Aditzek adierazten dituzten ebentuak hainbat motatakoak izan daitezke aspektuari dagokionez. Vendler-ek (1967) ebentuen sailkapen bat proposatzen du, ebentuek semantikoki adierazten duten aspektuan oinarrituta. Hurrengo adibideetan bildu ditugu ebentu mota horien ezaugarriak (a) eta adibideak (b):
(1) | a. Burutzapenak: iraupena eta amaiera puntu zehatza duten ebentuak. |
b. Mirenek zirkulu bat marraztu zuen |
(2) | a. Lorpenak: amaiera puntu zehatza izan arren, iraupenik ez duten ebentu puntualak. |
b. Mirenek altxorra aurkitu zuen |
(3) | a. Egoerak: denboran zehar mugarik ezta garapenik gabe irauten duten ebentuak. |
b. Mirenek frantsesez zekien |
(4) | a. Jarduerak: denboran zehar irauten duten prozesuak. |
b. Mirenek orga bultzatu zuen |
Sailkapenean ikus daitekeenez, hiru propietate erabili zituen ebentu motak ezaugarriztatzeko: telikotasuna, iraupena eta dinamikotasuna. Propietate hauen arabera, ebentu mota bakoitzak jokabide desberdina erakusten du hainbat gramatika testuingurutan. Kapitulu honetan, telikotasunari erreparatuko diogu. Ebentu telikoek –hala nola burutzapenek (1) edo lorpenek (2)–, amaiera puntu zehatz eta berezkoa dute; ebentu atelikoek –egoerak (3) eta jarduerak (4) kasu–, aldiz, denboran jarraitzen dute berezko amaiera puntu gabe.
Ebentu telikoak atelikoetatik bereizteko erabili ohi den ezaugarria dugu denborazko modifikatzaile desberdinekin erakusten duten jokabideari erreparatzea (Vendler 1967; Dowty 1979; Thomson 2004). Batetik, iraupena adierazten duten denborazko modifikatzaileak (durative adverbials) ditugu; bestetik, denbora tarte bat adierazten dutenak (time frame adverbials).
Ebentu telikoekin iraupena adierazten duten modifikatzaileak soilik dira bateragarri, hala nola bi minutu(t)an (5a). Aldiz, ebentu atelikoekin denbora tarte bat adierazten modifikatzaileak baino ezin daitezke azaldu, bi minutuz adibidez (5b).
(5a) | {Bi | minutuan | / Bi | minututan | / *Bi | minutuz} | heldu |
bi | minutu.BN.INE | / bi | minutu.UNBN.INE | / bi | minutu.INS | hel.PTCP | |
naiz | |||||||
1SG.ABS.izan |
(5b) | {Bi | minutuz | / *bi | minutu(t)an} | egin | dut | korrika |
bi | minutu.INS | / bi | minutu.(UN)BN.INE | egin.PTCP | edun.1SG.ERG | korrika |
Izan ere, iraupenezko modifikatzaileek ebentuaren amaiera-puntua barne hartu behar dute; horregatik, ebentu telikoekin soilik dira bateragarri, ebentu mota hauek berezko amaiera puntua baitute, atelikoek ez bezala. Aldiz, denbora tartea adierazten duten modifikatzaileek ez dute ebentuaren amaiera puntua barne hartzen. Hori dela eta, ebentu atelikoekin baino ezin daitezke azaldu.
Euskaraz, aldakortasun dialektala dago denborazko modifikatzaile bakoitza eraikitzeko hautatzen den postposizioari dagokionez. Iraupenezko modifikatzaileek postposizio inesiboa (-n) hartu ohi dute eredu orokorrean (6a). Euskaltzaindiaren (2000, #110 araua) arabera, denbora unitatea jarraia baldin bada, hots, iraupena adierazi nahi bada, inesibo mugatua (-an) erabili behar da.1 Dena den, hiztun askok inesibo mugagabea (-tan) ere onartzen dute.
(6a) | Bi | minutuan | / Bi | minututan | etorri | naiz |
bi | minutu.BN.INE | / bi | minutu.UNBN.INE | etor.PTCP | 1SG.ABS.izan |
Bestalde, denbora adberbio atelikoek ez dute ebentuaren amaiera-puntua barne hartzen. Halakoak, biluzik eta instrumentalarekin (-z) azaldu ohi dira (6b).
