekin ere erabiltzen da hizkera gehienetan (gaurdaino eta egundaino) (Euskaltzaindia 1985 [1991]: 268).

Honen berri non: Bizkaia ipar-ekialdean (Lea-Artibai, Busturialdea), Txorierrin, Arratian (Zeanuri) eta Debagoienako eremu batzuetan (Euskaltzaindia EHHA, 2008).

Hizkera eredua 3: Iparraldeko mintzoetan terminatiboa -ra adlatibozko adposizioaren eta denborazko balioa duen -no (‘noiz arte’) morfema soilaren bitartez adierazten da. Elkartze honen emaitza gisa, -rano (izen arrunt bizigabeetan eta izen berezietan) eta -alano aldaerak lekukotzen dira.

(4) bihotzaren barnialano (Padilla-Moyano 2017: 273)
bihotz.SG.GEN barne.SG.ALL.TERM

Honen berri non: Egun Nafarroa Beherean (Euskaltzaindia EHHA, 2008). Zuberoan XIX. mende erdialdera arte (Padilla-Moyano 2017: 272).

Hizkera eredua 4: Zubereraz, terminatiboa adierazteko -lartio (-lat artio) egitura erabiltzen da izen arruntekin eta bizigabeekin. Kasu honetan, muga adierazten duten bi elementu ageri direla ikus daiteke. Batetik, arte Ardatz Zatia ageri da, eta bestetik, -(d)ino muga morfema legoke.

Honek badu bere arrazoia, izan ere, gainerako euskalkietan arte postposizio aske edo Ardatz Zatia erabiltzen da denbora eta espazio muga adierazteko. Bestalde, zubereraz artio (arteino, artino < arte + -(d)ino) da muga balioa duen elementua. Hizkera batzuetan bilakabideak aurrera jarraitu du eta -(a)lat adlatibozko morfemarekin batera fosildu da -lartio.

(5) oihanilartio (Pagola) (Euskaltzaindia EHHA, 2008: 1171)
oihan.SG.ALL.POST/TERM.TERM

Honen berri non: Zuberoan (Euskaltzaindia EHHA, 2008: 1171)

Beraz, datu-basean aztertu diren ereduez gain, badira muga adlatiboa adierazteko beste hiru aukera ere. Batetik, berariazko morfema mugatzailerik ageri ez denean, arte postposizio askeak edo Ardatz Zatiak adierazten lexikalizatzen du muga funtzioa. Bestetik, -ra adlatibozko adposizioaren eta denborazko balioa duen -no muga morfema erabiliz ere adieraz daiteke lekuzko muga adlatiboa. Azkenik, Ardatz Zatiaren eta morfema mugatzailearen baturak ere bete dezake funtzio hau, zubererazko -lartio formak erakusten duen bezala.

Aipamenak

de Rijk, Rudolf P.G. 1995, «Nunc in Old Basque», In José Ignacio Hualde, Joseba A. Lakarra & Robert L. Trask (eds.), Towards a History of the Basque Language. Amsterdam: John Benjamins. 295-311.

Euskaltzaindia. 1985. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak I. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1991]

Euskaltzaindia. 2008. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa. [Available in the Internet: https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_ehha&view=frontpage&Itemid=466&lang=eu&orria=sarrera]

Hualde, José Ignacio. 2003b. «Non-finite Forms». In José Ignacio Hualde and Jon Ortiz de Urbina (eds.), A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 196-246.

Lafitte, Pierre. 1944. Grammaire Basque (Navarro-Labourdin Littèraire). Baiona: Librairie Le Livre. [Reprinted in 1979. Donostia: Elkar]

Padilla-Moyano, Manuel. 2017. Zuberoako euskararen azterketa diakronikoa: XVI-XIX. mendeak. Gasteiz: UPV/EHU.