(6b) | Bi | minutuz | egin | dut | korrika |
bi | minutu.INS | egin.PTCP | edun.1SG.ERG | korrika |
Dena den, instrumentalaren eta inesiboaren arteko banaketa hau ez da bera hizkera guztietan. Hala, ekialdeko hizkera batzuetan iraupenezko modifikatzailearen burua intrumentala (-z) da, eta ondorioz, denbora adberbio teliko (7a) zein atelikoetan (7b) postposizio berbera azaltzen da.
(7a) | Bi | minutuz | etorri | naiz |
bi | minutu.INS | etor.PTCP | 1SG.ABS.izan |
(7b) | Bi | minutuz | egin | dut | korrika |
bi | minutu.INS | egin.PTCP | edun.1SG.ERG | korrika |
Oharrak:
1 Aldiz, iraupena adierazten ez bada, mugagabea erabili beharko litzateke (Euskaltzaindia 2000, #110 araua). Adibidez: Astean bi egunetan egiten dut yoga.
Goian deskribatutako hizkera eredua (7) ipar-ekialdeko hizkeretan aurki daiteke. Izan ere, euskalkiaren arabera inesiboa zein instrumentala aurki daitezke iraupena adierazteko eta Iparraldeko euskalkietan -z instrumentala gehiago erabiltzen da Hegoaldean baino (Euskaltzaindia 1985: 243).
Datu-basean jasotako emaitzak bat datoz deskribatutako banaketa dialektalarekin. (7a) perpausa, hots, postposizio instrumentala iraupenezko modifikatzaile baten buru daukana, Iparraldeko hizkera guztietan (Ziburu, Larresoro, Oragarre eta Urdiñarbe) lekukotu da. Horrez gain, Hegoaldean Baztango hizkeran ere jaso da (7a) eredua. Hau ez da harrigarria, ekialdeko hizkera izanik Baztangoa, Iparraldeko hizkeretatik hurbil dagoena.
Bestalde, deskribapenean azaldu dugun bezala, denbora esparrua adierazten duten modifikatzaileekin -z instrumentala erabiltzea da eredu orokorra (6b, 7b). Horregatik, Iparraldeko eta Baztango hizkerez gain –hau da, (7a) eredua onartzen dutenez gain– Hegoaldeko hainbat mintzotan ere jaso da (7b) eredua.
Euskara nafarraren ekialdean, Orbaizetan jaso da (7b) hizkera ereduaren berri, ez ordea Erroibarren. Nafarroaren ipar-mendebaldean, berriz, (7b) perpausa Imotzen lekukotu da baina ez Sakanan (Arbizu), ezta iparraldean Goizuetan ere. Beraz, badirudi euskara nafarrean hizkera batetik bestera desberdintasunak daudela.
Aldiz, erdialdeko euskalkian aztertutako hizkera guztietan lekukotu da (7b)-ko hizkera eredua (Irun, Errenteria, Hernani, Beizama eta Itsasondo). Mendebaldeko euskalkian, bi hizkeratan bakarrik jaso da: sortaldean Deba ibarrean (Bergara) eta sartaldean Loiun.
Atal honetan gogoeta teoriko bat ekarri nahi izan dugu. Ikusi dugunez, ipar-ekialdeko hizkera batzuetan denbora modifikatzaile mota biek, bai iraupena bai denbora tartea adierazten dutenek, postposizio instrumentala dute buru. Geure buruari egin diezaiokegun galdera interesgarria litzateke ea zer den hizkera hauetako ereduan aldatzen dena: modifikatzailearen izaera ala aditzak adierazten duen ebentua interpretatzeko modua. Hots, aukera bat litzateke pentsatzea hizkera hauetan, denbora tarte mugatua ez ezik, instrumentalak iraupena ere adieraz dezakeela. Aldiz, beste aukera bat da instrumentalak hizkera orotan denbora tarte mugatua adieraztea eta, ekialdeko hizkeren kasuan, etorri aditzak adierazten duen ebentuaren irakurketa mugagabe bat egitea.
Dowty, David. 1979. Word meaning and Montague Grammar. Dordrecht: Reidel.
Euskaltzaindia. 1985. Euskal Gramatika: Lehen Urratsak I. Iruñea: Institución Príncipe de Viana eta Euskaltzaindia. [Reprinted in Euskaltzaindia. 1991]
Euskaltzaindia. 2000. Hiztegi Batua. Bilbo: Euskaltzaindia.
Thompson, Ellen. 2006. «The Structure of Bounded Events». Linguistic Inquiry, 37(2), 211–228.
Vendler, Zeno. 1967. Linguistics in philosophy. Ithaca, N.Y.: Cornell University Press.